Duela hilabete inguru, Nafarroako Gobernuak 2025etik 2028ra arteko enplegu plana aurkeztu zuen, CEN patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin batera. Bada, edukia aztertu ostean, oso gogor mintzatu da ELA, eta, hain zuzen, Imanol Pascual koordinatzaileak salatu du patronala eta bi sindikatu horiek finantzatzea dela planaren helburua: «Porrot egin duen politika bat da, eta ez die aurre egiten prekaritatearen arrazoiei».
Iruñeko ELAren egoitzan prentsaurrekoa egin dute Imanol Pascualek eta Saioa Urriza Ekintza Sozialeko arduradunak, eta planaren edukia xehatzen duen hamabi orrialdeko azterketa bat aurkeztu dute. 2000. urtetik sei plan sinatu dira —aurrekoa, 2021ean—, eta, ELAren arabera, «aurrekoak bezala, ez da eraginkorra, ez baitie erantzuten prekaritatea sortzen duten arrazoiei».
Hitzartu berri den planak bost ardatz nagusi ditu, eta 552 milioi euroko poltsa du horiek finantzatzeko. Lehiakortasunari dagozkion neurrietarako izango da diru gehien: 276 milioi. Enplegu politika aktiboetarako neurriei dagozkien 269 milioi euroak Espainiako Estatuko diru kutxetatik finantzatuko dira, eta, ondorioz, diru gutxi geratuko da lan osasunerako, berdintasunerako eta lan harremanetarako. «Lehentasunak CENek zehazten ditu», kritikatu dute.
ELAk uste du planak ez diela erantzuten lan munduko arazoetako askori, hala nola prekaritateari, lan istripuei, genero arrakalari eta enplegu publikoko arazoen zergatiei. «Erantzukizun osoa kentzen zaio prekaritatea ezartzen duen patronalari eta, enplegatzailerik handiena den neurrian, Nafarroako Gobernuari». Horri loturik, kritikatu egin du CENek beto eskubidea izatea bere interesei kalte egingo dion neurri oro blokeatzeko.
Bereziki larria iruditzen zaie lan istripuen gaia lehentasunezkotzat ez hartzea. Planaren bitartez, egonkortu egingo dute lurraldeko prebentzio arloko ordezkariaren figura. ELAren arabera, neurri hori «ez da batere eraginkorra», eta, hura egonkortu ordez, prebentzio arloko ikuskatzaileak eta baliabideak indartu behar lituzke administrazioak.
Mutualitateen aldeko neurria
Arretaz erreparatu diote lan osasunaren arlorako hitzartu diren puntuetako bati. Planean, helburu gisa jarri da absentismoa bi puntu apaltzea, eta, horretarako, akordioak modua ematen du mutualitateek langileen traumatologiako gaixo agiriak kudeatzeko. Puntu horrek erreferentzia egiten dio 2023an Espainiako Elkarrizketa Sozialean hitzartutako beste akordio bati: aukera ematen du erkidegoak, Gizarte Segurantza eta mutualitateak elkarlanean aritu daitezen, kontingentzia horietaz arduratzeko.
ELAk uko egin zion 2023ko akordio horri, eta Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari galdetu zien ea akordio hori betetzeko prest ote ziren. Nafarroari dagokionez, jaso dute erantzuna. ELAk gogora ekarri du Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak atzera bota zuela akordio hura. «Urtebete pasatxo geroago, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak enplegu planaren bidez bultzatu dute».
ELA oso kritiko izan da betidanik enplegu planekin, iruditzen baitzaio hura sinatu duten sindikatuek ontzat jotzen dutela finantzaketa publikoa jasotzea «desmobilizazioaren truke». Oroitarazi du 2.000 milioi euro finantzatu direla orain arte. Gaineratu du eredua «antidemokratikoa» dela, gaur egun UGTk eta CCOOk ordezkaritza sindikalaren %50 baino gutxiago dute eta —UGTk %24,7 du, eta CCOOk %24—.
ELAko ordezkarien ustez, azken bi enplegu planen ondorioz Nafarroako Gobernuak UPNren eredua berreskuratu du. «PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bere egin dituzte Miguel Sanzen eta Yolanda Barcinaren garaiko langileen aurkako politika antidemokratikoak».