Nafarroako barne produktu gordina (BPG) bizkor ari da hazten, eta orain arteko aurreikuspenak gainditu ditu. Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendariaren arabera, aurten ekonomia %2,1 handituko da, urte hasieran espero baino sei hamarren gehiago. Dena den, Madariagaren ustez, «baliteke motz geratzea». Ez du baztertzen urte amaieran «beste lau hamarren» igotzea, eta hori, BPGari dagokionez, oso koska handia da. Datorren urtean, berriz, %1,9ko hazkundea aurreikusten du finantza erakundeak.
Iazko ekonomiari buruzko txosten ekonomikoa aurkeztu du Laboral Kutxak, Iruñeko Tres Reyes hotelean. Nafarroako Gobernuko hainbat kontseilari, parlamentariak, Iruñeko Udaleko agintariak eta mundu ekonomikoko ordezkariak bertaratu dira. Hogei urtetik gora darama Laboral Kutxak agerraldi hori egiten, baina, aurkezpenean atzera begiratu ordez, egungo egoera orokorra aztertzeko eta aurrera begirako nondik norakoak azaltzeko baliatu ohi du abagunea.
«Argazkia askoz ere hobea da. Nafarroako ekonomia Europakoa eta AEBetakoa baino sendoago ari da hazten».
JOSEBA MADARIAGALaboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria.
Europako Batasunak eta AEBek baino «dinamismo handiagoa» azaldu du Nafarroako ekonomiak. «Argazkia askoz ere hobea da», nabarmendu du Madariagak.
Mundura begira, Amerikako Estatu Batuetako jarduera ekonomikoa «azkar eta ongi» ari da handitzen, hiruhilekotik hiruhilekora %0,5 eta %1 arteko erritmoan. Zerbitzuak sendo daude, baina industrian arazoak daudela antzematen du Madariagak, eta atzean «mundu mailako joera» dagoela azpimarratu du. Lan mundua sendo badago ere, ahulgune batzuk antzematen dira, eta, «seinale misto» horiek ikusita, AEBetako Erreserba Federalak interes tasak jaisten dihardu.
Herrialde industrializatuetan nekez ikus daitezkeen hazkunde tasak ditu Txinak oraindik ere, baina, Madariagaren ustez, aurten gobernuak ezarritako %5eko helburutik behera haziko da. Batetik, higiezin sektoreak «ahulezia zantzuak» ageri ditu azken urteetatik. Bestetik, 2016tik hona munduan areagotu egin da desglobalizazio prozesua, eta tokian tokiko produkzioa babesteko neurriek kalte egin diote munduko fabrika den Txinari. Diru eta zerga politikan, gobernuak eta banku zentralak horri aurre egiteko neurriak hartu dituzte.
Euroaren eremua, ahul
Euroaren eremuan, berriz, ekonomia ahul ari da hazten. Urte hasieran, ez zen baztertzen BPGak atzera egitea, eta, azkenean jarduerak gorantz egin badu ere, kezka da nagusi. Ukrainako gerraren ondotik izan den krisi energetikoak bete-betean eragin dio Alemaniari, eta hari aurre egin nahirik dabil bertako industria. Horri gehituz gero biztanleriaren zahartzea eta egiturazko beste arazo batzuk, «ez da espero asko haztea ekonomia».
Frantzian, ekonomia %1,1 haztea espero dute batez beste ekonomistek. Dena den, Madariagaren ustez, zenbait adituk euren kalkuluetan ez dute aintzat hartu %6,1eko defizit handia murrizteko Frantziako Gobernuak hartu nahi dituen neurriek ekonomian eragingo dutela.
Espainiako ekonomia, berriz, sendo ari da hazten, %2tik gora. Madariagaren arabera, «egiturazko aldaketa sakonak» izan ditu 2011ko finantza krisi handitik. Datu bati erreparatu nahi izan dio. Duela hamabost urte, aurreko finantza krisian, kontu korronte defizita zuen, eta, ondorioz, atzerritik finantzatzen zuen bere barne jarduera; gaur egun, berriz, BPGaren %4ko superabita du Espainiak, eta, ondorioz, ekonomia oro har aurrezten ari da.
%2Inflazioa eta interes tasak. Aurten Europako Banku Zentralak %4tik %3,25era jaitsi ditu interes tasak. Urtea amaitu bitarte, beste %0,25 jaistea espero du Madariagak. Aldaketa handirik ezean, beherantz jarraituko du datorren urtean, eta uda aldera %2ra heltzea espero da. Hain zuzen ere, %2ko inflazioa espero da datorren urterako —hain justu, %2ko inflazioa izan ohi du helburu EBZk—.
Nafarroari begira, barne eskaria da jardueraren motor nagusia; sendien kontsumo ahalmena, administrazio publikoaren gastua eta enpresen inbertsioa, alegia. Azken urteetako inflazioak ez du galgatu familien eskaria, neurri handi batean lan mundua sendo dagoelako. Hiletik hilera %2ko erritmoan handitzean ari da Gizarte Segurantzako afiliatu kopurua, kasurako.
Laboral Kutxak eta finantza erakundeek nabaritu dute dinamismo hori maileguak ematerako orduan. Javier Kortajarena Nafarroako zuzendariak adierazi du enpresen finantzaketa «%20 baino gehiago» handitu dela, eta familiena «%10 baino gehiago». Ukrainako edo Ekialde Hurbileko tentsio geopolitikoek ingurune ekonomikoari kalte egin badiezaiokete ere, «baikortasun zuhur bat» da nagusi, goraipatu duenez.
Mikel Irujo Industria kontseilariak gogora ekarri du, hain zuzen ere, duela bi urteko aurkezpenean urte hartako inflazioa %14ra heltzea espero zela eta azkenean egoerak hobera egin duela. Arastik, berriz, bat egin du Laboral Kutxak egindako aurreikuspenekin. Gobernuak uste du ekonomia aurten %2,2 handituko dela, eta datorren urtean, %1,8.