Multinazionalen irabazien gaineko zerga eta finantza erakundeen komisioen gaineko zerga bere gain hartuko ditu Nafarroak. Hala hitzartu dute Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak, eta horren berri eman die Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak negoziazio batzordeko kide nafarrei. Akordioa datorren ostiralean sinatuko dute, eta urte amaierarako indarrean egotea espero du Arastik.
Espainian, multinazionalei gutxienez %15eko zerga tasa ezartzea eta bankuen interes marjinak eta komisioak zergapetzea onartu zen behin-behinean. Bi urteotan, zerga horiekin bildutakoaren %1,6 itzuli zaio Nafarroari, ekarpenari lotutako diru mugimenduen bitartez. Alta, iazko azaroan Espainiako Kongresuak bi zergen ezarpena luzatu ondotik, haien gaineko eskumena lortzeko elkarrizketak abiatu zituen Nafarroako Gobernuak Espainiakoarekin.
Horretarako, Hitzarmen Ekonomikoa berritu beharra dago. Akordioa berez ostiralean sinatuko da, bilera telematiko baten bidez. Gero, Nafarroako Parlamentuak berretsi beharko du gehiengo osoz, eta jarraian Espainiako Gorteek. Bide luzea denez, abendurako lortzea espero du Arastik.
1991n Hitzarmen Ekonomikoa onartu zenetik, zazpi aldiz berritu da. Bi zergez gain beste hainbat neurri tekniko hartuko dira, tartean zigarreta elektronikoei eta tabakoari lotutako zerga bilketari buruzko finantza doikuntzak. Hitzarmen Ekonomikoaren 22 lege artikulu eta lau xedapen aldatu behar dira.
Arastik goraipatu du bi gobernuen arteko harremanak onak direla, eta horren erakusle da 2022tik «hiru aldiz» berritu dela Hitzarmen Ekonomikoa. Ez du aurreratu zenbat diru bil dezakeen ogasunak. Multinazionalei dagokienez, ez du esan zenbat enpresari eragingo dion; bankuei dagokienez, azken hiru urteetan doikuntzen bidez itxi da bilketa, eta 2026tik aurrera «bankuen operazio kopuruaren arabera» egingo da.