Iraultza ala aberatsenen mesederako neurria? Ikusteko dago benetan zer ekarriko duen OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak bultzatutako ekinaldiak. Munduko 136 herrialdek konpromisoa hartu dute urtean 750 milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresei sozietate zergan gutxieneko tasa %15ekoa ezartzeko 2023tik aurrera, neurri horrekin bat egiten duten herrialdeetan. Helburua da ziurtatzea munduko ehun multinazional handienek bidezko tasa bat ordaintzen dutela, eta, oro har, urtero 125.000 milioi dolar biltzea espero da. Akordioa izenpetu duten herrialdeek munduko ekonomiaren %90 ordezkatzen dute.
Multinazionalen %15eko zoru horrez gain, itunak badu beste zutabe bat, eta haren bidez lortu nahi dute enpresa handienek saltzen duten eremuetara ere banatzea sortutako etekinak: hala, 20.000 milioi eurotik gorako salmentak eta %10etik gorako errentagarritasuna duten multinazionalek%10 horretatik gora irabazten duten diruaren %25 banatu beharko dute lan egiten duten beste lurraldeetan. Urtean 130.000 milioi dolarreko diru sarrerak modu bidezkoago batean banatuko direla espero dute.
Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroaren arabera, «albiste pozgarria» da akordioa, eta «XXI. mendeko benetako iraultzarako atea irekitzen du». Hain zuzen, konpromiso hori lortuta, Frantziak eta Europako beste herrialde batzuek uko egingo diote Google tasa aplikatzeari. Hori zen AEBetako Gobernuak jarritako baldintza. Hala ere, orain arte, munduko zerga sistemaren zirrikituak baliatu dituzten multinazional teknologiko estatubatuarrek zailago izan dezakete, iheserako tartea estutu baitzaie: azken batean, Joe Biden AEBetako presidenteak inbertsioak finantzatzeko dirua behar du.
Hala ere, akordioa gauzatu arte bide luzea geratzen da. Asmoa da datorren urtean herrialdeek alde askotariko hitzarmen bat sinatzea eta neurriak 2023an indarrean sartzea. Nigeriak, Kenyak eta Sri Lankak ez dute sinatu, eta beste hainbat herrialde negoziatzen ari dira oraindik.
Oxfamen kritika
Hitzarmena historikotzat jo izan duten adierazpen arranditsuak apaldu egin nahi izan ditu Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak. Susana Diaz Oxfameko zerga politiken arduradunaren ustez, akordioak batik bat herrialde aberatsenei egingo die mesede. «Urtean bilduko den diru horren bi herenak G-7arentzat eta Europako Batasunarentzat izango dira, eta herrialde pobreenei %3 baino ez zaie helduko, nahiz eta bertan munduko populazioaren bi heren bizi diren».
Multinazionalei, %15eko zorua
Urriaren 8an, 136 herrialdek konpromisoa hitzartu zuten, 750 milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresei gutxieneko tasa bat ezartzeko eta zergak saltzen den eremuaren arabera banatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu