Musken itzala Teslaren lustrean

Auto elektrikoak merkaturatzen aitzindari izateak plus bat eman izan dio Teslari, baina ez dago sasoi onenean, eta susmo bat zabaldu da: Elon Musken portaerak kalte egin ote dien konpainiaren salmentei.

Elon Musken kontra urtarrilean egindako protesta ekintza, Teslaren Berlingo lantegiaren fatxadan. BERRIA
Elon Musken kontra urtarrilean egindako protesta ekintza, Teslaren Berlingo lantegiaren fatxadan. BERRIA
Irune Lasa.
2025eko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Donald Trumpekin konpontxo egiteak abantaila franko izango ditu Elon Muskentzat. Baina, hara, badu desabantaila bat ere. Sare sozialetan, Etxe Zuriko bulego obalean eta bazter guztietan isildu gabe ari da Musk, eta aste honetan jakin da zergatik ez duen txintik ere esaten Txinari buruz: Financial Times-en arabera, Txinako agintariek Teslari jakinarazi diote ez daukatela egutegi finkorik Teslaren autoetan «erabateko gidatze autonomoa» baimentzeko.

Alegia, AEBek Txinarekin hasi duten merkataritza gerran —%10eko muga zerga horiek dira oraingoz Trumpek ezarri dituen bakarrak—, Pekinek, negoziazio posibleetara begira, ederki identifikatuta dauka arerioaren hegal ahul bat: Musken Teslak Shanghain duen lantegitzarra.

Teslarentzat, Txinakoa da merkaturik garrantzitsuena AEBetakoaren ostean. Lehiakide txinatarrekin —batez ere BYDekin— duen norgehiagokan, salmentetan behera egiten ari da AEBetako konpainia, eta, horregatik, gidatze autonomorako sistemak badu bere garrantzia, FSD (full self-driving) hori autoan izateko harpidetza egin behar baita.

Harpidetza hilean 99 dolar dira AEBetan, autoa bakarrik azeleratu, gidatu, galgatu eta lerroz aldatzen duen sistema izateko —gidariak, hala ere, adi egon behar du, eskuak bolantean—.

CHINA TRANSPORT
Tesla atzean geratzen ari da Txinan, gidatze autonomorako sistemei dagokienez. Argazkian, kamera bat Pony.ai-ren robotaxi bateko atzeko leihoan, Pekinen. WU HAO / EFE

Bitartean, Teslaren lehiakide indartsuenak, Txinako BYDek, gidatze autonomorako bere teknologia —Jainkoaren begia— ezarriko du 21 auto modelotan, Txinan, baita Seagull bere auto merkeenean ere: 10.000 euro inguru balio du.

Edonola ere, Teslak gero eta zailtasun handiagoak ditu Txinako merkatuan lehiatzeko. Horren erakusle da iazko apirilean bere autoen prezioak jaitsi zituela —ia 2.000 euro merkatu du Model 3 autoa, 32.000 dolar ingururaino—.

Behera salmentetan

Mundu osoko langile taldearen %10 kaleratzeko erabakiak argi erakutsi zuen iazko urtea zail zihoala. Eta susmoa berretsi egin da ekitaldiaren amaieran. Bere historian lehen aldiz, Teslak aurreko urtean baino gutxiago saldu du, %1,1 gutxiago. Kolpe latza, esponentzialki haztera ohituta egon den konpainia batentzat.

Oraingoz, auto elektrikoen saltzaile handiena da Tesla, baina gero eta hurbilago du BYD.

Merkatuko kapitalizazioari begira, beti esan da konpainiaren eta haren jabearen lustre bereziak puztu egiten zuela Teslaren akzioaren balioa. Enpresa berritzailea, trantsizio energetiko betean dagoena, Kaliforniako aberats progresisten begikoa. Hori bai, auto garestiak saltzen dituena. Elon Muskek aitatu zuen noizbait auto merkeagoak egiten hasteko asmoa, baina konpainia azkenean Cybercab robotaxiaren aldeko (gidari gabeko taxien aldeko) apustua egiten ari da.

Edonola ere, Teslaren akzioei Muskek berak eman die lustre gehien azkenaldian. Behin Trumpek hauteskundeak irabazi eta gero, ikusi zenean hegoafrikarrak nolako itzal handia izango zuen administrazio berrian, Teslak gorakada ikusgarria izan zuen burtsan. Muskek Etxe Zurian aterpea izateak konpainiari mesede egingo diola uste dute inbertsoreek.

Eta galdera piztu da, jakina. Muskek esan eta egiten dituenek zenbateraino egingo diote kalte Teslari? Hori gertatzen ari al da salmentekin? Trumpen best buddy (lagunik onena) izatearen beste desabantaila bat?

Hala ere, eta nahiz eta oraindik ere akzioak oso goian egon, apar hori diluituz joan da merkatuetan, besteak beste urtarrileko salmenta datuengatik. Tesla autoen salmentek behera egin dute. Hori gertatu da AEBetan, eta gertatu da Europan.

Eta galdera piztu da, jakina. Muskek esan eta egiten dituenek zenbateraino egingo diote kalte Teslari? Hori gertatzen ari al da salmentekin? Trumpen best buddy (lagunik onena) izatearen beste desabantaila bat?

AEBetan, abendutik urtarrilerako tartean %16 apaldu dira Tesla autoen salmentak, baina hori ohikoa izaten da urtarriletan, urte bukaeran konpainiek ahalegin berezia egiten dutelako salmenta helburuak betetzeko.

Hala ere, S&P Global Mobilityren datuak aipatuz, CNNk esan du demokraten aldekoak diren estatuetan apaldu egin dela beste Tesla bat erosteko prest leudekeenen ehunekoa, eta estatu gorrietan (errepublikanoetan) oso gutxi igo dela. Ez dago oso argi zenbateraino den hori Musken gorabeheren errua, beste marka batzuen eta auto elektriko merkeagoen lehia ere aintzat hartu behar baita.

Hala ere, badago Musken kontrako aktibismoa AEBetan. Sona handia hartu du, adibidez, Sheryl Crow abeslariak zabaldutako bideo batek: hartan, ikusten da nola garabiak daraman bere Tesla saldu berria, eta Crow hari agur esaten azaltzen da. Salmentatik lortutako dirua NPR AEBetako Irrati Publiko Nazionalari emango diola esan du, Trumpek itxi egin nahi baitu.

Europan ere apaldu dira Teslaren salmentak urtarrilean. Aldagai asko daude horren atzean; adibidez, adituek diote erosleak Model Y berriena, Model Y Juniper, noiz etorri zain daudela autoa erosteko. Zenbait herrialdetan logistikako kontuak ere izan dira, Txinatik Tesla autoak ekartzen dituzten itsasontziekin.

Baina nahiko garbi dago Tesla lustrea galtzen ari dela Europan, Musk Erresuma Batuan eta Alemanian eskuin muturraren alde agertu ostean. Alemanian bertan, Muskek agur nazia egin eta gutxira, irudia Teslaren Berlingo lantegiaren fatxadan proiektatu zuten, protesta ekintza gisa. 

ELON MUSK
Elon Musken kontrako Erresuma Batuko ekintzetan Tesla autoei jartzen dieten eranskailua. BERRIA

Sarean erraz eros daitezke Tesla autoetan jartzeko eranskailu batzuk, azalpen hau dakartenak: «Hau Elon erotu aurretik erosi nuen». Halakoak saltzen dituen enpresa batek asteburu bakarrean 2.000 eskaera jaso dituela esan zuen hedabideetan. Erresuma Batuan, berriz, eranskailua jabeak ez beste norbaitek jartzen die Tesla autoei: «Don’t buy a swasticar (Ez erosi svastikauto bat)».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.