Ontzi berri bat itsasoratzea beti izaten da ikuskizun bat, dituen zailtasun teknikoengatik, eta, bereziki, Euskal Herrian zutik jarraitzen duten ontzioletan gutxitan egiten direlako halakoak. Atzo, aurtengo bigarren ontzia itsasoratu zuten, Erandion (Bizkaia), Murueta ontziolaren plataformatik. Erregai likidoak garraiatzeko eta itsas zabalean dauden ontziak hornitzeko erabiliko da barkua: Bahia de Levante du izena, eta 92,5 metro luze eta 18 metro zabal da. Muruetak Mureloil enpresarentzat egin du; Mureloilek Bilbon du egoitza soziala, baina Algecirasko portutik (Espainia) aritzen da.
Itsasontzi berriak berezitasun bat dauka: propultsio sistema hibridoa erabiltzen du, gasoliokoa eta elektrikoa, eta baterien bidez energia biltegiratzeko sistema bat erabiltzen du. Muruetak azpimarratu duenez, erregaiak garraiatzeko Europan eraikitako lehen ontzi hibridoa litzateke.
Euskal ontziolek urtarrilean itsasoratu zuten aurtengo lehen barkua, hori ere Muruetarena: Groenlandiako armadore batentzat, ganba arrantzarako. Ontziolek dozena bat barku dituzte zorroan; kontratu gehienak pandemia garaian sinatu zituzten.
Garai onean
Azken 40 urteetan euskal ontziolek eraldaketa sakona izan dute, eta egun nagusi direnek —Murueta, Zamakona eta Balenciaga— beste neurri bateko helburuak dituzte. Arrantza industriarako ontzietan espezializatuta daude, baina barkurik ez dute egiten ia bertako armadoreentzat, Bizkaiko golkoko ontzidia azken urteetan berritu egin delako ia osorik. Europa iparralderako egiten dituzte bereziki: izokina, bakailaoa eta atuna itsasoan bertan prozesatu eta garraiatzeko, batez beste 70 bat metro luze eta 20 metro zabal direnak. Azken urteetan offshore-aren merkatuaren atea zabaldu dute: itsasoko haize erroten plataformak egiteko, eta horiek instalatzeko barkuak eraikitzeko.
Muruetak aurtengo bigarren ontzia itsasoratu du
Erregaiak garraiatzeko barku bat da, eta propultsio hibridoa erabiltzen du; ontziolak dio Europan egindako mota horretako lehena dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu