Aberatsak are aberatsago, eta pobreak are pobreago: pandemiak utzi duen beste albo kalteetako bat da hori. Hala berretsi du Oxfam International gobernuz kanpoko erakundeak desberdintasunari buruz egiten duen urteroko txostenean. Izan ere, munduko hamar aberatsenek bikoiztu egin dituzte beren aberastasunak azken bi urte hauetan.
Aberatsen eta txiroen arteko arrakala handitu du COVID-19ak. Erakundearen arabera, hamar dirudun handienek 700.000 milioi dolarreko jabetza zuten izurria iritsi aurretik, eta 1,5 bilioi dolarreko jabetza dute orain. Munduko aberats handienen jabetza ere 5 bilioi handiagoa da orain. Aldiz, munduko gainerako herritarren diru sarrerak nabarmen jaitsi dira.
Forbes aldizkariaren arabera, Elon Musk, Jeff Bezos, Bernard Arnault eta haren familia, Bill Gates, Larry Ellison, Larry Page, Sergey Brin, Mark Zuckerberg, Steve Ballmer eta Warren Buffet ziren munduko aberatsenak. 2020ko martxoaz geroztik, 821.000 milioi handitu dute beren jabetza.
Horietako batzuk Davosko Munduko Ekonomia Foroan bilduko dira datozen egunetan, Suitzan, eta Oxfamek gogorarazi nahi izan die aberastasunaren banaketa munduaren arazo handienetako bat dela oraindik ere, heriotzak eragiteraino. Horregatik jarri dio aurtengo txostenari izenburu hori: Desberdintasunak hil egiten du.
Oxfamen arabera, 21.000 pertsona hiltzen dira egunero desberdintasun ekonomiko eta sozialen ondorioz. Gordinago esanda, pertsona bat hiltzen da lau segundotik behin osasungintzarako sarbiderik ez izateagatik, edota genero indarkeriaren, gosearen edo krisi klimatikoaren eraginpean egoteagatik.
Atzerapausoak berdintasunean
Pobreziak emakumeen aurpegia du, Oxfamek gogorarazi duenez. Izan ere, gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 252 gizonek mila milioi emakumek baino gehiago irabazten dute Afrikan, Latinoamerikan eta Kariben. Gizonen eta emakumeen arteko arrakala hori ere larriagotu egin du izurriak, pandemiaren ondorioz emakumeek 800.000 milioi dolar galdu zituztelako diru sarreretan 2020an bakarrik. Gainera, izurriaren aurretik baino 13 milioi andre gutxiago daude lanean orain.
Emakumeei ez ezik, COVID-19ak kalte handiagoa egin die gutxieneko etnietako pertsonei ere. Eta hainbat adibide jarri ditu hori ikusarazteko: Bangladeshko jatorria duten eta Erresuma Batuan bizi diren emakumeek, adibidez, gaitzak jota hiltzeko duten arriskua bost aldiz handiagoa da gainerako herritarrekin alderatuz gero. Brasilen ere gaixotasunaren ondorioz hiltzeko beltzek duten arriskua 1,5 handiagoa da zuriekin alderatuta. «Eta 3,4 milioi afro-amerikar bizirik leudeke beren bizi itxaropena zuriena bezalakoa balitz».
Gabriela Bucher kolonbiarrak zuzentzen duen erakundeak gogorarazi du, halaber, herrialdeen arteko desberdintasuna areagotu egingo dela etorkizun hurbilean. Txostenak jasotzen duenez, ez da halakorik gertatu azken urteetan, baina estatu aberatsek pobreei eman dieten babes urriaren ondorioz, desberdintasun hori larriagotu egingo da.
Zergak igo
Koronabirusari aurre egiteko neurriak kostu handia izan dira gobernuentzat, baina Oxfamek adierazi du kostu gehigarri hori estaltzeko herrialde garatuek ez dituztela errenta altuenen zergatik igo. Eta gogorarazi du, halaber, sektore pribatuen esku utzi dituztela ondasun publikoak; besteak beste, txertoen teknologiari dagozkienak. Monopolioak sustatu dituztela ere salatu du.
Horregatik, gobernuei eskatu die jabetza intelektualaren arauak malgutzeko, txertoa garatzeko eta ekoizteko gaitasuna herrialde gehiagok izan ditzaten. Pandemian pilatutako irabazien gaineko zergak onartzeko ere eskatu die herrialde aberatsenei. Eta proposatu die diru sarrera horiek osasun publikoan eta gizarte segurantzan inbertitzea, bai eta klima aldaketaren eta arrazakeriaren aurkako borrokan eta genero indarkeriaren prebentzioan ere.
«Ez dago diru eskasiarik», azpimarratu du Bucherrek. «Porrot egin duen eta hilgarria den muturreko neoliberalismoaren alkandora hertsagarritik askatzeko behar diren adore eta irudimen eskasia da dagoena», salatu du.