Lan erreformaren bigarren zatiarekin nahikoaez bazuen, sindikatuekin beste gatazka fronte bat zabaldu du Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroak. Mutualitateen Legearen aldaketa iragarri du, erakunde horiei zeresan handiagoa emateko langileen senda-agirietan. Helburu ofiziala da arrazoi batengatik edo besteengatik galtzen diren lanaldiak gutxitzea. Zuzen-zuzenean senda-agiriak mutualitateen esku utziko ote dituen ez du argitu Bañezek, baina udaberrian sindikatuek filtratutako zirriborro batean honako sistema proposatu zuen: senda-agiriak mutualitateek proposatzea, eta lau eguneko epean osasun zerbitzu publikoak kontrakoa esaten ez badute proposamenak aurrera egitea.
Ministroen Kontseilu osteko agerraldian, Bañezek ez zuen zehaztu nahi izan zer egin ahal izango duten mutualitateek senda-agirietan. «Justifikatu gabeko abstentismoaren kontrolean parte hartuko dute», esan zuen bakarrik. Datorren astean gehiago jakingo da, orduan pasaraziko baitie landu duen zirriborroa gizarte eragileei. Negoziaketa motz-motza nahi du Enplegu ministroak, legearen proiektuaren aurrekoa hilaren 20ko gobernu bileran onartu nahi baitu, handik Espainiako Gorteetara pasatu eta 2014. urtearen lehen erdian onartu ahal izateko.
Mutualitateen aspaldiko eskaera da senda-agiriak beren esku izatea, era horretara absentismoa %30 eta %40 artean jaitsiko luketela uste baitute. Beste modu batean esanda, uste dute iruzur egiten dutela langileek, lanera itzultzeko eguna nahita atzeratzen dutela, eta osasun zerbitzu publikoen konplizitatea edo axolagabekeria baliatzen dutela horretarako. Osasunbideko eta Osakidetzako sendagileena, Hego Euskal Herriko kasuan.
Besteak baino okerrago
Bañezen datuen arabera, Espainian langile bakoitzak urtean 11,4 lan egun galtzen ditu. Batezbesteko txikiagoa duten beste herrialde batzuk aipatu ditu ministroak: AEBak (4,9 egun), Kanada (6,8), Danimarka (7) eta Finlandia (8,4). OCDEk gaiari buruz egin dituen beste azterketa batzuetan, ordea, ez da alde handirik ikusten Espainiaren eta inguruko estatuen artean.
Edonola ere, lanera agertzen ez direnen tasa jaisten ari dela onartu du Espainiako Gobernuak: lanaldien %4,3 galdu ziren iaz, eta %4,9 ziren 2010an eta 2011n. Iazko lan erreformaren ondoren, enpresek eskubidea dute langile bat kaleratzeko baldin eta bi hilabetean bederatzi eguneko gaixoaldia izaten badu. Horren ondorioz, langile asko lanera gaixo joaten direla ziurtatu dute sindikatuek.
Bañezen hitzetan, beste helburu ere bat badu bere erreformak: mutualitateek ez atzera botatzea jarduera utzi duten autonomoen hainbeste prestazio eskaera.
Mutualitateek kontrolatuko dituzte senda-agiriak
«Justifikatu gabeko absentismoa kontrolatzen lagunduko dutela» esan du PPren gobernuak, baina ez du zehaztu nolaSindikatuak guztiz kontra daude, irizpide ekonomikoak gailenduko direla uste baitute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu