Etzi izango da Lan Segurtasunaren eta Osasunaren nazioarteko eguna, eta LABek batez ere Espainiako Gobernuak mutualitateei eman nahi dien botere berriak kritikatzeko aprobetxatuko du egun hori. Espainiako Gobernuaren asmoa da mutualitateei ematea langileei senda-agiria emateko gaitasuna —gaur egun,soilik osasun publikoak du eskumen hori—. Lan erreforma baten zirriborroko puntu bat baino ez da gaur-gaurkoz, baina bai medikuak bai sindikatuak aldaketa horren kontra agertu dira dagoeneko.
Ibon Zubiela LABeko lan osasuneko arduradunak salatu du «enpresa pribatuen esku» dauden mutualitateei botere gehiago ematea «langileak gehiago kontrolatzeko» tresna bat dela. Horrez gain, Zubielak gaineratu du Madrilen helburua osasun sistema publikoa «deskapitalizatzea» eta negozioa sektore pribatuari «ematea» dela. «Eta hori guztia, argudio faltsu batean oinarrituta egin nahi dute. Dirua aurreztuko dela eta langileen balizko iruzurra txikituko dutela esanez».
Giza katea Ezkerraldean
Mutualitateen eskumenak handitzearen kontra protesta egiteko LABek giza kate bat egingo du astelehenean Donostian, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza bulegoetan lan istripuen estaldura soilik osasun publikoaren esku uzteko eskaera erregistratuko du.
Giza katea egin zuten atzo, hain zuzen, Gurutzetan (Bizkaian) Berri-Otxoak plataformak deituta, Lan prekariorik ez. Lan istripu gehiagorik ez. SOS Ezkerraldea lelopean. Mutualitateei botere gehiago ematea salatu zuten Gurutzetako ospitale publikoaren aurrean.
Bestalde, Gasteizko epaitegi batek Mutualia zigortu du, eta langile bati kalte-ordainak eman beharko dizkio, epaileak ebatzi ostean langilearen gorreria lanak sortua dela. ATA eta UPTA Espainiako autonomoen elkarteek, bestalde, autonomoentzako lan arriskuen prebentzioa hobetzeko eskatu die erakunde publikoei. Bi erakundeek azaldu dute autonomoen kolektiboak istripu maila «oso handia» duela.
Mutualitateen boterea salatuko du LABek laneko osasunaren egunean
Etzi giza kate bat egingo du LABek Donostian lan istripuen estaldura soilik osasun publikoak ematea eskatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu