Nafarroako Gobernuak 553 milioi euro jarriko ditu datozen lau urteetan enpleguari lotutako neurriak finantzatzeko, eta ekintza horien bitartekari zuzenak izango dira CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa, CCOO eta UGT. Hiru eragile horiek eta gobernuak 2025etik 2028ra arteko enplegu plana sinatu dute gaur goizean, Nafarroako Jauregian. 387 neurri aurreikusi dituzte egitasmoan.
Ekitaldian parte hartu dute Maria Txibite gobernuko lehendakariak, Manuel Piquer CENeko presidenteak, Alfredo Sanz CCOOko Ekintza Sindikaleko idazkariak eta Jesus Santos UGTko idazkari nagusiak —ostiralean kargua utziko du, eta Lorenzo Rios izendatuko dute UGTren kongresuan—. Piquerrek adierazi du «oso kontentu» daudela, eta Santosek «historikotzat» jo du akordioa.
Elkarrizketa sozial deritzonaren testuinguruan egin da akordioa. UPNren agintaldian, lau enplegu plan sinatu ziren, eta Uxue Barkosen gobernuak bertan behera utzi zituen, baliabide publikoak gehienbat erakunde horiek finantzatzeko baliatzen zirela iritzita. Alta, PSNk elkarrizketa sozialari ekin zion gobernuaren gidaritza hartu zuenetik, eta 2021ean enplegu plana sinatu zuen. Haren segida da oraingoa.
%98,5Planaren diru banaketa. Sinadura ekitaldian, azaldu dute bost ardatz nagusi dituela planak, eta bakoitzak diru sail bat izango duela: lan istripuak eta lan arriskuen prebentzioa (4,7 milioi euro), aukeren berdintasuna (2,3 milioi), lehiakortasuna (276 milioi), lan harremanak (344.000 euro) eta enplegu politika aktiboak (269 milioi). Hots, lehiakortasunak eta enplegu politikek eramango dute aurrekontuaren %98,5.
Txibitek industriaren egoera izan du hizpide. Igandean, Nafarroako industria babesteko manifestazio jendetsua egin zen Iruñean, eta kezkatuta daude ikusita azkenaldian zein larri dauden hainbat enpresatan. Txibiteren arabera, Nafarroa «ondo» dago, baina munduko egoerak ziurgabetasun handia eragiten du. «Jarraituko dugu lanean industria modernizatzen eta dibertsifikatzen, talentuaren eta berrikuntzaren ekosistema bultzatzen, eragile guztiekin batera. Nafarroaren ongizatearekin konprometituta daude, enplegu planaren sinatzaile garen aldetik».
Planaren sinatzaileek adierazi dute dela lan heriotzak murriztea dutela lehentasun, gutxienez %20 murriztea. Prebentzio arloko Nafarroako ordezkaritza indartuko da, eta lan istripu gehien dituzten enpresetan jarriko da arreta. In itinere gertatzen diren istripuak eragozteko, enpresetan mugikortasunari buruzko plan bat bultzatuko dutela diote.
Gizon eta emakumeen arteko berdintasunari dagokionez, berdintasun arloko ordezkari bat izendatuko dute enpresetan berdintasun planak bultzatu ditzan ordezkaritza sindikalik ez duten enpresetan.
Enplegu plana du izenburutzat akordioak, baina bertan diote azpiegitura handiak bultzatuko dituztela. Hala nola AHTa, Nafarroako Ubidea, aireportua eta errepide sarearen hobekuntza.
24Aurreko planari buruzko datuak. Aurreko planak 600 milioi euroko finantzaketa izan du, eta adierazi dute neurrien %94 bete dituztela. 394 neurri inguru aurreikusi zituzten, eta adierazi dute horietatik 24 «ezin izan» direla bete eta hurrengo planean beteko dituztela. Zehazki, 92 amaitu dira, beste 261 «irekirik» daude, eta 24 ez dira egin.
ELAren kritika
ELA eta LAB sindikatuek ez dute parte hartu, oso kritiko baitira eredu horren inguruan. Aurreko plana ikusita, ELAk alderdi sozialistari leporatu zion hiru erakunde horien mesedetan berrekitea enplegu planei. Sindikatuaren aburuz, helburu propagandistikoa du, neurriek ez dute zehaztasunik, ez dago egiaztatzerik neurriak beteko direla, politika publikoetako asko pribatizatzen ditu, diru sail batzuk erakundeetako egiturak eta ordezkariak finantzatzeko erabiltzen dira, eta sindikatuen arteko berdintasun aukera urratzen du, besteak beste.