Hamabi ordutik gorako lanaldiak, gaueko lanaren plusa eta arriskuarenak ordaindu gabe, nominen faltsutzeak, segurtasun neurri gutxi, lanerako tresneria «oso zaharra»... Nafarroa erdialdean, Tafallako Monte del Planoko tunelaren eraikitze lanetan diharduten hainbat langileren testigantzak bildu ditu AHT Gelditu plataformak, azken hilabeteetan. Lekukotzek eurek bizitakoa eta ikusitakoa jasotzen dute, eta lan baldintzen urraketa larrien berri ematen dute. «Abiadura handiko trena XXI. mendeko azpiegitura da, baina XIX. mendeko lan baldintzak ditu», azpimarratu dute Julio Villanuevak eta Enea Anduezak, taldeko eledunek. «Esklabotza modernotzat» jo dute langileen egoera.
Iruñean, goizean, prentsaurrekoa eman dute, hainbat gizarte eragilerekin batera. Salaketarekin bat egin dute EH Bilduk, Zurekin Nafarroak, ELAk, LABek, ESK-k, CGTk, CNTk, Iruñerriko Kontseilu Sozialistak, Jardun Koordinakundeak, Langile Autodefentsa Sareak, Haritu Elkarlaguntza Sareak, Sos Arrazakeriak eta Martes al Sol taldeak. Jakinarazi dutenez, lan ikuskaritzari eman diote irregulartasunen berri. Halaber, AHTaren eraikuntza lanetako esplotazioa «Euskal Herri osoko AHTaren obretako gainerako tuneletan ere» gertatzen dela nabarmendu dute. Ezkutatutako errealitate horren berri eman zuen Urko Apaolaza Argia-ko kazetariak, Zuloan bere liburuan.
Lan erritmo handia
Bildutako testigantzen arabera, «lanaldi nekagarriak» dituzte, hamabi ordu baino gehiagokoak. Zehazki, Anduezak adierazi du hogei orduko lanaldiak ere egin izan dituztela. Ez dute lan ordutegirik kontrolatzen, eta salatu dute ondoren nominak «faltsutu» egiten dituztela: «Aparteko orduak ez dira zenbatzen eta ez dituzte dagokien moduan ordaintzen. Gainera, ostatuaren kostua hileko soldatatik kentzen zaie langileei. Ez dira kontuan hartzen arrisku plusak, ez eta gaueko lanarena ere». Adierazi dutenez, lan erritmo handiari eusteko, «behartuta, drogen kontsumo handia» dago. «Kontsumo hori enpresek sustatzen dute», gaineratu dute.
Jakinarazi dute lanaldi luzeak eta lan arriskutsua izanagatik segurtasun handirik ez dagoela. «Ez dago norbera babesteko ekipamendurik, eta, istripuren bat gertatuz gero, langileek eurek artatzen dute euren burua». Osasun etxera euren kabuz joan behar izaten dute.
Enpresek aldez aurretik izaten dute lan ikuskatzailearen bisitaren berri, «iragarritako egunean neurri egokiak hartzeko eta legea betetzen dutela adierazteko». Horrez gainera, eragileek salatu dute diesel makinekin egiten dutela lan, eta kutsadura kimikoa eta akustikoa jasaten dutela. «Hori larriagotu egiten da babeserako ekipamendurik ez dagoelako». Ohartarazi dute laneko tresneria eta makineria «oso zaharra» dela, «egoera txarrean» dagoela eta «arriskutsua» dela.
11Zenbat langile hil diren AHTaren lanetan. AHT Geldituk salatu du lan segurtasuneko baldintzak ez direla betetzen. Gogorarazi du urteotan Euskal Herrian 11 langile hil direla trena eraikitzeko lanetan.
Obra horien adjudikazioa aldi baterako enpresa elkarte batek du. Alta, AHT Geldituk azaldu du enpresa nagusiek lana azpikontratatu egiten dutela eta, aldi berean, haiek euren jarduera azpikontratatzen dutela. «Azpikontrata kate bat da». Horiek horrela, esan du lan baldintzetan alde handiak daudela azpikontraten artean. «Mekanismo ezin hobea da abusuzko praktikak sustatzeko». Azaldu dutenez, langile migrante ugari daude enpresa horietan, eta «arrazakerian eta homofobian oinarritutako tratu iraingarria ematen zaie langile arrazializatuei». Salatu dute mespretxuak, irainak eta mehatxuak «etengabeak» direla.
Baldintza horietan «lardaskeria eta ustelkeria» nagusi direla dio plataformak. «Zuntzaren erdia tunelaren estaldurarako hormigoiaren nahasketan erabiltzen da. Horrek tunelaren segurtasunari eragiten dio, hura apalduz, eta, aldiz, beste elementu batzuk sobera jartzen dira, eraikuntzaren gainkostuak kobratu ahal izateko», kritikatu dute irmo. Makinek olio ihesak dituztela eta hori dena «lur azpian» ezkutatzen dela diote.
Erakunde publikoei eskatu diete ez dezatela beste aldera begiratu. «Estatuko eta autonomia erkidegoetako administrazioek erantzukizuna dute. Baina enpresekin bat egin, eta beste aldera begira jarraitzen dute».
testigantza
2023an eta 2024an Tafallako tuneletan lan egin zuten langileetako baten testigantza jaso dute, hitzez hitz. Hona pasarte batzuk:
«Hamabi, hamalau, hemezortzi eta hogei ordu lan egin izan dugu. Langile asko kexatzen ziren, baina arduradunak mehatxatzen zituen esanez botako zituztela, espedientean X bat jarrita [...] Sei eta zazpi astez gauez lan egin nuen, eta ez zidaten txanda aldatu nahi. Horrek nire jokabidea aldatu zuen, lo egiteko arazoak nituen [...] Abusua etengabea da, errespetu faltak eta umiliazioak».
«Segurtasun neurriak ezartzea erabat ezinezkoa da [...] Lau eta bost metroko altueran, arnesik gabe eta beste ezer gabe lan egiten genuen. Alkoholaren presentzia ia iraunkorra da. Pertsonak lo geratzen dira makinekin, istripuak dituzte tunel barruan, eta gauza horietako asko ez dira argitara ateratzen, enpresarekin eta arduradunekin ongi konpontzeko».
«Beste enpresa batzuen aurkako abusuak handiagoak ziren. Zergatik? Portugaldarrak edo Afrikatik etorritakoak ziren, eta ez zuten hizkuntza menperatzen. Etengabe egiten zieten irain, edo manipulatu egiten zituzten, eta lanaldiari eusteko substantziak kontsumitzera behartzen zituzten».
«[Istripu bat izan nuen] eta nire autoarekin joan behar izan nuen ospitalera. Inor ez zen erantzule egin [...]. Istripuak etengabe gertatzen dira, egunero, matxurak etengabeak direlako. Protokolorik ez dago. Burdin hari batekin konpontzen da dena, aliketekin eta eskularrurik gabe. Intentsitate handiko argindarrarekin egiten da lan, presio handiaren pean».
«Ez dago sindikaturik. Norbaitek sindikatua aipatu eta kaleratu egiten dute. Errendimendu apala egozten dizute. Hori erabiltzen dute aitzakia gisa».
«Nire lankideekin etxebizitza batean nengoen alokairuan, ez oso egoera onean. Etxebizitza zaharkituta zegoen, ez genuen berogailurik, eta enpresak argindarra mozten zigun».