Nafarroako barne produktu gordinak %8,3ko beherakada izan zuen 2020an. Nastat Nafarroako Estatistika Institutuaren arabera, «aurrekorik gabeko» beherakada izan da; nabarmen gainditu du 2009koa (-% 2,6). Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %9,5 txikitu zen iaz BPGan, eta Europako Batasunean, %4,6, batez beste. 1936ko gerratik ikusi gabeko kopuruak dira, eta Europako okerrenetarikoak; turismoa jarduera nagusia duten lurraldeek soilik izan dituzte kaskarragoak.
COVID-19k baldintzatutako urtea izan da, bereziki bigarren hiruhilekoan. Hirugarren hiruhilekoan susperraldia hasi bazen ere, Nastatek azpimarratu du pandemiaren ondorengo olatuek eta horri aurre egiteko hartutako neurriek ekonomiaren moteltzea eragin zutela: urritik abendura, BPGa %0,3 baino ez zen igo, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Eskaintzaren ikuspegitik, jarduera ekonomiko ia guztietan nabaritu da Nafarroako ekonomiaren atzerakada, eta merkatu zerbitzuetan (ostalaritzan, garraioan...), bereziki; %9,3koa izan da jaitsiera. Industriak, berriz, %5,8ko beherakada izan du, eraikuntzak % 3,9koa, eta nekazaritzak% 3,2koa. Merkatukoak ez diren zerbitzuek, berriz, % 4,5eko tasa positiboa izan dute.
Kontsumoa eta enplegua
Kontsumoan oro har %5,9 jaitsi da. Kontsumo pribatuan nabaritu da gehien (%7 jaitsi da urte osoan), nahiz eta azken bi hiruhilekoetan jarraian goranzko joera agertu duen. Soilik administrazio publikoen kontsumoa edo kontsumo publikoak egin du gora 2020an (% 5,9).
Esportazioak %5 jaitsi dira, eta inportazioak % 3,5 uzkurtu dira, eta, beraz, BPGari egiten dion ekarpena negatiboa da.
Enpleguari dagokionez,% 4,3 jaitsi da. Eta soldatak %2,4 murriztu dira; % 7,9, autonomoen kasuan. Lehen sektorean %1,5 jaitsi da enplegua, eraikuntzan % 2,1, industrian % 4,4 eta zerbitzuetan %7.