Nafarroak espero du 104 milioi biltzea hitzartutako zerga berriei esker

Bankuen eta energia enpresen zerga berezia Madrilek bilduko du, eta doikuntza bidez itzuliko dio Nafarroari. Ondare zerga indarrean egongo denez, fortunen zerga berezia ez da aplikatuko bertan

Hitzarmen Ekonomikoko negoziazio batzordearen bilkura, atzo, Madrilen. FERNANDO VILLAR / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren atzetik, Nafarroa. Bezperan Eusko Jaurlaritzak kontzertu ekonomikoa berritzeko akordioa lortu ondotik, urrats bera egin zuen atzo Nafarroako Gobernuak Hitzarmen Ekonomikoarekin, eta, ondorioz, Espainian aurten onartu diren zerga bereziak kudeatzeko eta biltzeko akordioa erdietsi du: besteak beste, fortuna berezien zergari, finantza erakundeen eta energia enpresen gaineko behin-behineko zergari eta ingurumen arloko beste bi zergari eragingo die. Elma Saiz Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak aurreratu du foru ogasunak 104 milioi euro gehiago bilduko dituela bi urtean.

Finantza eta zerga arloko akordioa erdiesteko, atzo goizean Hitzarmen Ekonomikoa negoziatzeko bi batzorde bereziak bildu ziren: lehenik, bi gobernuetako ordezkariz osatutako negoziazio batzordea batzartu zen; ondoren, estatuko administrazioko kideen eta Nafarroako parlamentarien koordinazio batzordea bildu zen. Azken bilkura hori bideokonferentziaz egin zen, eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, Elma Saizek berak, Navarra Sumako Javier Esparzak, PSNko Ainhoa Unzuk, Geroa Baiko Uxue Barkosek, EH Bilduko Adolfo Araizek, Ahal Dugu-ko Mikel Builek eta Ezkerrako Jose Miguel Nuinek.

«Egun handia da», azpimarratu zuen Saizek Madrildik telekonferentzia bidez, bi bilerak amaitu ostean. «Estatuko administrazioarekin duen bi aldeko harremanari esker, bere eskumenen defentsan pausoak ematen jarraitzen dugu», goraipatu zuen, eta honako hau gaineratu: «Sortzen ari diren zerga berriak kudeatzean gure autonomia sendotu egingo dela esan nahi du akordioak».

Koordinazio batzordearen bileran zehaztu zenez, Espainian ezarriko den fortuna handien zergaordainarazi ahalko du Nafarroak, berezko eskumenari esker eta bere arau propioa aplikatuz. Praktikan, horrek esan nahi du haren edukia ez dela ezarriko. Izan ere, akordioak jaso du fortuna handien zerga ondare zergaren osagarri izango dela, eta, ondorioz, urtarrilaren 1etik aurrera iragan astean zerga horri egin zitzaizkion aldaketak gailenduko dira. Moldaketa hartan parlamentuak irizpide gisa ezarri zuen zergadun nafarrek soilik ondare zerga pagatuko zutela, eta ez fortuna handiena.

Horrez gain, ingurumen arloko bi zergen kudeaketaren baldintzak ere hitzartu dituzte. Alde batetik, berrerabil ezin daitezkeen plastikozko edukiontzien gaineko zergan, salgaiok ekoizten dituzten enpresa nafarren zerga biltzeaz arduratuko da foru ogasuna. Bestetik, berotegi efektuko gas fluoratuaren gaineko zeharkako zerga irailean sartu zen indarrean Espainian. Funtsean, produktuak ekoiztean gas fluoratua edukiontzien barruan edo produktuan bertan —HFC hidrofluorokarburoak, PFC perfluorokarburoak eta SF6 sufre hexafluoruroa— txertatzen duten enpresak zergapetzen ditu. Akordioaren arabera, enpresaren jatorriak zehaztuko du zer ogasunek bilduko duen zerga hori.

%1,6 itzuliko dio

Koordinazio batzordearen bilkuran, berriz, ados jarri dira zehazteko zer partaidetza izango duen Nafarroak finantza erakundeen eta energia arloko enpresen gaineko behin-behineko zergan. Adostutakoaren arabera, Madrilek hartuko du bere gain bilketa, eta diru sarreren %1,6 itzuliko dio Nafarroari hiru hilean behin, ekarpena ordaintzean ezartzen diren doikuntzen bidez. Hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren irizpide bera aplikatuko zaio Nafarroari, eta konpentsatzeko erreferentea egozpen indizeko ehuneko bera izango da (%1,6).

Jasotako diru hori testuinguru ekonomikoaren eragina leuntzeko neurriak finantzatzeko erabili beharko du Nafarroako Gobernuak. Saizek adierazi du laguntza horien definizioa eta kudeaketa bere gain hartuko duela «osorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.