Mundua argindarraren arorantz doa bizkor

IEAren arabera, berotegi efektuko isuriek «berehalakoan» joko dute goia, baina egungo politikekin ez dira bizkor murriztuko. Mundua atzean uzten ari da ikatzaren aroa eta petrolioaren aroa, eta argindarraren aroaren atarian dago.

Argindar linea bat AEBetan. ALLISON DINNER / EFE
Argindar linea bat AEBetan. ALLISON DINNER / EFE
Irune Lasa.
2024ko urriaren 16a
11:55
Entzun

Energia eskariak hazten jarraituko du, baita petrolio eskariak ere, baina azkenak goia joko du 2030. urtea baino lehen. Munduak argindarraren aldeko apustua egin du, baita errepide garraioan ere, eta horrek erabat aldatuko ditu energia sistemaren egitura eta merkatuak. Edonola ere, IEA Nazioarteko Energia Agentziak, bere aurreikuspenei buruzko urteroko txosten nagusian, bultzada handiagoa eskatu die gobernuei, COP28an ezarritako helburuak beteko badira.

Argindarraren indarra

Azken urteetan, argindarraren ekoizpena energia eskari osoa halako bi handitu da, eta, IEAren aurreikuspenen arabera, 2035erako hazkundea sei aldiz handiagoa izango da. Jakina, elektrizitatea mix energetikoaren zati gero eta handiagoa hartuz doan heinean, berebizikoa da argindarra iturri garbietatik datorrela ziurtatzea.

Bide horretan, eguzki energiaren eta haize energiaren gorakada bizkorraren eraginez, bi iturriak gai izango dira ikatzaren ekoizpena gainditzeko 2035. urterako. Horregatik, IEAk esan du mundua atzean uzten ari dela ikatzaren aroa eta petrolioaren aroa, eta bizkor sartzen ari dela argindarraren aroan.

Trantsizio bizkorrak

«Sekula ikusi gabeko erritmoan ari da energia garbia sisteman sartzen, nahiz hedatze hori ez den modu uniformean gertatzen ari teknologia guztietan, ezta herrialde guztietan ere», azaldu du energia agentziak.

Datuak dira erritmo azkarraren erakusle. Petrolioan, gasean eta ikatzean egindako gastu konbinatuak halako bi dira urtero energia garbietan egindako inbertsioak. Egun indarrean dauden politikei eusten bazaie, energia berriztagarrien hazkundea nahikoa izango da energia eskariaren hazkundea betetzeko eta aldi berean ikatzean oinarritutako sorkuntza beheratzeko.

Energia berriztagarriei energia nuklearretik sortutako elektrizitatea gehituta, IEAk iragarri du 2030. urtearen aurretik munduan sortutako argindarraren erdia baino gehiago emisio txikiko iturrietatik etorriko dela.

Fatih Birol IEAko zuzendari exekutiboak energia nuklearraren loraldia iragarri du, eta esan du 2025. urtean inoiz baino argindar gehiago ekoitziko dela energia nuklearrak erabiliz.

FATIH BIROL, IEA
Fatih Birol IEAren zuzendari exekutiboa. OLIVIER HOSLET / EFE

Erregai fosil gehigarririk ez

Munduaren energia eskaerak bizkor hazten jarraitzen duela ere azaldu du agentziak, batez ere garapen bidean dauden herrialdeengatik. «Baina, energia garbirako trantsizio azkarren aurrerabide jarraituarekin, munduko ekonomiak hazten jarrai dezake petrolio, gas natural edo ikatz gehigarririk gabe».

Orain arte ez da horrelakorik gertatu; ekonomiaren hazkundearen bi heren bete dira erregai fosilekin, batez ere Indiako, Asia hego-ekialdeko, Ekialde Erdiko eta Afrikako ekonomien eskariengatik.

Baina, munduko ekonomian gertatzen ari diren egiturazko aldaketengatik, eta batez ere Txinarengatik, IEAren arabera, energia eskariaren gorakada apaltzen hasiko da.

Txina jokalekuan

Txina munduko energia kontsumitzaile handiena da, baita berotegi gasen isuri gehien sortzen duen herrialdea ere. «Baina Txina bizkor ari da aldatzen», esan du Fatih Birolek.

Txina masiboki elektrifikatu da. Eguzki energia eta beste teknologia garbiak bultzatu ditu, eta horrekin petrolioaren eskaria mugatzen hasi da, baita ikatzaren erabilera murrizten ere. IEAren arabera, horrek asko eragiten dio munduaren joerari.

Adibidez, azken hamarkadetan petrolioaren merkatuaren motorra izan da Txina, baina orain argindarrera pasatzen ari da, «petrolio ekoizleen nahasmendurako», IEAren ustez. Ibilgailu elektrikoek dagoeneko aldaketa sakonak eragin dituztela nabarmendu du, eta aldaketa horiek ez dira Txinan bakarrik gertatu.

Petrolioa eta gasa, sobran

Nolakoak izango dira merkatu berriak? IEAren ustez, 2020ko urteen bigarren erdirako, petrolioaren eta gas natural likidotuaren gehiegizko eskaintza nagusituko da. Izan ere, datozen urteetan petrolioaren eskariak handitzen jarraituko du, baina goia hurbil dago; 2030. urtea baino lehen iristea aurreikusten du agentziak.

Herrialde aurreratuenetan iragartzen da errepide garraiorako murriztu egingo dela petrolioaren erabilera, nahiz eta hori neurri batean konpentsatuko egingo den industria petrokimikoarekin. Edonola ere, auto elektrikoen merkatua handituz doan heinean, petrolioaren eskaria geldotu egingo da. India izango da orduan petrolio eskariaren gorakadaren protagonista.

Eskaintzari dagokionez, berriz, IEAk uste du gorakada AEB, Brasil, Guyana eta Kanadatik etorriko dela. Horrek guztiak areagotu egiten du LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko herrialdeen eta haien aliatuen (Errusia) gaineko presioa.

IEAk uste du gas natural likidotuaren eskaintza nabarmen handituko dela, eta esportazioak %50 handituko direla, batez ere AEBen eta Qatarren eraginez. Kontua da herrialde inportatzaile askorentzat prezioak konpentsatuko ote dituen gasa jasotzeko egin beharreko inbertsio handiak, batez ere garapen bidean diren herrialdeetan, haietan gasak lehiakide izango baititu energia berriztagarrien eta ikatzaren prezio merkeagoak.

Arriskuak

Egoera horri energia garbiko teknologien gehiegizko fabrikazio ahalmena gehitu behar zaio. Horrekin guztiarekin, arrisku geopolitikoen eragina leundu egingo dela pentsa daiteke, baina arrisku bat ere badu. «Erregai eta teknologia ezberdinen oparotasunak babesa ematen du merkatuen nahasmenei begira, baina aldi berean prezioak beheratzen ditu».

Erregai fosil merkeagoek zenbateraino oztopatu dezakete energia garbiagoen ezarpena? «Kontsumitzaileen eta gobernu politiken erabakiek sekulako ondorioak izango dituzte energia sektorearen etorkizunerako eta klima aldaketari aurre egiteko», uste du IEAk.

Azkarrago joan behar da

«Trantsizioak indarra hartzen ari diren arren, munduari asko falta zaio bere klima helburuekin lerrokatua egoteko». IEAk uste du gehiago behar dela, baina, haren esanetan, «gobernu, inbertsiogile eta kontsumitzaileen erabakiek egungo energia sistemaren akatsak indartzen dituzte maizegi, sistema norabide garbi eta seguruago baterantz eraman beharrean».

Egungo politikekin jarraituz gero, 2100. urtean batez besteko tenperatura globalak 2,4 gradu zentigradu handiagoak izango direla ohartarazi du. «Alde guztiek aitortu behar dute erregai fosilen okerreko erabilerak bere ondorioak dituela. Baliteke erregaien prezioak merkatzea, baina historiak esaten digu zikloa aldatuko dela eta garestitu egingo direla. Bitartean, klimari begira ezer ez egitearen kostuak handituz doaz egunetik egunera».

Aldiz, IEAk azaldu duenez, «teknologia garbiak gero eta errentagarriagoak dira, eta hala izango dira aurrerantzean ere, lehengaien merkatuaren nahikerietatik libreago, eta onura iraunkorragoak izango dituzte  pertsonentzat eta planetarentzat».

energia segurtasuna

«Azken urteetako esperientziak erakusten digu menpekotasunak zein azkar bihur daitezken zaurgarritasun», gogorarazi du IEAk, azpimarratuz lezio hori baliagarria dela energia garbien kontzentrazio handiko merkatuetarako ere. 

Finean, azken urteetan bai Ukrainako gerrak eta bai Ekialde Erdiko gatazkek beste behin agerian utzi dute energia segurtasunaren garrantzia. IEAren arabera, munduak nozitutako energia krisia apaltzen hasi zen 2023an, «baina nahasmendu berriak izateko arriskua oso handia da».

Ez hori bakarrik, muturreko gertaera meteorologikoak —beroaldiak, uholdeak....— hasi dira erakusten energia segurtasunarentzako arrisku gehiago sortu direla. Nolabait, garai batean soilik erregai fosilen hornikuntzara mugatzen zen energia segurtasuna, eta orain zabaldu egin da fokua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.