N-1 eta A-15eko bidesari berria ere baliogabetu du Auzitegi Nagusiak

Epaileek diote aldundiak iazko maiatzean egindako moldaketek ez dutela kanpokoen bazterketa amaitzen. Diputazioak helegitea jarriko du, eta hura ebatzi bitartean bidesariak jasotzen segituko du

Bidesariaren berri ematen duen kartel bat, N-1 autobian, Andoainen. JON URBE / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Bigarren aldiz baliogabetu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak N-1 eta A-15 autobideak erabiltzeagatik kamioiek ordaindu behar duten bidesaria. Lehen debekuaren ondoren, 2018ko apirilean, Gipuzkoako Foru Aldundiak moldaketa batzuk egin zituen bidesarietan, ustez horrela eragozten zuelako bertako garraiolariei mesede egiten zien sistema. Auzitegi Nagusiko epaileen iritziz, moldaketa horiek ere ez dute betetzen garraiolarien arteko bazterketa debekatzen duen Europako Batasuneko araudia.

Bizkor erantzun du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak: «Epaia ez da irmoa, eta, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak kobrantza politikari eusten jarraituko du». Gogorarazi duenez, bidesari berritua 2019ko maiatzean jarri zen indarrean, Gipuzkoako Batzar Nagusien babesa izan zuen, eta bete egiten ditu Europako Batasuneko zuzentarauak horrelako bidesarietarako jartzen dituen irizpideak. Europako Batzordearen beraren bermea jaso zuela azaldu du Oiarbidek, eta datu bat eman zuen kanpoko garraiolariak baztertzen dituela justifikatzeko: «N-1 errepideko bidesariak erabiltzen dituzten garraiolarien %40 Gipuzkoakoak dira». Horiek horrela, Auzitegi Gorenean kasazio helegitea jarriko du Markel Olanoren gobernuak, eta espero du 60 eguneko epean erantzuna jasoko duela.

Aldundiaren erantzunak haserretu egin du Hiru. «Argi geratu da Gipuzkoako Aldundiari arduratzen dion gauza bakarra dirua jasotzea dela», salatu du garraiolari autonomoen sindikatuak, eta «era bidegabean kobratutako guztia» itzultzeko exijitu dio.

2018ko urtarrilean ordainketa sistema indarrean jarri zenetik bildutako fakturak biltzeko eskatu die garraiolariei Fenasdimerrek, dirua bueltan jasotzeko eskubidea izango dutelakoan. Garraio sektoreko Espainiako patronala da Fenasdimer, eta hark jarri ditu bidesarien aurkako salaketak. Patronal horrek nabarmendu duenez, «leku pribilegiatuan» dago Gipuzkoa, Iberiar penintsularen eta Europako gainontzeko herrialdeen arteko bi lotura nagusietako bat denez, 400 milioi euro jasotzen ditu hidrokarburo zergatik, «diputazioak bere errepideetako mantentze lanetarako duen aurrekontua halako hamar».

2018ko urtarrilean ezarri zuen Gipuzkoako Aldundiak ordainsaria N-1 eta A-15 autobideetan, 3,5 tonatik gorako ibilgailuei. Olanoren gobernuak argudiatu zuenez, Gipuzkoako bide nagusia egunero zeharkatzen duten 12.000 kamioiek errepide horrenkonponketak ordaintzeko modu bat zen bidesaria. Beste helburu bat ere bazuen: ibilgailu astunak ateratzea N-1etik eta leku batzuetan haren osagarri den A-15etik, eta AP-8 ordainpeko autobidera desbideratzea.

Auzitegiaren lehen zaplaztekoaren ondoren, aldundiak zenbait moldaketa egin zizkien tarifei. Beste bi arkupe jarri zituzten, Andoainen eta Astigarragan, eta tarifa batzuk aldatu zituzten, bertako kamioilariek gehien erabiltzen dituzten zati batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.