Koronabirusa

Nafarroako ekonomia izoztu da, %4,1 uzkurtu baita martxora arte

Iazko hiruhilekoarekin alderatuta, barne produktu gordina %2,8 apaldu da. Saizen arabera, ekonomia %6,4 eta %9 bitartean eroriko da aurten, eta 2022ra arte ez da itzuliko lehengora

Nafarroako ekonomia izoztu da, %4,1 uzkurtu baita martxora arte.
joxerra senar
Iruñea
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Hamabost eguneko laginak jada erakutsi du zenbateraino eragin dion koronabirusaren krisiak Nafarroako ekonomiari. Alarma egoera ezarri arte, «bide onetik» zihoan ekonomia, baina martxoa amaitu arteko bi asteek «aurrekaririk gabeko datuak» utzi dituzte Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren hitzetan. Izan ere, urtarriletik martxora bitartean, barne produktu gordinak %4,1 atzera egin zuen, iazko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta; 2019ko epe bereko hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, ekonomia %2,8 uzkurtu zen. Hiruhilekoko datuak hobeto islatzen du geldialdiaren tamaina. Horri gaineratuz gero enpleguaren %2,4 galdu dela eta 3.290 langabe gehiago daudela, ezkortasunak zipriztindu du makroekonomia. Eta okerrena iristeko dago.

Hala ere, Nafarroa ez da uharte bat, Euskal Herriko gainerako lurraldeen joera islatzen baitu. Eustatek iragan astean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak aurreratu zituen, eta tamaina bereko kolpearen berri eman zuen: lehen hiruhilekoan %3 atzeratu zen ekonomia eta %4,5, urtebeteko erreferentzia hartuz gero.

Ekonomiaren bi aldeak

Saizek lehen hiruhilekoko datuak aurreratu besterik ez zuen egin atzo, eta, azterketa zehatzago baten zenbakien zain, koronabirusak ekonomiaren bi aldeak jipoitu ditu, hala eskaintza nola eskaria. Eskaintzari dagokionez, martxoko datuek agerian uzten dute «industrian eta zerbitzuetan produkzioa nabarmen erori» dela. Ezaguna da aspaldidanik Volkswagenek Nafarroako ekonomian duen itzal luzea, eta horregatik Landabengo fabrikak martxoaren 16ean ateak itxi izanak eragin zuzena izan du; auto ekoizpena %49 murriztu baitzen martxoan —asteon ekin dio fabrikak produkzioari—. Era berean, adibidez, hoteletako egonaldiak %62,5 gutxitu ziren iragan hilean, eta autobideetako ibilgailuen joan-etorriak, berriz, %45 murriztu ziren.

Eskariaren aldean, adibidez, autoen matrikulazioa %68,5 jaitsi zen, eta saltokien fakturazioa biltzen duen txikizkako merkataritzak %14 egin zuen behera. «Kontsumoak izan duen geldialdiaren berri ematen digute datu horiek», azaldu zuen Saizek.

Alarma egoeran, enpresek aldi baterako 6.500 espedientetik gora tramitatu dituzte, eta ia 56.000 langileri eragin diete. Hala eta guztiz ere, babes koltxoi hori ez da nahikoa izan eta langabeziak gora egin zuen nabarmen, martxoan: otsailarekin alderatuta, 3.290 langabe gehiago zeuden. «Datu negatiboa da, kolektibo ahulenei eragiten dielako», esan zuen Saizek.

Gizarte Segurantzan izena ematen dutenen kopuruak ere behera egin zuen: otsailarekin alderatuta, 6.900 afiliatu gutxiago daude erregistratuta. Gehienak, 6.200, zerbitzuen sektorearen geldialdiaren ondorio dira, gehienbat ostalaritzaren ondorio. Halaber, eraikuntzan 600 afiliatu gutxiago daude. Dena den, Saizek uste du Nafarroak abiapuntu hobea duela ondorioak kudeatzerako orduan: «Espero dugu gure egitura ekonomikoak, lan merkatu sendoagoa izateak eta Nafarroako Gobernuak hartutako neurriek lagunduko dutela eragin sozialak leuntzen».

Lehen datuok agerian utzi dute gobernuak hasieran egindako kalkuluak espero zirenak baino ezkorragoak direla. Elma Saizen arabera, aurten %6,4 eta %9 artean egingo du atzera ekonomiak, eta «2022an itzul daiteke» aurreko egoerara. Hortaz, pandemiaren bilakaerak etorkizun ertainean nola eragingo duen guztiz jakin gabe, gobernuak baztertu egin du V itxurako susperraldi azkar baten aukera.

Errenta aitorpena

Datuok eman ondoren, Parlamentuko kontrol saioan, 2019ko errenta aitorpenari buruzko xehetasun batzuk azaldu zituenSaizek. Bere hitzetan, 200.000 aitorpen inguru automatikoki itzultzeko asmoa dute, eta guztira 74 milioi euro itzuliko dizkiete kobratzea egokitu zaien zergadunei, maiatzaren 11n. Saizen arabera, aitorpenen erdia automatikoa izateak lana erraztuko dio ogasunari, baita herritarrari ere,«ez baitu ezer gehiago egin beharko». Osasun krisiaren ondorioz arreta presentziala kendu dute, baina ehundik gora lagun kontratatu dituzte, aldi berean 50 telefono dei hartzeko modua egon dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.