Muskizko findegiaren herena hidrogeno berdez hornitu nahi du Petronorrek 2025erako

Hidrogeno berdea sortzeko lehen elektrolizatzailea martxan du jada. Orduko 2 megawatt argindar behar ditu, eta bi urtean 100 megawatteko bat eraikiko dute

Prozesuan, ura zatitu eta hidrogenoa eta oxigenoa banatzen dira. PETRONOR.
Imanol Magro Eizmendi.
Muskiz
2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Petronorrek martxan du jada hidrogeno berdea ekoizteko lehen elektrolizatzailea. 2018an hasitako bideak aurreneko pauso sendoa eman du, eta egunean tona bat hidrogeno ekoizteko gailua lanean du Muskizko findegian (Bizkaia). Orduko 2,5 megawatt argindar behar ditu elektrolizatzaile horrek, eta Petronorren asmoa da 2025erako hamar megawatteko bat eta 100 megawatteko beste bat martxan jartzea. Azken horrek ekoitziko duen hidrogenoa petrolio findegian erabiliko du, eta uste du harekin azpiegituraren energia kontsumo osoaren %35i erantzutea lortuko duela.

«Hau hasiera da, eta gaurko eguna mugarri bat da. Hori bai, industria deskarbonizatu nahi badugu, industria behar dugu. Izan ere, munduko ekonomiaren %50 edo %60 ezingo da elektrifikatu: kimika, papera, porlana, hegazkinak, itsasontziak... eta horretarako beharko dugu hidrogeno berdea». Josu Jon Imaz Petronorreko presidente exekutiboak horrela azaldu zuen hidrogenoaren aldeko apustuak duen garrantzia.

Elektrolizatzailea inauguratzeko ekitaldian hartu zuen hitza. Babes zabala jaso zuen Abantoko teknologia parkean eginiko ekitaldian. Han ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Antton Arriola Kutxabankeko presidentea. Imazek zehaztu zuen lehen elektrolizatzailea 11 milioi euro kostatu dela, eta urtean 350 tona hidrogeno berde ekoitziko dituela. Zenbat den kalkulatzen jarrita, 6,5 kilo hidrogenorekin auto handi baten depositua —55 litrokoa— bete daiteke, eta hark 650 kilometro egingo lituzke.

Elektrolizatzaileak ekoizten duen erregaiak bi erabilera izango ditu. Batetik, esan bezala, findegian bertan erretzea, eta, bestetik, Abantoko parkea hornitzea. Horretarako bi kilometroko hidrogeno gasbide bat eraiki du Nortegasek. Ibilgailuak hidrogenoz hornitzeko puntu bat ere ezarri dute. Elektrolizatzaileari dagokionez, Sener eta John Cockerill ingeniaritza enpresek eraiki dute.

12.000 litro ur egunean

Elektrolizatzaileak ura zatitu eta hidrogenoa eta oxigenoa banatzen ditu. Atzo inauguraturikoak 12.000 litro ur zatitu ditzake egunean, eta mila kilo hidrogeno lortu. Ur hori findegian beste zeregin batzuetarako erabilitako uraren kondentsaziotik lortuko du. Prozesurako, hori bai, argindar asko behar du, 60 megawatt eguneko—findegi osoak 85 megawatt erabiltzen ditu orduko—. Teknikariek ikertu ahala behar hori murrizteko aukera ikusten dute.

Argindarra baita hidrogeno berdea lortzeko prozesuaren osagairik garestiena. Kostu osoaren %75 da, eta haren gorabeheren esku dago. Alderatzen jarrita, hidrogeno grisaren kostua —gasetik lorturikoa— berdearenaren herena da. Garestia da, baina Imazek argi du merezi duela apustu hori egitea, eta, hori horrela, tankera horretako teknologiak garatzeko testuinguru egoki bat eskatu zien erakundeei bere hitzaldian.

Mezu hori Europako Batasunarentzat zen bereziki, eta nabarmendu zuen etorkizuna berriztagarrietan datzan arren goizegi dela oraindik erregai fosilei bizkarra emateko. «Lasterketa teknologikoa galtzeko zorian gaude», ohartarazi zuen, mundua deskarbonizatzen lagundu behar duten teknologiei «atea ixten ari garelako arrazoi ideologikoengatik».Haren ustez, Europak norabidea aldatzen ez badu inbertsio handi gehienak AEBetan egingo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.