Muturreko desberdinkeriak «oligarkia globaleranzko mugimendu bat» sortu duela ohartarazi du Oxfamek

Saialdi multilateralak ez dira funtzionatzen ari klima larrialdiari, pobreziari eta beste erronka globalei erantzuteko, eta, Oxfamen ustez, desberdinkeria da arrazoi bat, zeina betikotzen duten korporazioen botereak eta ultraaberatsen eragin politikoak.

Rohingya errefuxiatuak Indonesian, luxuzko yate bati begira.  HOTLI SIMANJUNTAK / EFE
Rohingya errefuxiatuak Indonesian, luxuzko yate bati begira. HOTLI SIMANJUNTAK / EFE
Irune Lasa.
2024ko irailaren 23a
12:00
Entzun

Kontua ez da gauzak gaizki daudela munduan, baizik eta okerrerantz doazela, eta ez soilik gerren ondorioz. Oxfamek txosten batean salatu du tentsio geopolitikoak ez direla arrazoi bakarra erronka globalei erantzuteko ezintasunean, eta horretan eragin zuzena duela munduko muturreko desberdinkeriak ere.

Muturreko desberdinkeria hori, Oxfamen arabera, «aldi berean kausa eta efektua da oligarkia global bateranzko mugimenduan». Desberdinkeriari esker ultraaberats bihurtu direnak, korporazioen boterea erabiliz, gai dira erabaki politikoak moldatzeko beren aberastasunaren mesedetan, eta, hala, desberdinkeria hori bera areagotzen eta betikotzen dute.

Oligarkiaren arriskua dakarten desberdinkeriaren eta aberastasunaren kontzentrazioaren erakusle, datu batzuk eman ditu Oxfamek. Gogoratu du munduko aberastasunaren %95 munduko biztanleen %1en esku dagoela.

%13

 

1987. urtean, munduko %0,0001 aberatsena munduko BPGaren %3ren jabea zen. Gaur egun, BPGaren %13 dute 3.000 bat ultraaberatsek.

Kontzentrazio hori, gainera, areagotzen ari da. Gabriel Zucman ekonomistaren kalkuluen arabera, 1987. urtean munduko %0,0001 aberatsena munduko BPGaren %3ren jabea zen. Gaur egun, BPGaren %13 dute 3.000 bat ultraaberatsek. Aldi berean, munduko biztanleen %46 (3.000 milioi pertsona) pobreziaren mailaren azpitik bizi dira; hots, egunean 6,85 dolar (6,17 euro) baino gutxiagorekin.

Aberastasunaren kontzentrazio horri erabat lotua dago korporazioen boterearen gero eta kontzentrazio handiagoarekin. Gero eta esku gutxiagotan daude munduan giltzarri diren merkatuak: besteak beste, botikagintza, nekazaritza eta teknologiak. 1995. eta 2015. urteen artean, hirurogei sendagai konpainia handi hamar konpainiatan elkartu dira; hazien munduko merkatuaren %40 bi enpresaren esku dago; eta publizitate digitaleko diruen %75 hiru konpainiatara doa.

«Aberastasunaren eta botere korporatiboaren izugarrizko kontzentrazioak ez dira ‘merkatu askearen’ emaitza, baizik eta ultraaberatsek beren buruarentzat ondutako plangintza ekonomikoaren ondorioa»

OXFAM 

Norbaitek pentsa dezake ultraaberatsak korporazioen botere horren onuradun pasiboak direla, baina Oxfamek ohartarazi du ez dela hala. Aldiz, korporazioak aberatsenentzat ari dira. Izan ere, ultraaberatsak gero eta gehiago dira gai baldintzatzeko nola erabili korporazioen boterea. Adibidez, burtsako hamar korporazio handienetatik zazpitan akziodun nagusia da —ultraaberatsa— konpainiako kontseilari ordezkaria.

Txostenaren arabera, «aberastasunaren eta botere korporatiboaren izugarrizko kontzentrazioak ez dira merkatu askearen emaitza, baizik eta, neurri handi batean, ultraaberatsek beren buruarentzat ondutako plangintza ekonomikoaren ondorioa». Eta horrek desberdinkeria politikoa ere badakar. Politikak baldintzatzen baitituzte lobbygintzaren, dohaintza politikoen, presioen, xantaia ekonomikoen eta hedabideen bidez.

«Eta oligarkiaranzko mugimendua ez da soilik herrialde gutxi batzuetara mugatutako arazoa», ziurtatu du Oxfamek. Kalte egiten die demokraziei, gehiengoaren kaltetan, ultraaberatsek beren mesederako mugitzen baitute politika. Eta arazoa ez da gelditzen herrialde baten mugen barruan, nazioarteko erabaki politikoetan ere eragiten baitu.

Multilateralismoari kalte

Adibidez, oligarkiarako mugimendu horretan, kaltetuta ateratzen dira desberdinkeriari eta beste erronka globalei —klima larrialdiari, pobreziari...— aurre egiteko egitasmo multilateralak. «Korporazio boteretsuek, zeinak ultraaberatsen mesedetan eta maiz aginduetara ari diren, kontra egin diote zerga erreforma globalari, txertoentzat apartheid erregimen bat ezarri dute, eta zor krisi globala larriagotu dute», salatu du Oxfamek.

Oligarkiaren ondorioen adibideak

Gordin hitz egin du Oxfamek: «Herrialderik pobreenek pairatzen dituzte muturreko desberdinkeriaren ondorioak, baina oligarkiaranzko mugimenduak jende gehienari egiten dio kalte, Hegoalde eta Iparralde Globalean».

Adibidez, korporazio boteretsuek eta ultraaberatsek beren mesedetan itxuratu dute zerga sistema, beste jende guztiaren kontura eta gobernuei baliabideak kenduz. Maiz, zerga iheserako mekanismo konplexuak erabiliz, aberatsek ez dute zerga zuzenik ordaintzen, oinordetza zergak desagertu egin dira hainbat herrialdetan, eta sozietate zergen tasak izugarri murriztu dira. Horrez gain, korporazioek oztopatu egiten dituzte bidezko zerga sistema bateranzko herrialde arteko lankidetzak.

 Beste adibide bat txertoena da. Oxfamek salatu du botika konpainia handiek jabetza intelektualaren inguruko legediak baldintzatu dituztela beren mesedetan Munduko Merkataritza Erakundean. Horren ondorioz, herrialde pobreenentzat garestiagoak dira sendagaiak. Pandemian, esaterako, txertoen apartheida gertatu zen: herrialde batzuk gai izan ziren milioika dosi biltegiratzeko eta aldi berean Hegoalde Globaleko ekoizleei dosiak egitea galarazteko. Ikerketa baten arabera, txertoak modu bidezkoagoan banatu izan balituzte 1,3 milioi heriotza saihestu ahalko ziren. Bitartean, botika konpainien akziodunek dirutza izan zuten dibidendutan, eta gaitzari aurre egiteko negozioetatik beste 40 ultraaberats sortu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.