Finantza publikoak

Nafarroak 5.742 milioi euroko gastu muga izango du, aurten baino %9,6 gehiagokoa

Bere gain hartu gabeko eskumenengatik 837 milioi euro ordainduko dizkio Espainiako Gobernuari, eta 314 milioi euro jarriko ditu Tokiko Ogasun Funtsean, udalen gastu arrunta finantzatzeko.

Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2023ko urriaren 31
14:01
Entzun

Datorren urteko aurrekontuetarako prozesua abian jarri da. Nafarroako Gobernuaren kontseiluak hurrengo urteko gastu muga finkatu du. 5.742 milioi eurokoa izango da, aurtengoa baino 526 milioi euro gehiagokoa, alegia. Jose Luis Arasti Ogasun kontseilariak nabarmendu du «finantza egonkortasuna» emango diela aurrekontu publikoei.

Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, Arastik azaldu du aurrekontuak lantzen hasi baino lehen bi konpromiso aldez aurretik zehaztuta daudela. Batetik, estatuari ordaindu beharreko ekarpena 837 milioikoa izango da. Nafarroak aurten baino 202 milioi euro gehiago ordaindu beharko ditu bere gain hartu gabeko eskumenengatik. Hain zuzen ere, ekarpena kalkulatzeko akordioa 2020tik 2024ra bitartekoa da, eta datorren urtea izango da, hortaz, epe horretako azkena.

Bestetik, udalen finantzaketarako akordioan jaso zenez, KPIa adina igoko da udalen gastu arrunterako Tokiko Ogasunen Funtsa. Hala, 2024an 314 milioi eurokoa izango da, aurten baino hamabi milioi euro gehiagokoa.

Hala, behin hori kenduta, gastu eta inbertsio publikorako 4.591 milioi euro izango ditu Nafarroako Gobernuak, aurten baino %6,7 gehiago. Kopuru horretatik abiatuta hasiko da departamendukako gastu banaketa lantzen.

2020tik 2023ra bitartean, finantza egonkortasunerako arauak etenda egon dira, baina, aurtengo martxotik, Europako Batzordeak gobernuei jakinarazi die klausula horiek desaktibatu egingo direla. Urriaren 15ean Espainiako Gobernuak ere bere asmoen berri eman zion Europako Batzordeari, baina, jarduneko gobernua denez, ezin du finantza publikoen gaineko helbururik jarri.

Hor sartzen dira erkidegoen defizita eta zor publikoa. «Oraindik ezin izan dira finkatu aurrekontu egonkortasuneko konpromisoak eta lankidetza». Arastiren arabera, defizit gabeko gastu muga hartu dute aintzat.

«Ahalik eta azkarren»

Horrek baldintzaturik, Nafarroako Gobernuak epeak atzeratu ditu. Orain hasiko dira aurrekontuen legearen aurreproiektua lantzen, eta espero dute urtarrilerako egitasmoa Nafarroako Parlamentura iristea. Arastiren arabera, aurrekontuekin batera urtero onartzen diren zerga neurriek lehentasun handiagoa dute orain, abenduaren 31rako onartuta egon behar baitute. Inflazioaren eragina leuntzeko, errenta zergan deflatazioa ezartzeko asmoa du gobernuak. «Zerga tarte guztietan eragitea nahi dugu», zehaztu du Arastik, horri buruz galdetu zaionean. Ez du zenbatekorik zehaztu.

Koadro makroekonomikoari dagokionez, datorren urtean %1,3ko hazkunde ekonomikoa eta %3,4ko inflazioa izatea espero du gobernuak. «Orain hasiko da benetako lana. Aurtengo aurrekontuak luzatu egin beharko ditugu, baina espero dugu ahalik eta lasterren hurrengo urtekoak aurrera ateratzea».

Edozein modutan, gobernua babesten duten hiru indarrak (PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) gutxiengoan direnez, akordioa egin beharko dute. UPNk eskua luzatu dio gobernuari, eta aurrekontuak onartzeko prest azaldu da. Arastik ontzat jo du jarrera hori: «Guk eskua luzatua dugu beti, baina ez dugu bazterketarik onartzen. Haiek argitu beharko dute baldintza horietan aurrera jo nahi duten».

Izan ere, aurreko legealdiko lau urteetan EH Bildurekin hitzartu zituen aurrekontuak. Koalizio abertzaleak ohar bat kaleratu du, eta, hartan, balioa eman dio gastu muga handitzeari. Espero du, halaber, aurrerantzean ere "politika publikoa indartzea funtsezko helburua» izan dadila. Zergei dagokienez, Nafarroako Gobernuak oraindik ez du proposamenik egin: «Foru Gobernuak zehazki zer zerga neurri proposatuko dituen jakiteko zain gaude, horiek aztertu eta fiskalitate bidezkoagoa eta progresiboagoa lortzeko proposamenak egin ahal izateko». Nagusiki lanaren errentetan oinarrituko ez den eta zerbitzu publikoak indartzeko balioko duen fiskalitatea izango dute xede.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.