Multinazionalen eta bankuen zergek aurrera egin dute, eta energia enpresena berriro negoziatuko dute

Espainiako Gobernuaren zerga erreformak bazkideen babesa jaso du, baina ozta-ozta. Hego Euskal Herrian foru ogasunen esku geratuko dira zerga berriak.

Maria Jesus Montero Ogasun ministroa, Yolanda Diaz Lanekoa eta Felix Bolaños Presidentetzakoa, Kongresuko osoko bilkuran, ostegun honetan. JAVIER LIZON / EFE
Maria Jesus Montero Ogasun ministroa, Yolanda Diaz Lanekoa eta Felix Bolaños Presidentetzakoa, Kongresuko osoko bilkuran, ostegun honetan. JAVIER LIZON / EFE
jokin sagarzazu
2024ko azaroaren 21a
17:15
Entzun

Espainiako Kongresuak zerga erreforma onartu du, baina erdizka. Multinazionalentzat %15eko gutxieneko zerga ezartzea babestu

du, eta bankuena beste hiru urtez luzatzea, aldaketa batzuekin. Kanpoan geratu da energia konpainien gaineko zerga, bankuena bezala, duela bi urtetik aplikatzen dena, baina gobernuak konpromisoa hartu du bazkideekin akordio bat lortzeko, beste lege baten bidez aurrerago egin ahal izateko. 

Energia konpainientzako zergak prozesu osoa baldintzatu du. Zerga hori kanpoan geratzen bazen, erreforma osoaren aurka bozkatuko zuela mehatxu egin zuen Podemosek. Azkenean, kanpoan geratu da, baina Podemosek eta gobernuko gainerako bazkideek erreformaren muina onartu dute, eta gobernuak partida salbatzea lortu du.

PSOEk berak zaildu zuen proiektuaren tramitazioa, JxC Junts per Catalunyarekin energia konpainientzako zerga kentzea hitzartu baitzuen. Hori gertatu zen, besteak beste, Repsolek Tarragonako portuan (Katalunia) eta beste toki batzuetan aurreikusiak dituen zenbait inbertsio beste herrialde batzuetara eramateko mehatxua egin ostean.

Hasieran, gobernuko beste kide batzuek, EH Bilduk, ERCk eta BNGk kasurako, gogor egin zuten akordio horren aurka, eta, zerga hori kanpoan utziz gero, erreformaren gainerako neurrien aurka bozkatu zutela adierazi zuten. Azkenik, astelehen honetan egindako Ogasun batzordean haiek ere akordioa lortu zuten PSOErekin. Sozialistek zerga hori beste urtebetez luzatzeko konpromisoa hartu zuten, baina beste lege baten bidez.

Zirrikitua eta bermeak

Akordio hori egin ahal izateko, PSOEren eta JxCren arteko akordioan zirrikitu bat aurkitu zuten. Horren arabera, JxC prest agertu zen etorkizunean halako zerga bat negoziatzeko, betiere bateragarria bada deskarbonizazioarekin loturiko inbertsioak egiten dituzten enpresak ez zergapetzearekin.

Podemosek gogor kritikatu zuen EH Bildu, ERC eta BNGren akordioa, bermerik ez zuelako jasotzen zerga berri posibleak gutxieneko diru bilketa bat izan zezan, eta erreforma osoaren aurka egingo zuela iragarri zuen. Baina, ostegun honetan, Kongresuan bozkatu baino ordu batzuk lehenago, alderdi moreak bat egin du akordioarekin, baldintza batzuk jarrita.

223

Foru ogasunek aurten jaso beharrekoa, milioi eurotan. Aurten, denera 2.859 milioi euro bildu dituzte zerga bereziek, iaz baino %1,7 gutxiago. Horietatik 1.695 dagozkio bankuen gaineko zergari (%59) eta 1.164 milioi energia konpainien gainekoari. 2023an kontrakoa gertatu zen —%57 energia konpainiek jarri zuten—, oro har, energia garestiagoa izan zelako aurten baino.

 

Orain arteko legearekin, Espainiako Estatuari egindako ekarpenaren arabera banatzen dira zerga horiek. Horrela, 2.859 milioietatik, 178 milioi dagozkio Arabari, Gipuzkoa eta Bizkaiari (%6,24), eta 45 milioi Nafarroari (%1,6). Orain, bankuen zergarekin foru erakundeek bildutako guztia haien esku geratuko da.

Espainiako Gobernuak eta Podemosek azaldu dutenez, negoziazio batzorde bat eratuko da aurki araua babestuko luketen alderdi politiko guztieekin —PSOE, Sumar, EAJ, ERC, Bildu, JxC, BNG eta CC—, eta hor adostu beharko dituzte zergaren gutxienekoak, salbuespenak eta beste. Urtea amaitu baino lehen lortzen ez badute, gobernuak orain arteko zerga urtebetez luzatuko luke, errege lege dekretu baten bidez, 2025ean eragina izan dezan.

Ikusi beharko da hasiko den negoziazio prozesu berrian zer jarrera duten alderdiek eta, bereziki, JxCk. EAJk, berriz, gogoratu du PSOErekin adostu zuela zerga hori foru ogasunen esku uztea.

Bankuena, aurrera

Modu horretan onartu da Espainiako Gobernuaren erreforma fiskala, hasieran anbizio handiagokoa izan behar zuena. Gobernuaren asmoa baitzen energia enpresen eta bankuen zergak iraunkor bihurtzea, baina, azkenean, ez da horrela izango.

Nagusiki bi neurri onartu dira: multinazionalen gaineko zerga eta bankuena. Multinazionalei dagokienez, Espainiako Estatuan egoitza duten konpainia handiei %15eko gutxieneko tasa ezarriko zaie, Europako Batasuneko zuzentarau bat egokitzeko. Espainiak urtebete zeraman hori egin gabe, eta Batzordeak ohartarazi zion urtea amaitu baino lehen egiten ez bazuen, Europako funtsen hurrengo ordainketa —7.200 milioi eurokoa— blokea zezakeela eta isun bat jarri.

Zerga horrek eragin eskasa izango du Hego Euskal Herrian, tamaina horretako enpresek hortik gora pagatzen dutelako sozietate zergaren bidez, baina EAJk sartu eta onartutako zuzenketa baten bidez, Hego Euskal Herriko ogasunen esku geratuko da zerga komunitario hori.

Gauza bera gertatuko da bankuen gaineko zergarekin. Eta hori izango da berrikuntza nagusietako bat azkenengo bi urteetan egon denarekin alderatuz gero. Datozen hiru urteetan foru erakundeek kudeatuko dute, eta ez dira zerga biltzera mugatuko. Horrek esan nahi du moldatu ahal izango dutela, gutxieneko harmonizazio bat ezarri beharko duten arren. Besteak beste, tasak aldatu ahal izango dituzte, eta kenkariak eta pizgarriak ezarri.

Orain arte Espainia osoan bildutakoaren parte bat jasotzen zuten foru ogasunek, Estatuari egindako ekarpenaren arabera. Orain, bertan egoitza duten bankuek ordaindutako zergak osorik jasoko dituzte.

Ikusteko dago Hego Euskal Herrian nola aplikatzen den. Lehen bankuen irabaziei ezartzen zitzaien zerga hori eta %4,8ko tasa zuen. Orain, Espainian, oinarri likidagarriaren gainean ezarriko da —zergapetutako ondarearen partean—, eta sei tarte egongo dira, %1etik %7ra. Tasarik handiena, %7koa, ordainduko dute 5.000 milioiko likidazio oinarria duten bankuek —Caixabankek, Santanderrek eta BBVAk—. Horrez gain, beste bost tarte egongo dira: %1ekoa, 750 milioi eurorainoko likidazio oinarria dutenentzat; %3,5ekoa, 750 eta 1.500 milioi artekoentzat; %4,8koa, 1.500 eta 3.000 milioi artekoentzat; eta %6koa 3.000 eta 5.000 milioi artekoentzat.

Bidean geratu direnak eta onartutako beste batzuk

Hasierako egitasmoan jasotako edo bidean adostutako beste neurri batzuk azkenean ez dira onartu. Adibidez, dieselaren zerga: PSOEk EAJrekin eta JxCrekin duela aste batzuk adostu zuen zerga hori igotzea, gasolio ez-profesionalaren eta gasolinaren zergak parekatzeko. Aldaketa hori ingurumen arrazoiengatik defendatu zuten, eta Bruselaren gomendioei jarraikiz. Onartua izan balitz, gasolio litroa ia 11 zentimo garestituko zen, baina Podemosek PP, VOX eta UPNrekin bat egin du eta ez da aurrera atera. 

Beste bi neurri ere geratu dira kanpoan. BEZa %10etik %21era igotzeko proposamena eta osasun aseguru pribatuen primen zerga %8tik %21era igotzea.

 Beste txikiago batzuek, berriz, aurrera egin dute —zigarreta elektronikorako likidoarena eta nikotinarena igotzea, adibidez— eta Hego Euskal Herrian eraginik izango ez duten beste batzuek, kapitalaren errentei eragiten dietenak, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.