Munduko merkataritzaren kanalak lehortzen ari dira

Ur eskasiagatik, Panamako kanalean murriztu egin dute garraioa, eta 130 ontzi geldirik daude sarreretan. Atzerapenak eta prezio igoerak eragingo ditu horrek

Merkantzia ontzi bat, Panamako kanaleko konporta batean, herenegun. BIENVENIDO VELASCO / EFE.
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun

Panamako kanala, munduko merkataritzaren sinboloetako bat, klima aldaketaren ondorioak jasaten ari da. Herrialdean duten lehortearen ondorioz, kanalaren ur mailak jaitsi egin dira, eta, horren ondorioz, barku gutxiago igarotzen ari dira, eta pasatzen direnak karga txikiagoekin egin behar dute zeharkaldia.

Panamako kanala ezinbestekoa da Ozeano Atlantikoa eta Ozeano Barea lotzeko. Urtean bostehun milioi tona baino gehiago pasatzen dira, 13.000 itsasontzi inguru, munduko merkataritzaren %6. Handik denetarik garraiatzen da, laboreak, energiak, eta manufakturak. Asiatik Europara bidalitako edukiontzien %40 inguru pasatzen da.

Aste honetan, 130 itsasontzi inguru daude kanalaren bi aldeetan geldirik. Ia lau egun itxaroten ari dira sartu ahal izateko. Duela bi hilabete, egun bakarra egin behar zuten. Ontzi batzuek 20 egun itxaron behar izan dute, kanaletik igarotzeko erreserbarik egin ez dutelako. Ibilbide finkorik ez duten itsasontziak dira, luze gabeko kontratuak dituztenak. Gehienek gasa, ikatza eta burdin minerala garraiatzen dute.

Panamako kanalaren sarreretan pilatuta dauden ontziak, ostegun goizean / Marinetraffic.com

Ontzi horietako batzuk enkanteetan parte hartzen ari dira kanala zeharkatzeko lizentziak lortzeko, eta horrek are gehiago garestituko ditu merkantzien prezioak. 700.000 dolar ordaintzen ari dira, ACP Panamako kanalaren administrazioaren arabera. Hidrokarburoak dituzten ontziak beste bide batzuk aukeratzen ari dira, hala nola Suezko kanala eta Esperantza Oneko lurmuturra, eta beste batzuk trenbideak erabiltzen ari dira. Horrek ere igoko ditu prezioak.

Kanaleko arduradunek uztailaren 30ean murriztu zuten handik pasa zitezkeen barkuen kopurua: egunero 32 baino ez. Aste honetan batez beste 10 ontzik igaro dute egunero. Neurria irailaren 2ra arte egongo da indarrean, baina herrialdeko agintariek ez dute baztertzen luzatzea. Oraingo murrizketen eraginak Gabonetara arte nabarituko direla diote logistikako enpresek.

Panamako kanaleko arazoak ez dira berriak. Maiatzaren amaieratik, ontziek kargak murriztu behar izan dituzte. Urrian eurite garaia iritsiko da, eta horrekin arazoaren zati bat konponduko dutela aurreikusten dute agintariek. Dena den, urte hasierarako El Niño klima fenomenoak eragindako lehorteak espero dituzte han. Panamako ubidea urez hornitzen da bi laku artifizialen bidez: Gatun eta Alhajuela. Gatun da handiena, eta ur kantitatearen %50 inguru giza kontsumorako erabiltzen da. Uztailaren amaieratik gutxieneko mailan dago.

Suteak eta istripuak

Panamako kanala ez da salbuespena. Europan, Rhin ibaia ere nabigatu ahal izateko minimoetan dago joan den hilabetetik, baina ez da garraioa mugatu, iazko udan eta urte hasieran gertatu zen moduan. Maersk ontzi konpainiak, berriz, ohartarazi du Amazonas ibaian dabiltzan itsasontziek kargak murriztu beharko dituztela irailetik abendura.

Lehorteek ez ezik, klima aldaketaren beste ondorio batzuek ere eragiten dute ur garraioan. Atzo 300 itsasontzi inguru Itsaso Beltzaren eta Egeo itsasoaren artean zirkulatu ezinik geratu ziren, Turkiak Dardaneloetako itsasartea itxi zuelako, bero boladak eragindako baso suteen aurka hegazkinak erabili ahal izateko. Gobernuak jakinarazi du gutxienez gaur arte itxita egongo dela. Asteazken honetan, halaber, Bosforo itsasarteko trafikoa eten dute, petrolio ontzi batek matxura mekanikoa izan ostean.

Gertakari horiez gain, atzo ere itsas merkataritzaren beste puntu garrantzitsu batean istripua gertatu zen: Suezko kanalean. Zisterna ontzi baten eta petroliontzi baten arteko «talka arin» baten ondorioz zirkulazioa itxi behar izan zuten hainbat orduz. Suezko kanalean hainbat ezbehar izan dira aurten, baina larriena 2021eko martxoan gertatu zen, Ever Given ontziak sei egunez itsas pasabidea blokeatu baitzuen. Horrek eragin ekonomiko handiak izan zituen nazioarteko merkataritzan, eta ondorioak denbora luzez nabaritu ziren mundu osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.