Lehman Brothers erori zela hamar urte

Mundua astindu zuen krisiaren kronologia

Inor gutxik aurreikusi zuen bankuen kontuetan agertutako lehen zulo haiek gero mundu osoa ito zuen erauntsiaren lehen olatuak zirela .

Irune Lasa.
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun

2006




Likidezia handiak eta interes tasa txikiek AEBetako etxebizitza merkatua puztu zuten 2004-2006ko urteetan. Baina, petrolio garestiak eragindako inflazioari eutsi nahian, Erreserba Federala tasak igotzen hasi zen, puntu laurden orain, puntu erdi gero, etengabe. Bi urtean 4,25 puntu igota, 2006ko ekainean interes tasak %5,25ekoak ziren. Eta etxebizitza burbuilak eztanda egin zuen. Hilabeteek aurrera egin ahala, etxegabetzeen kopurua gora joan zen AEBetan.
 

2007




Gero eta argiago zegoen: Hainbat mailegu kobratzea ezinezkoa izango zen. Horien artean erabat ustelak ziren bi hipoteka mota zeuden: batetik, interes handiagoa ordaintzearen truke kreditu historia edo kaudimen eskaseko jendeari emandako subprime maileguak. Eta bestetik, bi urtetan interes finkoa (txikiagoa) ordaindu eta gero tasa aldakorrera aldatu behar ziren ARM (Adjustable-Rate Mortgages) maileguak; hots, bat-batean interes oso handiak ordaindu behar zituen jendearen hipotekak.

Hipoteka horien inguruko aktiboak ustelak ziren, eta ez ziren gutxi. 2007an hasi zen azaleratzen aktibo toxiko horiek hainbat banku eta funtsetan egindako zuloa zenbaterainokoa zen.

Otsailaren 27a: Freddie Mac AEBetako hipoteka emailerik handienetakoak uko egin zion subprime maileguak erosteari.

Uztailaren 31: Bear Sterns bankuak bi hedge fund inbertsio funts geratu zituen subprime hipotekekin bermatuta zeudelako.

Abuztuaren 9a: Kezkak Atlantikoa zeharkatu zuen. BNP Paribasek hiru inbertsio funts gelditu zituen, ez zelako gai haien egiazko balioa kalkulatzeko.

Irailaren 4a: Bankuen kontuetan zulo handiak zeudela gero eta argiago zegoen: bankuak ez ziren fidatzen beste bankuen kaudimen gaitasunaz; edo eurak zeuden diru behar gorrian: bankuarteko maileguetarako tasak % 6ko langa pasatu zuen. Banku zentralak sisteman dirua sartzen hasi ziren.

Irailaren 13a
 

Alan Greenspan




(Erreserba Federaleko presidente ohia) subprime hipotekei buruz:

«Banekien halako gauzak egiten ari

zirela, baina hartu zuten neurriaz ez nuen

arrastorik izan oso berandu izan zen arte»

Irailaren 14a: Lehen SOS seinalea. Erresuma Batuko Northern Rockek erregu egin zion Ingalaterrako Bankuari, likidezia arazoak zituela. Laguntza lortu, baina bezeroen konfiantza galdu zuen. Aurreztaileek ilara luzeak egin zituzten euren dirua ateratzeko, gobernuak gordailu guztiak bermatu eta gauzak baretu aurretik.

Irailaren 18a: Erreserba Federalaren lehen jaitsiera interes tasetan, %4,75eraino. Murrizketa gehiago etorriko ziren gero, bata bestearen atzetik, 2008ko abenduan tasak %0an uzteraino.

Urriaren 1a: UBS izan zen nazioarteko banku handien artean lehena subprime hipoteken erruz pilatutako galera itzelak aitortzen —aurretik irailean Alemaniako IKB—. Egun berean, Citigroupek ere zulo handia zuela aitortu zuen, eta hurrengo bi hilabeteetan galeren jakinarazpenak errenkan etorri ziren Atlantikoaren bi aldeetan: Merril Lynch, Wachovia, Barcklays, Swiss Re aseguru etxea, RBS, Morgan Stanley...

Abenduaren 13a: Aurretik ere sisteman dirutza sartu zuen Erreserba Federalak, baina konfiantza krisia sekulakoa zen, eta banku arteko merkatua izoztuta zegoen. Beraz, euriborra %5a jotzear zegoen. Fed-ek bultzatuta, munduko bost banku zentral nagusiek ahalegin bateratua egin zuten, bankuei milaka milioi dolar eskainiz maileguan. Hurrengo hilabeteetan diru gehiago injektatzen jarraitu zuten banku zentralek, bakoitzak euren kabuz edo elkarrekin batera.
 

2008




Banku eta aseguru etxeek euren zuloen berri ematen jarraitu zuten, eta, aldi berean, milaka lanposturen suntsiketa iragarri. Burtsak asaldatuta zeuden. Bankuetako batzuk erreskatatu egin ziren, beste batzuk ia dohainik xurgatu zituzten beste bankuek —gobernuen bermeekin—, eta beste batzuk hondoratu egin ziren.

Urtarrilaren 22a: Erreserba Federalak larrialdiko tasa jaitsiera bat egin zuen, hiru puntu laurdenekoa. Hurrengo egunean, EBZk uko egin zion gauza bera egiteari .

Urtarrilaren 23a
 

Jean Claude Trichet



EBZko presidentea:

«Nire kezka handiena inflazioa da»

Otsailaren 17a: Erresuma Batuko gobernuak Northern Rock bankua nazionalizatu zuen, ez zutelako harentzat eroslerik topatu.

Martxoaren 16a: JP Morgan Chasek Bear Sterns erosi zuen. Antzeko operazio gehiago etorri ziren gero urte osoan. JP Morganen eskuetan amaitu zuen Washington Mutualek ere. Bank of Americak, berriz, Countrywide Financial eta Merril Lynch erosi zituen. Wachoviaren eroslea azkenean Wells Fargo izan zen.

Uztailaren 4a: Erreserba Federal tasak jaisten jarraitzen zuen, baina Europako Banku Zentralak interes tasak igo zituen, %4,75era.

Uztailaren 30a: Etxegabetzeek ez zuten etenik AEBetan. George W. Bushen gobernuak erreskate modukoa onartu zuen, etxejabeei maileguak ordaintzea errazteko.

Irailaren 7a: AEBetako hipoteka emaile nagusiak Fannie Mae eta Freddie Mac erreskatatu zituen gobernuak, aurretik —uztailean— Indy Macekin egin zuen moduan.

Irailaren 15a: Bank of Americak Merril Lynch erosten zuen egun berean kiebra jo zuen Lehman Brothersek. Hura erosteko hautagai ziren Barclays eta Bank of America baina, bezperan AEBetako Altxorrak uko egin zion operazio horiei bere bermea emateari; Lehman erortzen utzi zuten.

Irailaren 16a: AIG American International Group munduko aseguru konpainia handiena erreskatatu zuen AEBetako gobernuak. Hilabetea amaitu aurretik berdin egin zutene Europan Fortisekin (Belgikako, Herbehereetako eta Luxenburgoko gobernuek), Hypo Real State-ekin (Alemaniako gobernuak) eta Dexiarekin (Frantziako gobernuak).

Irailaren 20a: AEBetako gobernuak finantza sistema erreskatatzeko bilioi erdi euroko plana aurkeztu zuen, Kongresuak onar zezan. Konpainia pribatuak salbatzeko diru publikoa erabiltzea beste erremediorik ez zegoela esan zuen Henry Paulson Altxorreko idazkari eta Goldman Sacheko bankari oihak: «Alternatiba hondamendia da». Hasieran, Kongresuak ez zuen plana onartu.

Irailaren 21a: Hamarkadatan Wall Streeten nagusi izan ziren inbertsio bankuen aroa amaitu zen. Azken bi inbertsio bankuek, Goldman Sachek eta Morgan Stanleyk, uko egin zioten izaera horri, eta banku arrunt bihurtu ziren.

Irailaren 25a

Nicolas Sarkozy




Frantziako presidentea:

«Krisi honek kapitalismoa birfundatzera

bultzatu behar gaitu, etikan eta lanean

oinarrituta... Bukatu da arazo guztiak

konpontzeko modua autorregulazioa

izatea. 'Laisser-faire' amaitu da».

Irailaren 30a: Herrialdeko sei banku nagusietako gordailuak bermatzeko erabakia hartu zuen Irlandak.

Urriaren 3a: AEBetako Kongresuak Paulson planaren bigarren bertsioa onartu zuen.

Urriaren 4a: Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Italiako gobernuburuak Parisen bildu ziren. Bankuak erreskatatzeko Europa mailako plan bateratu bat aztergai izan zuten, baina, azkenean, bankuen erreskateak eta gordailuen bermeak gobernuen esku gelditu ziren.

Urriaren 8a: Banku zentral handiek diruaren prezioa jaitsi zuten batera. Alferrik. Pare bat egunetara burtsak amildu egin ziren, eta euriborra %5,3tik gora kokatu zen.

Urria 24a: Islandiaren erreskate eskaera. Islandiak 2.000 milioi dolar eskatu zizkion Nazioarteko Diru Funtsari, bankuen erreskateek herrialdea bera porrotera eramango ez bazuten.

Azaroaren 14a: Europako ekonomia atzeraldian sartu zela egiaztatu zuen Eurostatek. Finantza krisia ekonomia errealera hedatu zela argi uzten hasi ziren estatistika erakundeak mundu zabalean.

Azaroaren 15a: G20 taldeko herrialdeek bilera egin zuten Washingtonen, krisiari erantzun globala emateko asmoz.

2009



Herrialde gehienak atzeraldian zeuden, eta dirutza behar zen bankuak erreskatatzeko. Balantze publikoak gero eta egoera eskasagoan zeuden, batez ere horren aberatsak ez ziren Europako herrialdeetan. Ekonomia erreala krisian eta langabezia gora, Irlandan eta Espainian etxebizitza burbuilen leherketa zetorrenaren lehen zantzuak agertu ziren. Politikariek kudeatutako aurrezki kutxen gehiegikeriak hasi ziren azaltzen Euskal Herrian eta Espainian. Grezian alfonbrapetik zikin guztiak atera zituen gobernu berriak, herrialdearen kontu publikoak gezurrezkoak zirela azaleratuz.

Martxoaren 29a: Espainiako Gobernuak Caja Castilla La Mancha erreskatatu zuen.

Ekainaren 28a: FROB Bankuen Moldaketa Ordenaturako Funtsa sortu zuen Espainiak, arazoak zituzten entitateei banku sistema berregituratzeko erakunde publikoa.

Urriaren 20a: Eurorako sarrera, Atenasko Olinpiar Jokoak, klientelismoa, ustelkeria, zerga iruzur masiboak... Greziaren kontu publikoak aspalditik makillatuta zeudela jakinarazi zuen Georgios Papandreu (Pasok) lehen ministroak, kontserbadoreak boteretik bota eta gobernura iristean. Zor handia finantzatzeko arazoak izaten hasi zen herrialdea, ekonomia hondoratu egin zen, lehen murrizketa handiak iritsi ziren Greziara. Eta Europan alarmak piztu ziren.

2010



Herrialdeak erreskatatzeko abagunea iritsi zen. Eta finantza laguntzarekin batera austeritate neurri gogorrak zetozen.

Apirilaren 23a: Murrizketa handiak egin arren, Grezia ez zen gai merkatuetan dirua lortzeko. Papandreuk erreskatea eskatu zuen ofizialki eta finantzaketaren truke, troikak eskatutako austeritate neurri gogorrak ezarri behar izan zituen. Eztanda soziala —eta politikoa— erabatekoa zen.

Maiatzaren 8a: Greziakoaz gain erreskate gehiago beharko ziren beldur, euroguneak erreskate funtsa eratu zuen.

Azaroaren 21a: Irlandak ere erreskatea eskatu zuen. Etxebizitza burbuilaren eztanda, bankuen erreskatea... Tigre zeltak kontu publikoak itota zituen. Troika Irlanda iritsi zen, eta harekin austeritatea.

2011




Erreskateek eta haien beldurrak ekarritako artazi zorrotzek erantzun soziala piztu zuten. Gobernu ahulen erorketa eta teknokraten etorrera txalotu zuten merkatuek. Europa krisi betean zegoen.

Apirilaren 7a: Portugalek erreskatea eskatu zuen.

Maiatzaren 15a: Madrilen M15 mugimendua eratu zen, austeritatearen aurka, banku eta korporazioen aurka, demokrazia parte hartzaileago baten alde deitutako manifestazio baten inguruan.

Abuztuaren 24a: Espainiako Konstituzioa aldatu zuten herrialdeko bi alderdi nagusiek, non gobernua defizit sabaia izatera derrigortzen zen.

Abuztuaren 31: Islandiaren erreskatea amaitutzat jo zuen NDFk, herrialdeak nazionalizatutako bankuak erortzen utzi, kapitalen kontrol zorrotza ezarri eta gastu publikoan murrizketa handiak egin ostean.

Azaroaren 6a: Grezian Papandreu dimisioa ematera behartu zuten Europatik eta haren ordez Lukas Papademos teknokrata buru zuen koalizio zabala jarri zen boterean, hauteskunde berriek gobernu berri bat ekarri artean. Italian, Silvio Berlusconik garesti ordaindu zuen austeritate neurriak ezartzeko Europaren gomendioei uko egitea. Gehiengoa eta gobernua galdu zituen eta Mario Monti teknokrata bihurtu zen lehen ministro.

Azaroaren 20a: Jose Luis Rodriguez Zapaterok hauteskundeak galdu eta PPko Mariano Rajoy iritsi zen gobernura.

2012




Euroguneak behartutako austeritatea larrutik ordaintzen ari ziren herritarrak Europa hegoaldean. Langabezia, kaleratzeak, murrizketak soldatetan eta pentsioetan, murrizketak oinarrizko gizarte zerbitzuetan... Eta etxegabetzeak. Hipoteka ordaindu ezinda kalean gelditzen ziren familiak, baina, lehentasuna bankuak ziren.

Martxoaren 14a: Zulo beltzean jarraitzen zuen Greziak. Ezinezkoa zitzaion merkatuetan finantzaketa lortzea eta bigarren erreskate bat behar zuen. Baina haren truke troikak oraindik eta austeritate neurri gogorragoak eskatu zizkion. Greziak amore eman zuen baina lortu zuen bankuek 100.000 milioiren zorra barkatzea.

Apirilaren 4a: 77 urteko pentsiodun batek bere buruaz beste egin zuen tiro batekin Atenasko Sintagma plazan. Pentsiodunak idatzita utzi zuen, erreakzio aktiboago baterako adinik ez zuenez nahiago zuela hil jateko bila zaborretan hastea baino. Milioika greziarren etsipenaren ikur bihurtu zen Dimitris Christoulas.

Maiatzaren 9a: Espainiako gobernuak Bankia nazionalizatu zuen. Aurreko urteko uztailean burtsaratutako Bankiaren eta haren sozietate nagusi BFAren zuloaren egiazko neurria egun gutxitara ezagutu zen: 40.000 milioi eurotik gorakoa zen.

Ekainaren 9a: Espainiako gobernuak Europaren laguntza eskatu zuen Bankiaren eta beste bankuen zuloa tapatzeko.

Uztailaren 6a: Austeritatea, atzeraldi ekonomikoa, euroaren hausturaren beldurra... Mario Draghi EBZko presidentearen abagunea izan zen.

Mario Draghi





EBZko presidentea:

«Euroa salbatzeko, beharrezkoa den

guztia egingo dut, eta sinets iezadazue,

nahikoa izango da».

Azaroaren 9a: Epaitegiko batzordea etxegabetzera etorri zitzaionean, Amaia Egañak leihotik salto egin zuen, eta bere buruaz beste egin Barakaldon. Gauean, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan protesta ekitaldiak egin ziren.

2013





Martxoaren 16a: Greziaren zorraren zati baten barkamenak Zipreko bankuen kontuak aldrebestu zituen. Errusiaren laguntzaz gain Europarena ere eskatua zuen herrialdeak. EBtik, oraingoan, zuloaren zati ahalik eta handiena bezeroek ordaintzea eskatu zuten. Corralito-a egun batzuez luzatu zen. Azkenean, 100.000 eurotik gorako gordailuei soilik eragin zien neurriak.

Abenduaren 4a: Irlanda erreskatetik irten zen.

2014





Maiatzaren 17a: Portugalek ere agur esan zion troikari.

2015





Urtarrilaren 25a: Syriza ezkerreko koalizioak hauteskundeak irabazi zituen, austeritatea amaitzeko promesarekin.

Uztailaren 5a: Alexis Tsipras lehen ministroak erreferenduma egin zuen, erreskatea luzatzeko troikaren eskaintzari buruz. Greziarrek ezetz (oxi) esan zuten.

Uztailaren 13a: Europa samurtzerik ez zuen lortu Greziak. Herrialdea eurotik aterako ez bazen alternatiba bakarra zuen Tsiprasek: Hirugarren erreskateari men egin zion.

 

 

Gerta daiteke berriro?

Wall Street hil zenekoa

Tsunamia bazetorrela ohartu ezinik

«Ez zen arazo bat merkatu batean; kataklismoa orokorra zen»

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.