Multinazional handien %15eko gutxieneko zerga indarrean jarri da EBn

Europako Batasunean 750 milioi eurotik gorako diru sarrerak dituzten enpresei ordainaraziko diete zerga hori.

BRITAIN RETAIL
Zara denda bat Londresen. NEIL HALL / EFE
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 1a
19:05
Entzun

Gaurtik aurrera gutxienez %15eko sozietate zerga ordaindu behar dute Europako Batasunean aritzen diren multinazional handienek. Enpresa horiei karga fiskala handitzeko eta herrialdeen artean berdintzeko neurri hori OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundean adostu zuten 2021. urtean ia 140 herrialdek. 2022an, EBko 27 herrialdeek berretsi egin zuten.

Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak azaldu duenez, zergaren gutxieneko tasa adostu zuten munduko herrialde guztiek hura aplikatuz gero, 200.000 milioi euro gehiago bilduko dira. EBn urtean 750 milioi eurotik gorako diru sarrerak dituzten multinazionalei ezarriko diete zerga hori. Kalkulatu dute 100 enpresak baino gehiagok ordaindu beharko dutela.

Baina, nola ezarriko da zerga? EBko herrialde bakoitzak bere zerga politika du, eta aldatu egiten da batetik bestera enpresa handiek duten karga fiskala. Herrialde batzuetan, adibidez, beren irabazien %15eko zerga edo handiagoa ordaintzen dute enpresa handiek, baina beste batzuetan ez. Horretarako, Bruselak neurri batzuk jarri ditu zerga hori homogeneizatzeko. Zerga gehigarri bat da; hau da, %15era iristen ez diren herrialdeek handitu egin beharko dute. Horien artean nabarmentzen da Irlanda, %12,5eko tasa erabilita AEBetako multinazional handiak erakarri baititu.

Araudiaren bitartez, enpresa baten filial bat herrialde batean badago ezarria eta herrialde horretan %15etik beherako zergak ordaintzen baditu, filial horren jatorrizko enpresak ere zerga gehigarri bat ordaindu beharko du egonkortuta dagoen EBko herrialdean.

Bestalde, Bruselak adierazi du ziurtatuta dagoela egoitza EBtik kanpo duten jatorrizko enpresek zerga hori ordainduko dutela.

Besteak ere martxan

EB ez da zerga hori ordainarazten hasi den bakarra. Suitzak, Erresuma Batuak, Norvegiak, Hego Koreak, Australiak, Kanadak, Barbadosek eta Japoniak ere aplikatuko dute.

Munduko bi potentzia ekonomiko handienek, AEBek eta Txinak, oraindik ez dute %15eko zerga ezartzeko neurririk hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.