Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Inbertsio sozietate handiei buruz hitz egiteko orduan, Black Rock da, dudarik gabe, ezagunena. Eta ez da kasualitatea: munduan diru gehien maneiatzen duen inbertsio sozietatea da, milaka aurrezleren eta enpresaren aktiboak jaso eta mugitzen baititu merkatuan. Zehazki, hamar bilioi dolar maneiatzen zituen 2023. urtearen amaieran, 2021ean bezainbeste —2022an %14ko jaitsiera izan zuen, baina urtebetean errekuperatu du—.
Inbertitzaile handi gehienek bezala, hainbat inbertsio estrategia ditu Black Rockek, eta horietako bat tituluen erosketa da: enpresen akzioak. Itsulapikoan duen kapitalaren kudeaketa pasibo eta aktiboaren bidez, Amerikako Estatu Batuetako enpresa handi gehienetan sartu da akzioak erosiz. Appleren akziodun handienen artean bigarrena da —ia %7rekin—; Alphabeten akzioen %6,4 ere baditu, eta Metaren %7,3 ere harenak dira. Era berean, Amazonen akzioen %6,1 ere Black Rockenak dira.
Hala ere, aspaldi gainditu zituzten AEBetako mugak, Europako eta munduko beste hainbat txokotako enpresa handienen akzioak ere erosi baitituzte. Esaterako, IBEX 35eko hogei enpresatako akzioak ditu gutxienez, eta beste hainbat burtsa indizetako enpresa nagusietako tituluak ere baditu. Zerrenda amaiezina da: Santander bankua, Deutsche Bank, Novo Nordisk, Louis Vuitton, ASML... Naturgy izan da azkenetarikoa, eta polemikoenetakoa ere bai: Black Rockek energia enpresaren akzioen %20 zituen funtsa erosi du.
Enpresa horietako parte hartzeak, testuinguruz kanpoko beste hainbat daturekin batera, alarmismo handia sortu dute gizarteko sektore batzuetan; izan ere, zenbaitek munduaren menperatzaile etiketa jarri dio Black Rock enpresari. Zer du, baina, egiatik adierazpen horrek? Munduaren jabe da, edo soilik errentagarritasunaren bila ari den beste enpresa bat?
Hamar bilioi dolar
Konspirazioen teorietan sinisten duten askok hamar bilioi dolarren datua aipatzen dute lehendabizi, Black Rocken boterea nabarmentzeko. Esaten dute hamar bilioi dolar dituela edo balio dituela, baina hori ez da guztiz egia. Izan ere, kudeatzen duen kapitala da hori, hau da, aurrezle txikiek, enpresek eta pentsio funtsek inbertsio bide ezberdinen bitartez Black Rocki inbertitzeko ematen dioten dirua, komisio batzuen truke ostera errentagarritasun batekin jasotzeko.
Hamar bilioi dolar horiek herrialdeen barne produktu gordinekin alderatzen dituzte askotan. Eta, esan bezala, kapital hori izatez ez da Black Rockena; baina, hala izango balitz ere, hirugarren egongo litzateke ekonomia handienen zerrendan, AEBen eta Txinaren ostean. Alderaketa hori, baina, tranpatia da, bi kontzeptuak ez baitira alderagarriak, nahiz eta lagungarria den finantzen munduak hartu duen garrantziaz ohartzeko.
Nahiz eta hamar bilioi dolar kudeatu, enpresaren irabaziak ez dira horrenbestekoak. 2023an, ia 18.000 milioi dolarren diru sarrerak izan zituen, eta 5.500 milioi dolarren irabazi garbiak. BBVAk, adibidez, 8.000 milioi euro irabazi zituen joan den urtean, Black Rockek baino dezente gehiago. Black Rocken negozioa, beraz, bezeroei komisioak kobratzean dago —diru sarreren ia %80—; gainera, gestio pasiboa gailentzen ari denez, gero eta txikiagoak dira komisio horiek, kapital horren kudeaketa automatizatuagoa baita eta lan gutxiago eskatzen baitu. Horrek ere bezeroak erakartzen ditu, eta horregatik bihurtu da inbertsio kudeatzaile handienetako bat.
Joaquin Arriola EHUko Ekonomia Aplikatuko irakasleak azaldu duenez, Black Rocken tankerako enpresak asko ugaritu dira, batez ere sortzeko errazak direlako: «Haien helburua da merkatuan ahalik eta funts gehien bereganatzea, gainontzekoek baino errentagarritasun handiagoa bermatzeko. Hori sortzeko, kapital finko handirik ez da behar, sinesgarritasuna eta prestigioa dira garrantzitsuenak. Hor dago lehia».
Akziodun handienetakoa
Black Rock munduko akziodun handienetako bat da, Vanguard taldearekin batera, milaka enpresatan baitituzte akzioak erosiak —enpresa handienetan gehienak—. Horrek ere eragin du asaldura, baina kasu askotan ez daude administrazio kontseiluetan, eta, baldin badaude, indar gutxirekin daude. Hala ere, enpresa kultura ezberdineko lekuetan indar handiagoa edo txikiagoa izan dezakete, leku batzuetan sozietate anonimoen kontrola handiagoa baita beste batzuetan baino.
Arriolak uste du enpresa horien helburu nagusia akzioak dituzten enpresen irabazien zati ahalik eta handiena dibidendu gisa banatzea dela, eta administrazio kontseiluetan daudenean hori bultzatzen dutela: «Ez diote ekarpenik egiten ekonomiari. Inbertitzen duten herrialdeetako gainbalioa irensten duten banpiroak dira: ez dute ezagutza teknologikorik ematen, ez dute ekoizpen kapitalik ematen. Sinpleki, aurrez ekoizten zuten eta ekoizten jarraituko duten enpresen jabe berri bat dira, eta, akzio asko erosten badituzte, administrazio kontseiluetan sartzen dira».
EHUko irakaslearen ustez, enpresa horien arazorik handiena da nondik datozen: AEBetatik. «AEBetako gobernuak ulertu du bere inbertsio funtsak beste tresna bat direla europarrak menderatzeko. Horregatik daude Alemanian, Espainian, Frantzian... Alemanian enpresen kontrolerako mekanismoak dituzte, baina Deutsche Banken Black Rock sartu zaie».
«Ez diote ekarpenik egiten ekonomiari. Inbertitzen duten herrialdeetako gainbalioa irensten duten banpiroak dira: ez dute ezagutza teknologikorik ematen, ez dute ekoizpen kapitalik ematen»
JOAQUIN ARRIOLAEHUko Ekonomia Aplikatuko irakaslea
Munduaren jabe etiketa horri buruz, azaldu du hori baino gehiago «kapitalaren jabe» direla: «Haien artean lehiatzen diren funtsak diren heinean, ezin dute ere nahi dutena egin; adibidez, ezin dira enpresa batean sartu eta dena desegin, ondoren dirua banatzeko. Hori eginez gero, urrezko arrautzen oilorik gabe geratuko lirateke; baina momentu batean sakrifikatu dezakete oiloetako bat. Gauza bat da kontrola izatea, eta bestea jabe izatea. Ez nago hain ziur hori dutenik».
Akzioen jabe izateak eragin handiko enpresa bilakatzen badu ere, ziurrenik eragin handiagoa du eskaintzen dituen aholkularitza zerbitzuei esker. Izan ere, urteko balantzeetan zerbitzu horrek etekin handirik ematen ez badio ere —irabazien %1—, eragiteko ahalmen handiagoa ematen dio. Bestelako finantza erakundeei, bankuei, merkatu arautzaileei eta gobernuei eskaintzen dizkiete zerbitzu horiek. Esaterako, iaz Ukrainako Gobernuak Black Rock aukeratu zuen herrialdearen berreraikuntzaz eta garapenaz arduratuko den funtsaren sorreran aholkulari lanak egiteko.
Silicon Valley Banken eta Signature Banken iazko porrota kudeatzen ere jardun zuen Black Rockek, AEBetako arautzaileek kontratatu baitzuten banku horien jabetzakoak ziren aktibo batzuk saltzeko.
Ondorengo bila
Black Rocken atzean dagoen figura garrantzitsuena Larry Fink da. Zientzia Politikoak ikasi zituen, baina, negozioen munduko gizona izan nahi zuela garbi zuenez, enpresen administraziorako master bat egin zuen. First Boston inbertsio bankuan hasi zuen ibilbidea, eta figura garrantzitsua izan zen enpresaren barruan, MBS izeneko inbertsio produktuak zabaldu baitzituen. Nahiz eta diru asko irabazi horri esker, galera handiak eragin zituen ostera, interes tasen aurreikuspen txar batengatik. First Boston bankua utzi, eta Blackstone inbertsio sozietatera joan zen. 1988an, Blackstone barruko filial batean lanean hasi zen —Blackstone Financial Managment—, inbertitzaile instituzionalen bonuen salerosketak kudeatzen.
Blackstonek pixkanaka murriztu egin zuen filial horretan zuen parte hartzea, eta, 1994an, Larry Finkek izena aldatu zion: Black Rock. Ordutik taldeko kontseilari ordezkari da, baina denbora darama oinordeko bila. Behin baino gehiagotan azaldu du garbi duela zeintzuk izango diren egungo agintari nagusien ondorengoak. Hedabide batzuek azaldu dutenez, etxeko bi dira: Rob Goldstein, operazio zuzendaria, eta Mark Wiedman, negozio globalaren arduraduna. Hala ere, Financial Times ekonomia agerkariak azaldutakoaren arabera, Black Rockek GIP Global Infrastructure Partners enpresa erosi ostean, ez dago hain garbi Finken ondorengoa, beste «hautagai indartsu» bat sartu baita jokoan: Adebayo Ogunlesi, GIPen burua.
Finkek azaldu du hurrengo belaunaldia prest dagoela uste duenean egingo duela urrats bat albora. Finken ondorengotzak garrantzia du, ez soilik enpresako langileentzat eta inbertitzaileentzat: «Mundu mailan du garrantzia. Izan ere, munduan aktibo gehien kudeatzen duen enpresa denez, milaka enpresen jarduteko eran eragina du», idatzi du Financial Times-eko AEBetako finantza editoreak.