Aurreikuspenak erraz gainditu zituen iaz Nafarroako ekonomiak. Urte hasieran, gobernuak iragarri zuen ekonomia %1,5 handituko zela, eta datu hori aise gainditu zen urte amaieran: barne produktu gordina %2,7 handitu zen. Nastat estatistika erakundeak urtarrilean aurreratutako datua berretsi du orain.
Dena den, laugarren hiruhilekoko datuak agerian uzten du hazkundea indarra galtzen ari dela. Lehen hiruhilekoan %0,9koa zen hazkundearen erritmoa, baina, hiruhilekoz hiruhileko, hamarren bat moteldu da, eta urteko azken hiruhilekoan %0,6 izan da —urtarrilean aurreratutakoa datua baino apur bat hobea, dena den.
2023ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, %3,1eko egoera izan da. Eskaintzaren ikuspegitik, batezbesteko horren gainetik handitu dira zerbitzuak eta merkatu zerbitzuak —%3,2 eta %3,4, hurrenez hurren—. Industria, berriz, %2,5eko erritmoan handitu zen laugarren hiruhilekoan.
Galga inbertsioari
Eskariaren ikuspegitik, berriz, sendien kontsumoa sendo handitu zen iazko azken hiruhilekoan (%3,6). Adierazgarria da ekipo ondasunen inbertsioa nabarmen moteldu zela urte amaieran: hirugarren hiruhilekoan %3,2an igo zen inbertsioa, eta laugarrengoan, %1,7. Baliteke egoerak enpresei piztu dien ezkortasunaren isla izatea datu hori.
Lan merkatuari dagokionez, enpleguak %2,5 egin zuen gora iaz. Industrian sortu dira enplegu gehien (+%3), eta zerbitzuetan ere joera ona izan da (+2,5).
Nastaten datuen arabera, soldatapekoen errenta %6,9 handitu zen, autonomoen eta enpresaburuen irabazi estimazioen gainetik (+3,9).
Hego Euskal Herriko lurraldeei begira, Nafarroako ekonomiak dinamismo handiagoa izan zuen iaz. Eustat-en arabera, iragan urtean batez beste %2,2 handitu zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia.