Nafarroak 2023ra arte ia mila milioi euro erabiliko ditu berreraikuntzan

Maria Txibitek azaldu du eredu ekonomiko eta sozial berri bateranzko prozesua azkartu nahi dutela. Hurrengo hiru urteetako aurrekontuen bidez finantzatuko da, eta irailean hasiko dute eztabaida

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, alboan dituela bi presidenteordeak, Javier Remirez eta Jose Mari Aierdi. NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
Iruñea
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
«Bigarren Mundu Gerra geroztik, nazioartean izan den erronka instituzionalik, politikorik eta sozialik handiena da COVID-19a». Hitz arranditsu horiekin aurkeztu zuen atzo goizean Nafarroa Suspertu 2020-2023ko egitasmoa Maria Txibite lehendakariak. Planak 190 neurri jasotzen ditu, eta, Txibiteren hitzetan, eredu ekonomiko eta sozial berri baterantz jo nahi dute: «Ez du soilik oraina markatuko; etorkizuneko zutarri sendoak jarriko ditu». 2023ra arte, ia mila milioi euro (989 milioi) erabiliko ditu berreraikuntzarako, eta datozen hiru urteetako Nafarroako aurrekontuen bidez finantzatuko dute. Zenba- teko horri gehitu behar zaizkio Europako Batasunetik zein Espainiatik etor daitezkeen funtsak, bai pandemiari aurre egiteko sortu direnak, bai eta egitasmo honen gidalerro estrategikoekin bat egiten dutenak ere.

Ezohiko kontseilu bereziaren osteko agerraldian aurkeztu zuen agiria Txibitek, Javier Remirez eta Jose Mari Aierdi presidenteordeak alboan zituela. Ekitaldiari arrandia emateko asmoz, Nafarroako Jauregiko patioan egin zuten, eta ez prentsa aretoan, ohi duten moduan.

211 talderekin bilkura

Aurretik, parlamentuan berreraikuntza aztertzeko batzorde bat osatu zuten, eta 126 proposamen egin zizkioten taldeek gobernuari, planean bil zitzan. Halaber, gobernuak azaldu zuen asteotan 211 elkarterekin eta eragilerekin bildu direla. Aurrera begira, edukia aurkeztuta, irailetik aurrera eztabaida abiatu nahi dute, edukia moldatzeko. «Nafarroarentzat eta Nafarroaren eskutik egindako plana da». Txibiteren irudiko, askok bere burua islatua ikusiko dute. «Gauza ez da nireari erreparatzea, baizik eta norbere interesak orokorrarekin bateratzea».

Pandemiaren ondorioz, bigarren hiruhilekoan barne produktu gordinak %15,6 egin du atzera,eta urtea aspaldian ikusi gabeko atzeraldiarekin amai dezake. Diru sarreretan 818 miloi euroko jaitsiera aurreikusi du gobernuak, eta, finantza publikoetan zuloa erabat nola estaliko den oraindik argitu ez den honetan,egitasmoa etorri da. 2021etik aurrera ekingo zaio berreraikuntzari. Txibiteren hitzetan, aurretik zituzten asmoak eta anbizioak «hauspotu» ditu pandemiak. Ez du uste egungo egoerak baldintzatu dezakeenik: «Ez dugu egin berehalako egoerari begira, luzera begira baizik».

Ez zuten argitu aurrekontu bidezko finantzaketarako zerga erreformarik egingo duten. Aierdik nabarmendu zuen Nafarroako zerga erregimen propioari esker hobeto erabil ditzakeela baliabideak. Haren hitzetan, COVID-19ak osasun eta ekonomia arloetan utzi dituen irakaspenak kontuan hartu dituzte, baita aurreko krisiak utzitakoak ere. Hala, «ez da berehalakoan otu zaien laguntza sorta bat».

Egitasmoan bost gidalerro estrategiko eta 190 neurri proposatu ditu gobernuak, eta horien artean lehentasuna 46k dutela. Dena den, komunikabideei azaldutako agiriak gobernuak legealdi honetarako aurreikusiak zituen egitasmo nagusiak biltzen ditu. Halaber, neurri zehatzak baino egitasmo orokorrak eta asmoak zerrendatzen dira.

Adibidez, ekonomia eraldatzeko prozesuan, COVID-19ak gehien erasandako enpresentzako laguntzak proposatu ditu, «bideragarriak diren enpresen galerak eragozteko eta likidezia bermatzeko». Gainera, aipatzen da sektore estrategikoak bultzatzea, eraldatze digitala bizkortzea lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko, Ikerketaren eta Garapenaren atalean Europan duen posizioa hobetzea, gizarte ekonomia eta ekintzailetza bultzatzea, eta enplegu aukerak hobetzea. Azkenik, azpiegiturak eta garraio sistemak hobetu behar direla aipatzen da, eta hor sartu dute Abiadura Handiko Trena.

Erdia, berriztagarria

Trantsizio digitalari dagokionez, helburuen artean jarri dute energia kontsumo osoaren erdia berriztagarri bidezkoa izatea. Eraginkortasun energetikoa bultzatu nahi dute; besteak beste, ibilgailu elektrikoak sustatuz eta alor horretan administrazio publikoa eredugarri bihurtuz.

Eraikuntzaren atalean ere zaharberritze jarduerak bultzatuko dira. Ekonomia zirkularraren aldeko apustua ere aipatu dute. Jarrera bera azaltzen dute gainerako hiru ildo estrategikoetan, aurretik gobernuak planifikatutako asmoak baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.