Sokatirari eutsiko diote. Joan den astean, Nafarroako Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko sindikatuek —LABek, Afapnak, CCOOk, ELAk eta UGTk— grebara deitu zuten apirilaren 9rako, eta, horren ondotik, Nafarroako Gobernuak fitxa mugitu zuen. Ostiralean egindako bileran, konpromisoa hartu zuen «astero» biltzeko, baina hori ez da nahikoa izango. «Beharrezkoa da foro bat sortzea, baina edukia gehitu behar zaio», azaldu du ELAko Izai Bujandak. Gaur goizean, sindikatuek greba deialdia erregistratu dute Nafarroako Jauregian.
Deialdia erregistratu aurretik, Bujandak eta Unai Alaba CCOOko ordezkariak hitz egin dute komunikabideen aurrean. Alabaren esanetan, langile publikoen estatutua «zaharkituta» dago. Berritu gabea da 1993tik, eta sindikatuen eskari nagusia, hain zuzen, hura berritzea da, «egungo garai eta beharretara egokitzeko». Esan dutenez, erreforma horrek barne hartu behar lituzke gainerako eskariak ere: «Testu horrek konpromisoak jaso behar ditu, eta ez soilik hitzez: bermeak ere izan behar ditu, ikusteko modukoak eta aurrekontuetan islatuko direnak», zehaztu du.
«Gobernuaren testu horrek konpromisoak jaso behar ditu, eta ez soilik hitzez: bermeak ere izan behar ditu».
UNAI ALABA CCOOko ordezkaria
Horregatik egingo dute greba. Otsailetik urrira bitartean, estatutua berritzeko negoziazioetan murgilduta egon ziren, baina sindikatuek salatu dute geroztik gobernuak gerarazi egin duela negoziazioa. Hain zuzen ere, martxoaren 17an grebarako deialdia aurkeztu zuten sindikatuek, eta, ordutik, bi mugimendu egin ditu gobernuak. Batetik, blokeoa amaitzeko eta astero biltzeko asmoa agertu zien ostiralean. Bestetik, aipatu zuen bi aldeen interesak uztartuko dituen akordio bat lortuz gero prest zegoela planifikazio ekonomikoa egiteko —orain arte esan die ez zegoela horretarako dirurik—.
Sindikatuen irudiko, aldaketa horiek ez dira nahikoak. Bujandaren arabera, ez dute argazki osoa ikusi. Izan ere, orain arte Nafarroako Gobernuak ez die osorik erakutsi estatutua aldatzeko bere testua. Urrira arteko bileretan, eskarietako bakoitza aztertzeko lantaldeak osatu ziren bi aldeen artean. «Lantalde horietan, puntuz puntu ari ginen lanean, eta gobernuak proposamen batzuk egiten zituen, zehaztu gabe puntuetako batek nola baldintzatu zezakeen bestea».
«Indar korrelazioa erabat desorekatuta dago. Sindikatuak itsu-itsuan gabiltza. Ezin dugu jakin zenbateko aurrekontua izango den neurriak ezartzeko».
IZAI BUJANDAELAko ordezkaria
Hori dela eta, Bujandak uste du indar korrelazioa «guztiz desorekatuta» dagoela, gobernuak bai baitaki noraino hel daitekeen: «Sindikatuak itsu-itsuan gabiltza. Ezin dugu jakin zenbateko aurrekontua izango den neurriak ezartzeko». Hain zuzen, uste du ados jarriko direla «betiere gobernuak hala nahi badu». Desoreka hori hausteko erabaki dute grebara jotzea. «Behartuta gaude greba egitera, indar harreman hori ez dadin izan hain desorekatua eta langileek euren haserrea adieraz dezaten».
Sei batzar
Apirilaren 9an, funtzio publikoko 30.000 funtzionario eta langile kontratudun daude grebara deituta, eta horiei gehitu behar zaizkie udaletako langile publikoak. Martxoaren 19tik apirilaren 2ra bitarte, sei batzar egingo dituzte, Iruñean eta Tuteran, egoera eta eskari bakoitzaren nondik norakoak azaltzeko. «Batzarrek balio digute tenperatura hartzeko eta oharrak biltzeko mahaira eraman beharreko neurrien inguruan. Nabaritu dugu bide onean goazela», aipatu du Bujandak.
Preseski, batzar horietan ikusi dute langile publikoak «gogaituta» daudela. Komunikabideei azaldutakoaren arabera, langileek mezu zuzen bat helarazi diete sindikatuei. «Aurrera egiteko eskatu digute, eta uste dute hau ezin dela apirilaren 9an amaitu», adierazi du Bujandak.
ESKAERAK
- Estatutua. Langile publikoen estatutua hitzartu nahi dute, 1993tik berritu gabea baita, eta egungo garaietara egokitu. Aterki handi horretan bilduko lirateke gainerako eskaera gehienak.
- Karrera. Administrazio publikoko langile guztiei baldintza berak ezartzea karrera profesionalari dagokionez.
- Behin-behinekotasuna. %8ra apaltzeko konpromisoa hartzea.
- Lantaldea. Langile taldea behar bestekoa izatea eta horretarako baliabideak indartzea.
- Soldatak. Nafarroako KPIren arabera igotzea, erosahalmenik ez galtzeko.
- Kontziliazioa. Lana eta familia uztartzeko baldintzak berritzea.
- Osasun legea. Gobernuak foru legearen proiektuan proposatutako aldaketak bertan behera uztea. Osasunbidearen eta Nafarroako Laneko eta Osasun Publikoko Institutuaren izaera juridikoa aldatu nahi dute lege horren bidez. Enpresa sozietate publiko bihurtuko lirateke, eta sindikatuek uste dute langile kontratudun berrien baldintzak okertu egingo liratekeela.