IRUÑEA. Beste foru ogasunek baino beranduago, baina Nafarroakoak ere inflaziora egokituko ditu errenta zergaren taulak. Gobernuak atzo proposatutakoak aurrera egiten badu, %7ko deflatazioa izango dute: %4 aurtengo urtarrilaren 1etik, eta beste %3 datorren urtean. Lehenaren eragina datorren urteko errenta aitorpenean ikusiko da, eta urtarrilean egingo denarena, berriz, 2025ekoan.
Deflatazioarekin, errenta zergaren taulak eguneratu egiten dira, inflazioaren eragina kontuan hartzeko. Izan ere, eguneratuko ez balira, soldata igo dioten zergapeko batek agian tasa handiagoa ordaindu beharko luke errenta zergan, nahiz eta haren erosteko ahalmen erreala ez handitu. Jose Luis Arasti Ogasun kontseilariak azaldu duenez, deflatazioa maila berekoa izango da errenta guztietan. Hau da, tasarik txikienetan eta handienetan kopuru bera aplikatu dela. Horrez gain, inflaziora egokituko da errenta zerga ordaintzetik libre dagoen gutxieneko kopurua ere: %3 handituko da salbuetsitako errenta aurten, eta beste %3 datorren urtean.
Ikusteko dago, ordea, kopuru horiek bere hartan jarriko ote diren indarrean, gobernua gutxiengoan baita.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere egokitu dituzte errenta zergaren taulak: %7,5 azken bi urteetan, eta beste %2,5 urtarriletik aurrera.
Nafarroak %7 deflatatuko du errenta zerga
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu