Ekonomia

Muñoz: “Bidezko gizarte batean, gatazkek existitu behar dute”

ELAk Ezkerraldeko eta Cagaduako egoera salatzeko mobilizazioa egin du Barakaldon. Eskualdeko gatazkei babesa eskaini die horrela sindikatuak.

ELAren manifestazioa. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko ekainaren 23a
14:45
Entzun

Ezkerraldea eta Cadagua eskualdeetan langabezia %18ra iristen da, eta 25.000 pertsonari eragiten die. Egoeraren larria deskribatu du horrela Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, erakundeek "ezer ez" dutela egiten esaten jarraitzeko. “Industriak pisu berezia izan du hemen, eta hori desagertzen ari da apurka; gizarte prekario bat ari da sortzen”. Gaur egun bi eskualde horietan dauden gatazkei babesa eman die horrela Muñozek, eta “bidezko gizarte batean gatazkek existitu” behar dutela aldarrikatu du. “Bestela, diktadura batean biziko ginateke”.

Era berean, ulergaitza egin zaio Muñozi Trapagako kale garbitzaileen gatazka oraindik ez konpondu izanak. “Inguruko herrietan ados jarri dira, eta han zergatik ez?”. Erakundeek gutxieneko zerbitzuen eta mediku informeen bidez langileak egiten ari diren greba oztopatzen ari direla esan du, eta larritzat jo du hori. “Sindikatuok antolatzen jarraituko dugu, krisia ez dadin betiko jendearen bizkar eror”. Eta horregatik esan du apiriletik datorren garbitzaileen grebari eutsiko diotela.

Berdin zaharren egoitzetako gatazkarekin ere. Ezkerraldean eta Cadaguan denera sei egoitza daude, eta horietan guztietan hemezortzi eguneko grebak egin dituzte. “Egoera ez bada bideratzen, irailean greba mugagabeari ekingo diogu”, aurreratu du. “Bertan emakumeek lan egiten dute, eta badakigu erakundeei emakumeek ez diela axola; Martxoaren 8rako kartel polit bat egiteko ez baldin bada”. Egungo egoeran emakumeen lana “miserablea” dela esan du.

Azkenik, Sestaoko ACB lantegiaren kasua jarri du mahai gainean. “Egia da langileek bozketa egin dutela, baina hori ez da demokrazia. Xantaia antolatu denean, hori ez da demokrazia”. Multinazionalek egiten duten bidea hori dela esan du, eta gobernu eta erakundeek bide hori errazten diela gaineratu. “Gobernuen laguntza topatzen dute bide horretan”. Horri guztiari aurre egiteko, gatazkaren bideari helduko diotela errepikatu du Muñozek, eta gaurko mobilizazioak hori erakutsi du. Ehunka langilek bide hori aldarrikatu baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.