Kontu publikoak orekatzeko derrigortasuna itzuli aurretik, kontu saneatuak izan dituzte Hego Euskal Herriko bi gobernuek. Eusko Jaurlaritzak defizit txiki batekin itxi zuen 2023. urtea, 73 milioi eurorena edo BPG barne produktu gordinaren %0,08. Nafarroako Gobernuak, berriz, superabita zuela amaitu zuen: bere kutxetan sartutakoa baino 350 milioi gutxiago gastatu zituen, hau da, BPGaren %1,43.
Datuak 2022koen oso antzekoak dira. Orduan txikixeagoa izan zen Jaurlaritzaren defizita (19 milioi edo %0,02), baita Nafarroako Gobernuaren superabita ere (285 milioi edo %1,26).
Urte horretan eta 2023an ere etenda edo zen kontuak orekatzera behartzen duen Europako Batasuneko Egonkortasun Ituna, eta, hortaz, Espainiako Gobernuak ez zien gehieneko defizitik inposatu bere menpeko autonomia erkidegoei. Aurten, ordea, berriro indarrean izango da itun hori, eta lehen Madrilen gomendioa zena —defizit eta zor publikoak kontrolatzea— agindua izango da berriro ere. Gainera, aldaketarik ez badago, Gasteizko eta Iruñeko gobernuak behartuta egongo dira kontuak orekatzera.
Izan ere, Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari agindu dio aurten bere defizita %3ra jaitsiko duela, eta, helburu hori lortu ahal izateko, udazkenean Bruselari esan zion erkidegoek ezingo zutela defizitik izan. Ondoren, defizit txiki bat baimendu zien (%0,1ekoa), baina asmo hori zapuztu zuen Senatuak, PPren gehiengoarekin, atzera bota zuelako gobernuaren defizita murrizteko bidea. Ondorioz, indarrean daude berriro Europako Batzordeari igorritako zenbakiak.
Nafarroaren kasuan, hamarren bakoitza 25 milioi euro inguru dira —BPGa 25.000 milioi eurotik gorakoa da—, eta Jaurlaritzarentzat, berriz, 86 milioi.
Nafarroako Parlamentuaren eskaera
Madrilen bide estuak talka egiten du Gasteizko eta Iruñeko gobernuen aurrekontuekin, baten eta bestearen proiektuetan %0,3ko defizita agertzen baita.
Hain zuzen ere, desadostasun horri buruz aritu dira gaur Nafarroako Parlamentuan. UPN, EH Bildu, Geroa Bai, PP eta Zurekin taldeen botoarekin, parlamentuak Maria Txibiteren gobernuari eskatu dio lehenbailehen negozia dezala Espainiako Gobernuarekin zer defizit muga izango den 2024, 2025 eta 2026. urteetan. Ofizialki, Hitzarmen Ekonomikoaren Batzordeak hitzartzen du muga hori Espainiako Gobernuarekin —EAEn, Kontzertu Ekonomikoaren Batzordeak—, nahiz eta praktikan Madrilek erabakitzen duen kopurua.
espainiak %3,7ra jaitsi du defizita
Gustura azaldu da datuak ematera Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa. Izan ere, urtebetean Espainiako Erresumak puntu bat baino gehiago jaitsi du bere defizit publikoa, %4,73tik %3,66ra, eta aise gainditu du Europako Batzordearekin hartutako konpromisoa (%3,9).
Gainera, «ahalegin handiena» administrazio zentralak egin duela nabarmendu du Monterok, 10.000 milioi apaldu duelako (%3,06tik %2,11ra), «ezkutu sozialaren gastuak geure gain hartu arren». Erkidegoek ere txikitu dute, %1,12tik %0,91ra, baina ez dute bete %0,6ko konpromisoa.
Aurten defizita beste koska bat jaitsiko duela agindu du ministroak, %3raino.