Nafarroako langile publikoek greba eguna dute bihar. Bi urte baino gehiago iragan dira aurreko greba egin zutenetik, iragan legealdiaren amaieran. Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko bost sindikatuen arabera —LAB, Afapna, CCOO, ELA eta UGT—, foru administrazioko eta udaletako langileak «gogaituta eta haserre» daude, estatutua berritzeko negoziazioak korapilatuta baitaude azken urtebetean. Horri beste arrazoi batzuk gehitzen zaizkio: behin-behinekotasuna oraindik %8 baino handiagoa dela eta azken urteetan erosahalmena galdu dutela, kasurako.
Sindikatu deitzaileek espero dute grebak presio egingo diola gobernuari eta elkarrizketak bizkortzera behartuko duela. Berez, greba egin aurretik ere, jada begien bistako emaitzak eman ditu. Izan ere, martxoaren 17an iragarri zuten sindikatuek deialdia, eta ordutik gobernua mugitu egin da: bi aldiz elkartu da sindikatuekin, eta astero biltzeko asmoa azaldu die. Gainera, proposamen batzuk mahaigaineratu dizkie. «Gure ustez, ekintza sindikalaren zuzeneko ondorio bat da», azpimarratu du CCOOko Unai Alabak.
«Gure ustez, gobernuaren azken mugimenduak ekintza sindikalaren zuzeneko ondorioak dira»
UNAI ALABACCOOko kidea
Gobernuaren keinu horiek ez dute ezer aldatu, eta bost sindikatuek greba egiteko asmoari eutsi diote. Berez, Nafarroako Gobernuko eta erakunde autonomoetako 30.000 langile daude deituta biharko —Osasunbidea, INAI, Euskarabidea, Nafar Lansare, Foru Ogasuna edo Lan Osasuneko Institutua erakundeetakoak, kasurako— . Horri gehitu behar zaizkio udaletako langileak, bederen sindikatuek ordezkaritza duten tokiko erakundeetakoak.
1
Estatutua
Negoziazioen muina 1993ko langile publikoen estatutua da. Langileen baldintzen aterkia da, sektore publiko osoarentzako «lan hitzarmen moduko bat». Esparru zabal bat biltzen du: lanbide karrera, aplikazio eremua, langileen sailkapena, baimenak eta eszedentziak, funtzio publikoaren antolamendua, meritu lehiaketak, lanpostu mugimenduak, sendia eta lana uztartzeko baldintzak... 32 urte luzez aurreko gobernu guztiek beste baterako utzi dute zeregin hori, eta testua «oso zaharkituta» geratu da, LABeko Isabel Artiedaren hitzetan. «Oso atzean geratu da. Hainbeste urte pasatu dira, dena aldatu baita: informatika, profilak, prozedurak... Gauza asko modernizatu behar dira».
Akordio programatikoan PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hitzartu zuten langile publikoen estatutua berritu egin behar zela legealdi honetan. Iragan astean erronka «anbiziotsu» horri heldu nahi ziola berretsi zuen Amparo Lopez Funtzio Publikoko kontseilariak, Nafarroako Parlamentuan. «Lan konplexua da. Gauza bat argitu nahi dugu: estatutu berria lotuta dago behar besteko aurrekontua egotearekin», zehaztu zuen. «Kontseilariaren hitz horiek ez gaituzte batera lasaitu», onartu du Jesus Elizaldek. «Ez du konpromiso zehatzik azaldu, dena hitz hutsalak izan dira. Kezkatuta utzi gaitu», gaineratu du.
«Kontseilariaren hitzek ez gaituzte lasaitu. Ez du konpromiso zehatzik azaldu, denak hitz hutsalak izan dira»JESUS ELIZALDEUGTko ordezkaria
Estatutuak eremu zabala hartzen badu ere, lanbide karrera da «gai izarra», Elizalderen hitzetan: «Hau da, administrazioko langile guztientzako azterketa objektibo bat egitea. Ikusi egin behar da hori nola egiten den». Beldur da gai hori azkenerako utzi nahi ote duten.
Artiedaren arabera, Funtzio Publikoko Departamentuak gidoi moduko bat aurkeztu zien, besteak beste, administrazioko arreta hobetzeko, baina ez da aurrerapausorik egon. Argi du estatutua berritu egin behar dela. «Egun dugun estatutua berritu ezean, ez da posible».
2
Epeak eta finantzaketa
Elkarrizketen testuinguruak garrantzi berezia du. Iazko otsailean hasi ziren, eta hiru lantalde berezi eratu ziren —lanbide karrerari buruzkoa, zerbitzu publikoei buruzkoa eta administrazioa egungo beharretara egokitzekoa—. Sindikatuak kexu azaldu dira negoziazioetan gobernuak ez dielako proposamen oso bat aurkeztu, eta «itsuan» doazen irudipena izan dute. «Oso zaila egiten zaigu testu orokor bat ez izateak, adabakiekin aurrera egitea ezinezkoa baita. Ez dakigu zer dagoen atzean», dio Alabak.
Hasieratik, egutegi bat aurkezteko eskatu dute sindikatuek, eta beranduenez urte amaierarako epemuga jartzeko. Izan ere, akordioa datorren urtera atzeratuz gero, litekeena da finantzaketa 2027ko aurrekontuetara atzeratzea, eta, beraz, datorren legealdirako uztea neurriak ezartzea. Iazko udazken hasieran, gobernuak epeak ez betetzeko asmoa zuela susmatu zuten sindikatuek, eta horregatik urriaren 17an lantaldeetakoak altxatu egin ziren. Azken bost hilabeteetan ere, negoziazioak ez atzera ez aurrera egon dira; eta, azkenik, grebara jotzea erabaki dute. Orain, grebaren atarian, Lopezek esan du «beste negoziazio garai bati» ekin nahi diola eta astero bilduko direla.
«Ez badugu eperik eta ez badugu planifikazio ekonomikoari buruzko konpromiso zehatzik, baliteke testu bat egin eta azkenean kaxoi batean sartzea»
ISABEL ELIZALDELABeko ordezkaria
Gobernuaren benetako jarrerarekiko mesfidantza nabari da sindikatuen artean. LABeko Artiedaren arabera, oraindik ez dute eperik jarri eta ez dute zehaztu zenbat diru egon daitekeen. Duela bi aste promes egin zuen gobernuak: bi aldeen interesak uztartu eta akordioa lortuz gero, «planifikazio ekonomikoa egiteko gertu» dagoela.
Dena den, berriki Lopezek zehaztu du akordioa egongo dela, baldin eta nahikoa diru badago. «Alegia, esaten ari dira dirurik ez dutela jarriko», ondorioztatu du Artiedak. Eta gaineratu: «Ez badugu eperik testua parlamentuan sartzeko eta ez badugu planifikazio ekonomikoari buruzko konpromiso zehatzik, baliteke testu bat egin eta azkenean kaxoi batean sartzea». Horri buruzko bi bertsio daudela ikusirik, bere jarrera argitzeko galdegin dio. «Edo kontseilaria bere kabuz dabil, edo gobernua 30.000 funtzionarioen kontura ari da barre egiten».
3
Soldatak
Beste kexetako bat erosahalmena galdu izana da. Ñabardurak daude sindikatuen artean. Izan ere, CCOO eta UGTk Espainian hiru urterako soldata igoera hitzartu zuten 2022an, eta igoera mailakatu hori bera ezarri die Nafarroako Gobernuak bere langile publikoei. 2022ko akordioaren arabera, hiru urteetako KPI harmonizatua epe bereko soldata igoera baino handiagoa izanez gero, beste %0,5 igo behar zaie soldata funtzionarioei, atzerako eragina aplikatuta. Oraindik ez da egin, ez Espainian, ez eta Nafarroan ere.
Alta, sindikatu abertzaleak kexu dira; haien esanetan, akordio horren ondorioz, erosahalmen gehiago galdu dute (%6 inguru), eta, hamabost urte atzera eginez gero, are gehiago: %20 inguru. «Gobernuak ez du lortu bere langileen bizi kalitatea hobetzea. Beste edozein patronalen modura jokatzen du. Hemen arazoa zera da, hemen estatuko erabakiak aplikatzen direla, eta ez duela autogobernua aplikatzen», kritikatu du Bujandak. Haren ustez, Nafarroak irauli egin behar lituzke Madrilen esku hartze politikoak. «Baina Nafarroako Gobernuak bitartekari gisa jokatzen du, estatuko araudia aplikatzeko».
«Gobernuak ez du lortu bere langileen bizi kalitatea hobetzea. Beste edozein patronalen modura jokatzen du. Hemen arazoa zera da, hemen estatuko erabakiak aplikatzen direla, eta ez duela autogobernua ezartzen»IZAI BUJANDAELAko kidea
4
Behin-behinekotasuna
Administrazio publikoan behin-behinekotasuna handiegia zela iritzita, Europako Batzordeak 2024ko abendurako %8ra jaisteko helburua ezarri zuen. Nafarroako Gobernuak berriki azaldu du urteotan 3.548 postu egonkortu dituela eta behin-behinekotasuna %43tik %16ra murriztu duela.
Azken bileran, behin-behinekotasunari buruz beranduenez ekainerako ados jartzeko konpromisoari heldu dio, eta hainbat neurri proposatu ditu, borondatezko eszedentziak hartzeko baldintzei lotuak. «Ahalegina egingo dutela esaten digute; hori besterik ez dugu», dio Alabak.
Azken bileretan, beste berritasun bat ere izan da: gobernuak atzera egin du Osasunaren foru lege proiektuan, eta Osasunbidearen eta Lan Osasuneko Institutuen izaera juridikoa ez aldatzeko prest azaldu da. Sindikatuek «berri ona» dela nabarmendu dute, baina Bujandak salatu du «mozorro hutsa» direla. Hala, azken mugimendu guztiok ez dira nahikoa izan grebarako deia atzera botatzeko.