Musu truk inork ez luke nahi lanik egin

Baserritarren ekoizpen kostuen garestitzeari betiko arazo bat gehitu zaio: esnearen prezio txikia. Enbak eta EHNEk galdegin dute legez zehaztea gutxieneko kostuak, horiek estali eta irabaziak eduki ahal izateko.

Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«Ez dut nobedaderik esango. Egoera oso kritikoan gara». Hitz horiekin deskribatu du Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko presidenteak aspalditik eta gaurdaino abeltzainen eta batez ere esne ekoizleen eguneroko ogia. «Modu finean esateko, egoera oso delikatua da», dio, berriz, Xabier Iraola Enbako koordinatzaileak. Biak ala biak bat datoz: ez dira garairik onenak.

Hilabeteak eta hilabeteak daramatzate ekoizpen kostuek gorantz —pentsua, argindarra, erregaia, besteak beste—, eta esnearen prezioa ez da goititu horiek bezainbeste. Nazabalen ustez, balantza orekatzea da gakoa: «Igoera minimo bat lortzeko, kristoren esfortzuak egin behar ditugu. Gastuak, bitartean, esponentzialki igotzen dira». Lehenagotik ere panorama bera zuten abeltzainek; orain, larriagotu besterik ez da egin.

Pentsuari dagokionez, Panpi Sainte-Marie ELBko bozeramaileak joan den ekainean azaldu zion Ipar Euskal Herriko Hitza-ri prezioen goititzeak eragin zuzena duela irabazietan: «Guk prezioak ezin ditugu hola bat-batean emendatzen ahal [...]. Arteka hori gure errebeniotik kendua da».

Urtebetean esnearen salmenta prezioak izan duen bilakaera aztertu dute sindikatuek: iaz, uztailean, Mercadonan esne litroko 0,59 euroan zegoen KTBP kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa; duela ez gutxi, 0,79 euroan. Iraolak azaldu duenez, «hogei zentimo garestitu du esnea, baina horietatik baserritarrari hamar inguru baino ez zaizkio iritsi». Aurretik, ekoizleek 0,35 euro kobratzen zuten litroko; orain, 0,43 euro. «Oraintxe, ekoizpen kostuak estaltzeko, 0,50 euroan egon beharko luke esne litroak».

Nazabalek azpimarratu du salmenta prezioak igo, igo behar direla balio kateak baliorik galdu ez dezan eta eragileek marjinak izan ditzaten. Kontua da etekinak «behar bezala banatu» behar direla prozesu horretan. «Ekoizlea itoarazten baduzu, bukatu egiten da, kito. Salmentako mozkinak egundokoak dira, eta ekoizleontzat ez da iristen?». Gipuzkoako EHNEko presidentearen iritziko, «inkoherentzia hutsa da»; ekoizlea behar dute supermerkatuek.

Legea noiz aplikatu

Iraolak ere kontu bera salatu du. Esnearen produkzioan eta merkaturatzean parte hartzen duten bitartekari guztien kostuak igo dira, eta guztiei «bermatu behar zaie» etekinak izatea. «Katebegi denek lortzen dute errentagarritasuna; lehenentzat, baina, ez dago. Atzean da beti abeltzaina», erantsi du.

Horiek horrela, esnearenean ez ezik, bestelako elikagaien kasuan ere bada onartua horien prezioa erregulatzeko lege bat: Elikadura Katearen Legea, 2013koa. Iazko abenduan onartutako erreformaren arabera, salerosketa kontratuaren prezioak nahitaez izan behar du handiagoa ekoizleek beren gain hartutako kostu guztiek edo ekoizpen kostuek baino.

«Lege horrek zerbaitegatik aitortzen du banaketak eta industriak badutela gaileneko posizio bat; urte askotako praktika bat da», dio Nazabalek. Falta dena, ordea, legea praktikan aplikatzea da. Iraolak ohartarazi du horrek «denbora bat» damakiela. Erreformak ez du zehazten gutxieneko prezio hori zenbatekoa den. Beraz, oraingo egitekoa da erreferentzia batzuk sortzea, «gardenak, objektiboak eta ofizialak».

Elikadura kateko eragile guztiak kontuan izanda hartu beharreko prozesu bat da, Enbako koordinatzailearen arabera: «Gaztandegiek, kooperatibek-edo ez badituzte onartzen erreferentzia horiek, ez da aurrerapausorik izango». Ekoizlearentzako helduleku bat da legea, tresna bat kontratuak sinatzerakoan «borrokatu» ahal izateko.

Erreforma onartu zutenetik, abendutik hona, kontratuetan jasotzen da ekoizpen kostu horiek estaltzeko adina kobratzen dutela ekoizleek. «Galdetzen badiezu [ekoizleei]: 'Zeintzuk dira zure benetako ekoizpen kostuak?'. Haiek zera erantzuten dute: 'Ez dakit'. Onartu egiten dute eskaintzen dioten prezioa; ez dute beste erremediorik». Bata ala bestea: onartu, edo ezerekin ere ez geratu.

Mozkinen bat izatea

Sindikatuetako kideak beldur dira «luzeegia» ez ote den izango erreferentzia horiek definitu eta aplikatu arteko itxaronaldia. «Zenbat iraungo dute ekoizpen kostuen azpitik ekoizten? Hori da inork ez dakiena», dio Iraolak. EHNEko presidenteak beste galdera bat bota du: «Noizko, ba? Legea egin dute, baina edukia behar du».

Legea benetan aplikatu bitartean, kostu minimo horiek bermatze aldera arituko dira lanean. Baina aldarrikapenak ez dira hor geratzen, Nazabalek azaldu gisa: «Ematen du kostuak estaltzeak lorpen bat izan beharko lukeela. Ez, ez: irabazi egin nahi dugu, eta baserritarrok irabazi behar dugu ondo. Inor ez da joaten lanera soldata baten truke ez baldin bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.