Aurtengo Gabonak ez dira gozoak izango Murgiako Jamur enpresako langileentzat, ikatza baino opari txarragoa ekarriko baitie Olentzerok: enpresaren itxiera. Jamur Arabako Zuia eskualdeko industria enpresarik garrantzitsuena da, 37 langilerekin, eta egitura metalikoak eraikitzen ditu industrian eta herri lanetan erabiltzen diren garabietarako. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek enpresaren itxiera salatu zuten atzo, Gasteizen egindako agerraldian.
Hain zuzen, eraikuntzarako garabiak egiten dituen atala ari da krisiaren ondorio larrienak jasaten. Eskarian eta jardueran jaitsiera handia izan dute bi urteotan. Aldiz, industriarako zubi garabien atalak egokiago aurre egin dio egoerari. Baina, oro har, eskarian izandako jatsiera tarteko, enplegua erregulatzeko neurriak hartu behar izan zituen enpresak urtearen hasieran. Hala, aldi baterako erregulazioa ezarri zuen, joan den urriaren 9ra arte. Eta behin hura bukatuta, enpresa ixtea erabaki du zuzendaritzak.
Hain justu, horixe salatu dute sindikatuek, enpresak ez duela beste erregulazio bat negoziatu nahi izan: «Negoziatu beharrean, enpresa itxi du. Ez du lan gehiago bere gain hartu nahi izan, eta langile guztiak kalean utzi ditu saritutako baimen batekin. Errealitatean, ordea, baimen hori inork ez die ordaintzen langileei, ez enpresak eta ez INEMek».
Jamur enpresak bere langileak «bertan behera utzi dituela» uste dute sindikatuek, inolako diru sarrera ekonomikorik gabe, eta enpresa desegin ostean dagozkien gutxieneko baldintzak hitzartzeko aukerarik gabe.
Enpresako zuzendaritzak konkurtso prozedura edo ordainketak eteteko prezedura bat aurkeztu zuen, eta merkataritza arloko epaitegiak onartu egin zion iragan azaroaren 19an. Sindikatuen esanetan, zuzendaritzak prozedura hori erabili nahi du «langileak bazterrean utzi eta aktiboaren zati handienari heldu ahal izateko». Enpresak sei milioi euroren aktiboa eta hiru milioi euroren pasiboa dituela ziurtatu dute.
Enpresaren itxiera salatzeko, mobilizazio kanpaina hasiko dute gutxi barru. Egunik zehaztu ez badute ere, ekimenak Murgian, Gasteizen eta Gipuzkoako Itsasondon egingo dituztela aurreratu dute.
44 kaleratze Zaratamon
Hilabeteetako liskarraren ostean, Zaratamoko Deusto 2000-Vacuum enpresako 44 langileak kaleratzeko baimena eman du Bilboko merkataritza arloko 2. epaitegiak. Horrela, lan talde guztia kaleratuta, enpresa itxitzat jotzen dela uler daiteke. Baina, ELA sindikatuaren arabera, enpresa «kontraturik egin gabe» langile berriak hartzen ari da ekoizten jarraitzeko.
Sindikatuek egoeraren berri behin baino gehiagotan eman duten arren, Administrazioak eta Lan Ikuskaritzak ezer ez dutela egin salatu du ELAk.
Itxura denez, zuzendaritzak enpresa likidatzeko asmoa iragarri du, jarduera berarekin jarraituko duen berri bat irekitzeko. ELAren esanetan, jokaldi horrekin, ordura arte pilatutako zorra aurreztu eta lan taldea doan murriztu nahi du zuzendaritzak. «Hori iruzurra da, eta epaitegien, Administrazioaren eta instituzioen laguntzarekin, iruzur hori gauzatzen ari da».
Murgiako Jamur enpresa itxi eta 37 langile kalean geratu direla salatu dute sindikatuek
ELAk, LABek eta CCOOk diote enpresak «bertan behera utzi» dituela langileak, inolako diru sarrerarik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu