Mutualitateen itzulketek ere ez dute galarazi inoizko zerga bilketarik oparoena

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 18.310 milioi euro jaso zituzten iaz. Urtearen azken txanpan espero baino zerbait gehiago jaso zuten foru ogasunek, baina 2023an egindako aurreikuspenen azpitik bukatu dute.

Hiru foru aldundietako, Eusko Jaurlaritzako eta Eudeleko ordezkariak, bileraren hasieran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Hiru foru aldundietako, Eusko Jaurlaritzako eta Eudeleko ordezkariak, bileraren hasieran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kerman Garralda
2025eko otsailaren 13a
19:10
Entzun

Finantzen Euskal Kontseiluak urrian egindako aurreikuspenak apur bat hobetu ditu zerga bilketaren azken emaitzak: 18.310 milioi euro jaso zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek zergen bidez iaz. Inoizko kopururik handiena da. Urtetik urtera ari dira hobetzen marka, gainera. Orain arteko daturik onena 2023. urtekoa zen, eta hau %0,5 hobetu dute. Beste era batera esanda, 2024. urtean 97,5 milioi euro gehiago jaso dituzte ogasunek aurreko aldearekin konparatuta.

Lurraldez lurralde behatuz gero, soilik Gipuzkoak hobetu ditu iazko zenbakiak. Ia %2 gehiago batu dute, eta 6.000 milioi euroren langa gainditu du Gipuzkoako Ogasunak. Bizkaiko Ogasunak 9.409 milioi euro bildu ditu (%0,02 gutxiago) eta Arabakoak, 2.831 (%0,4 gutxiago).

Halere, 2023. urtean egindako aurreikuspenen azpitik bukatu dute hiru ogasunek. 19.000 milioi euroren langa gaindituko zutela kalkulatu zuen orduan Finantzen Euskal Kontseiluak, baina mutualitateen zenbatekoa itzuli beharrak pikutara bidali zituen iragarpen guztiak. Epaitegiek ebatzi zuten 1967. urtea baino lehen mutualitate batean kotizatu zutenei behar zitzaiena baino gehiago kobratu zietela ogasunek, eta dirua itzultzera behartu zituzten. 800 bat milioi euro, denera.

Lasaitasun mezua igorri du Noel d'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak. Adierazi duenez, mutualitateen sententziak eragindako «ezohiko» egoeragatik ez balitz, txiki geldituko ziren 19.000 milioi euroko aurreikuspenak. «Horrek erakusten du zorrotz eta zuhurtziaz egiten dela lan». Datuak aztertzeko batzarra egin dute gaur arratsaldean Gasteizen, eta bukatutakoan egin ditu adierazpenak. Han izan dira, hiru lurralde historikoetako ahaldun nagusiak, ogasun diputatuak eta Esther Apraiz, Eudeleko presidentea.

Zuzeneko zerga nagusiek joera kontrajarria izan dute. PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren bidez jasotako kopuruak %1,6 egin du behera. Halere, diru iturri nagusia izan da, ia zazpi milioi eurorekin. Sozietateen gaineko zergaren bidez bildutakoa %6,4 handitu da.

Enpresek beren irabazietatik ordaintzen duten zerga da sozietateena. Gutxi gorabehera, ogasunek jasotzen dituzten hamar eurotatik bat hortik dator. Azken urteetan haren pisua pixka bat handitu den arren, oraindik oso urrun dago Atzeraldi Handian egiten zuen ekarpenetik. 2007an, esaterako, %14,8 izan zen.

Zeharkako zergei dagokienez, BEZaren bidez jasotakoa %0,8 txikiagoa izan da aurten. D'Anjouk Espainiako Gobernuak hidrokarburoei jarritako hobariei egotzi die beherakada. 6,8 milioi euro jaso dituzte ogasunek balio erantsiaren gaineko zergaren bidez.

Zerga erreforma

Zerga erreformaren inguruan ere hitz egin dute agintariek. Ogasun eta Finantzetako sailburuak esan du erreformak aurrera aterako diren esperantza duela, eta oposizioko alderdiei «arduraz» jokatzeko eskatu die. Diputatu nagusiek, berriz, esan dute proposamenak jasotzeko «prest» daudela.

Bizkaiko Foru Gobernuak du biderik errazena, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernuak gehiengoa duelako. Baina Gipuzkoan eta Araban gutxiengoan daude gobernuak, eta negoziatzera behartuta daude. Hasiak dituzte elkarrizketak, baina aurrerapausorik ez da nabari. EH Bilduk iragarri du ez dituela proposamenak babestuko, «aberatsak saritzen dituelako», eta Elkarrekin-ek eta Alderdi Popularrak adierazi dute euren babesa ez dela debalde izango. Negoziatzeko denbora gehiago eskatu dute aldundiek.

Hiru aldundienak esana dute egokitzapenak egingo dituztela, baina aldaketa sakonik ez. Adierazi dute orain arteko formulak funtzionatzen duela, eta adibide gisa jarri dute urtetik urtera zerga bilketaren bidez dirua gehiago biltzen dutela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.