Nastaten datuek adierazten dute suspertze betean dagoela Nafarroako ekonomia. Estatistika erakundearen arabera, 2024ko lehen hiru hilekoan %0,9 hazi zen barne produktu gordina, 2023ko azken hiruhilekoarekin alderatuz gero. Duela aste batzuk aurreratutakoa baino hamarren bat gehiago da, eta kopururik handiena 2022ko hasieratik.
Hamarren bat hobetu da urte arteko datua ere: 2023ko lehen hiruhilekoan baino %2,1 handiagoa da orain BPGa Nafarroan. Datu horrek egiaztatzen du moteltzeari utzi diola ekonomiak, aurreko hiruhilekoan %1,5ekoa izan baitzen hazkundea.
Zerbitzuena da gehien indartzen ari den sektorea (%2,4, urte arteko tasan), eta, horren barruan, ostalaritza eta merkatuko beste zerbitzuak nabarmendu ditu Nastatek. Baina hori bezain esanguratsua da industriak ekarpen positiboa egin diola hazkundeari, -%0,7tik %1,3ra igaro baita. Halaber, eraikuntza sendotu egin da, %1,3tik %2,1era igarota.
Eskariari erreparatuz gero, kontsumo pribatua da ekonomiaren motorra, %3,2 hazi baita azken urtean, kontsumo publikoaren (%2,2) eta inbertsioaren gainetik (%1,3). Kanpo sektoreak, berriz, ekarpen negatiboa egin du, esportazioen jaitsieraren ondorioz.
Enplegua ere hasieran esandakoa baino hamarren bat gehiago hazi da, %2raino. Lanpostu gehien merkatuko zerbitzuetan sortu da (+%2,7), baina hazkundea izan da industrian (+%1,2), nekazaritzan (+%0,6), eta baita eraikuntzan (%0,4) ere.