Tolosako Usabal auzoan (Gipuzkoa) du Mubilek behin-behineko egoitza, baina, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak gaur adierazi duenaren arabera, 2024rako prest egongo da Eskuzaitzetako egoitza berria (Zubieta, Donostia). 10.000 metro koadro izango ditu: erdia bulegoak izango dira, eta beste erdia, hiru laborategi. Mugikortasuneko sektorearen «ezagutza polo» izango da Mubil, inguruan beste hainbat ikerketa zentro egingo baititu.
Eraikinaren hormak daude soilik eraikita oraindik, baina Ane Insausti Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Garapenerako diputatuak azaldu ditu espazio bakoitzaren funtzioak, hain zuzen Insausti izan baita, orain gutxira arte, Mubilen zuzendaria. Sarrera nagusia eta bulegoak erakusten hasi da Insausti, eta bi solairutan egongo dira kudeaketarako beharrezkoak diren azpiegitura guztiak, baita erakusketa gune bat eta 100 pertsonarentzako hitzaldi areto bat ere. Laborategiak izango dira eraikinaren muina: hiru izango ditu, eta konfidentzialtasun eta segurtasun maila handia izango dute.
Behin baino gehiagotan errepikatu du Insaustik konfidentzialtasunarena, eta gehitu du akreditazioa duten langileak bakarrik sartu ahalko direla laborategi horietara: «Sarrera guztiz mugatuta egongo da». Lehen laborategia bateriak ikertzeko izango da. 2.200 metro koadro izango ditu, probak egiteko zenbait gunerekin. Prototipoak probatzeko guneak egongo dira, eta segurtasun neurri handiko guneak eraikitzen ari dira arazorik egon ez dadin. 11 metroko zabalera eta sakonera duen bunker bat da horren eredu.
Beste bi laborategiak pixka bat txikiagoak dira: 1.800 eta 700 metro koadrokoak, hain zuzen. Lehenean, ibilgailuen propultsio sistemak ikertuko dituzte, eta bigarrenean, berriz, hidrogeno pilaren garapena. Ibilgailu arinentzako zein astunentzako hidrogeno pilak ikertzeko eta garatzeko espazioak izango ditu laborategiak.
«Erreferentziazko zentro»
Mendozak adierazi du Mubil «mugikortasun berriaren ezagutza polo» izango dela, beste 38.000 metro koadro izango baitituzte hainbat teknologia zentrok beren egoitzak eta azpiegiturak eraikitzeko. Tecnaliak, Cidetecek, Vicomtechek eta Ceitek izango dituzte egoitzak, eta batzuk hasiak dira jada eraikitzen.
Mendozak azaldu moduan, errepideko garraioak berotegi efektuko gasen %37 isurtzen du, eta sektore hori deskarbonizatzeko teknologiak garatzeko «erreferentziazko zentroa» izango da Mubil Europan. Zentro guztiak kontuan hartuta, 36 milioi euroko inbertsioa egingo dute Eskuzaitzetan erakunde publikoek eta enpresa batzuek.