Nafarroako Gobernuak prest duEuropako Next Generation berreskuratze funtserako bere hautagaien zerrenda. 125 egitasmo ditu esku artean, eta aurrekontu publikoa 3.419 milioi eurokoa izango litzateke, datozen hamar urteetarako. Proiektu gehienak Nafarroako Gobernuak kudeatuko lituzke, bere eskumeneko alorrekoak direlako, eta modu publiko-pribatuan egingo luke hori. Maria Txibitek esan duenez, guztira 13.000 milioi eurotik gora mobilizatuko lirateke.
Egitasmo nagusiak atzo aurkeztu zituen lehendakariak. Adierazi duenez, bere gobernua «lan instituzional handia» egiten ari da, Madrilen bereziki —Espainiako Gobernuak erabakiko du Bruselari zein proiektu aurkeztu eta zein ez—, eta azpimarratu du egitasmoak «oso aurreratuta»daudela. «Europako Batasunak proiektu helduak eta landuak nahi ditu. Eta gureak hala daude. Gu, gainera, Europako funtsak hobekien exekutatzen ditugun erkidegoetako bat gara».
Planak hiru ardatz ditu: politika berdeak, azpiegiturak eta osasuna. Aurreneko lerroak, besteak beste, auto elektrikoen bateriak muntatzeko planta bat sortzeko egitasmoa jasotzen du, 80 milioi euroko aurrekontu publikoa aurreikusten duena. Txibitek azaldu duenez, Iberiar penintsulako iparraldeko auto elektrikoen fabrikazioaren balio katea osatuko luke zentro horrek. Mugikortasunarekin loturiko beste bederatzi egitasmo azaltzen dira planean, 159 milioiko kostuarekin: teknologia berriko autoentzako probaleku bat (36 milioi euro) eta bioerregaientzako laborategi bat (15 milioi euro).
Halaber, gobernuak beste 218 milioi aurreikusten ditu teknologia berriztagarrientzat, denak proiektu publiko-pribatuen bidez: energia biltzeko sei egitasmo, eguzki energiarekin loturiko hiru, beste hiru proposamen parke eolikoak egitekoak, eta egitasmo bat hidrogeno berdea sortzeko planta baterako.
Atal horretan sartzen dira, halaber, etxebizitzak birgaitzeko proiektuak eta hondatutako zenbait eremu berritzekoak. Hamar asmo zehatz jasotzen ditu horrek, eta 306 milioiko aurrekontua dute. Nekazaritza eremurako plan bat ere badu gobernuak, 77,6 milioikoa. Adibidez, Erriberan biltzen den elikagai industria indartu nahi du, besteak beste, ureztatze sistemak egokituz eta bertako produktuentzako logistika zentro bat sortuz.
Azpiegitura handiak
Aurrekontuaren zatirik handiena azpiegituretara joango litzateke. Lurralde Kohesiorako Estrategiaren barruan, 790 milioi gastatu nahi ditu gobernuak, eta hor azaltzen dira, besteak beste, lurraldeko bi proiektu handienak: Nafarroako ubidearen bigarren fasea eta abiadura handiko trena. Dena den, Txibitek ez du zehaztu zenbat diru joango litzatekeen azpiegitura horietako bakoitzarentzat. Ubideari buruz, aitortu du zaila izango dela Europako funtsetik lortzea lanak amaitzeko diru guztia. «[Espainiako Gobernuko] ministerioekin hitz egiten ari gara horri buruz». Tren lasterraren Nafarroako ibilbideari dagokionez, berriz, lehendakariak adierazi du Madrilek abiadura handiko korridoreak Europako funtsetarako zerrendan sartu nahi dituela, eta dirua jasotzekotan berak kudeatuko lukeela: «Guk onura atera dezakegu hortik».
Osasunaren atalari buruz, berriz, Txibitek esan du 217 milioi baino gehiago bideratu nahi dituztela, eta helburua dela osasun zentroetako ekipamenduak modernizatzea, lehen mailako arretako eredu berri bat hedatzea, eta ospitaleetako osasun laguntzako zerbitzuak zabaltzea, besteak beste.
Nafarroak 125 egitasmo aurkeztuko ditu Europan
Guztira 3.419 milioi jaso nahi ditu Bruselaren diru laguntzetatik. Nafarroako ubidea eta abiadura handiko trena sartu ditu zerrendan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu