Go Mobility azoka egingo dute gaur eta bihar Ficoban (Irun, Gipuzkoa). Mubilzentroak, Gipuzkoako aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin antolatu du hirugarren urtez, eta guztira ehun enpresa eta eragile baino gehiagokmugikortasun eredu berriari edo elektromugikortasunari lotutako azken berrikuntzak erakutsiko dituzte. Hain zuzen ere, Mugikortasun jasangarriaren oraina eta etorkizunada aurtengo azokaren izenburua.
Azokaren helburua mugikortasunaren industriari aukera berriak eskaintzea baita, merkatu bat sortzea, sektoreak inbertsioak egin ditzan alor horretan ari diren bertako enpresetan. Eta azokak hartu-eman horien topagune izan nahi du.
Bada, bertan parte hartuko dute, besteak beste, mugikortasun soluzio integralak eskaintzen dituzten enpresak; osagaien fabrikatzaileak; garraio sistema adimendunen hornitzaileak; tranbia, autobus, eta autoak egiten dituzten konpainiak; eta mugikortasunaren inguruan ikerketan dabiltzan zentro teknologikoak.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan, lurraldekoindustria sareak mugikortasun jasangarriaren alorreko «punta puntako produktuak eta zerbitzuak» merkaturatzen dituzte, eta azokan parte hartuko duten enpresa eta eragileak dira horren lekuko. Diputazioa sinetsita baitago Gipuzkoako ekonomiak aukera bat izan dezakeela alor horretan; halere, ezinbestekotzat jo du «lankidetza biderkatzea».
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak, bere aldetik, nabarmendu du euskal industria «prest» dagoela klima aldaketari eta deskarbonizazioari aurre egiteko. Eta adierazi du Jaurlaritza, autogintza sektorearekin batera, «mugikortasun eredu garbi bat» lantzen ari dela, isurketak murrizten jarraitzeko aukerak emango dizkiona.