Mugaz gaindiko tokiko monetaren «ametsa» bidean da

Euskal Monetak eta Gizartearen Monetak mintegia antolatu dute gaur, Baigorrin. Mugaz gaindiko tokiko moneta bakarra sortzeko abantailak eta oztopoak aztertu dituzte. Elkarlanean segitu nahi dute egitasmoa aurrera eramateko.

Nikolas Blain eta Luix Intxauspe mugaz gaindiko monetaren mintegian
Nikolas Blain eta Luix Intxauspe mugaz gaindiko monetaren mintegian, Baigorrin. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2025eko otsailaren 8a
17:00
Entzun

Mugaz gaindiko moneta osagarria sortzeko egitasmoa bidean da, eta urrats berria egin du gaur Baigorrin (Nafarroa Beherea) egin den mintegiarekin. Euskal Monetak eta Gizartearen Monetak elkarlanean antolatu dute. Ipar Euskal Herriko hamabi urteko esperientziaz baliatuz, Baztanen (Nafarroa) eta Oiartzualdean (Gipuzkoa) hasiak dira tokiko moneta horri buruz gogoetatzen eta lan egiten.

Antton Kurutxarri Baigorriko auzapezak harrera egin die parte hartzaile guztiei, Plaza Xoko herriko gelan. Mugaz gaindiko moneta baten beharra azpimarratu du, baina mugagabe hitzetik abiatuz. «Mugagabeko hizkuntza bat, mendi bat, kultura bat badugu». Baztango auzoak izan ditu hizpide, bereziki. Eskertu ditu Euskal Monetako, Baztango eta Oiartzualdeko partaideak «mugagabeko moneta izateko egin lanagatik». Itxaropena erakutsi du baztandarrekin, laster, tokiko moneta bera erabiltzeko parada ukaiteko. «Espero dugu baztandarrek hartuko dutela bide hori, nafartarren artean balia dezagun moneta komun hori».

Mugaz gaindiko moneta osagarriarekin zertan diren laburbildu zuten, ondotik Euskal Monetako Cynthia Lamothek, Baztango Udaleko Lorea Lizarretak eta Errenteriako (Gipuzkoa) alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziako kide Aizpea Otaegik. «Erronka handi bat dugu gaur mugaz gaindiko moneta» horrekin, erran du Lamothek. Olatukoopekin, Baztango Udalarekin eta Oiartzualdeko eragileekin lau urte hauetan hasiak dira lanean. Azken hilabeteetan, Nafarroako gobernuaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren laguntzari esker hasiak dira orain mugaz gaindiko tokiko moneta bat marraztu nahiz. Baina, bi zailtasun dituzte parean. Juridikoa bata. «Frantziako eta Espainiako banku zentralek ez baitituzte arau berak eta ikusi behar dugu hortik nola gauzatu». Beste desafioa, gobernantza bateratu baten aurkitzea dute.

Lorea Lizarretak esplikatu du Baztanen zertan diren. «Duela sei urte herritarren artean gogoetak hasi genituen, baztandar izatearen nortasuna definitzeko. Hausnarketen artean zen tokiko moneta izatea». Harremanetan sartu ziren Baionako Euskal Monetarekin. Geroztik, ari dira zehazten zer eta nola egin nahi luketen. Galdeketa bat ere egin dute baztandarren artean, eta  mugaz gaindiko tokiko moneta garatzeko gogoa erakutsi dute %70ek.

Baztanen bezala, Oiartzualdean ere batzordeak bidean dituzte gogoeta bera eramateko. Alta, errealitate oso ezberdinak dituzte. Baztan mendi eta baserrialdean da, eta herri txikiz osaturik. Oiartzualdea gune urbano handi bat da, demografia handiagokoa eta enpresa gotorragoekin. Aizpea Otaegik azpimarratu du Euskal Monetaren bidea hurbiletik segitu dutela: «Miresmenez eta arreta handiz erreparatu diegu Euskoaren sorrerari eta ibilbideari». Funtsezkoa iruditzen zaio «tokian-tokian sortu aberastasun hori bertan geratzea». Horregatik, «mugarria» iruditu zaio Baigorrin egin den mintegia eta Ipar Euskal Herri-Baztan-Oiartzualdea artean abiatu duten elkarlana. «Elkar ikusten jarraituko dugu datozen hilabete eta urteetan». Bide horretan laguntzeko, gainera, Europako Poctefa laguntza eskatzen ari direla jakinarazi zuen.

Aliantzen beharra

Hurbildu herritar eta eragileekin hiru talde osatu dituzte gero antolatzaileek. Tailer gisan, elkarrekin gogoetatu zuten mugaz gaindiko tokiko moneta batek dituzkeen abantailez eta zailtasunez. Lan horren emaitzak ondoko asteetan bilduko dituzte ekinaldiaren eramaileek.

Goizaren bukaeran, egitasmoa diruz lagundu duten erakunde ordezkariei utzi diete hitza: Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etxegarai, Nafarroako Gobernuko sailburu Ana Ollo eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza. Mendozak tokiko monetari hiru balio eta ahal ikusi dizkio. Lehena, nortasunarena: «Mugaren bi aldeetan euskaldunak gaude; ni abertzalea naiz; beraz, balio oso inportantea zait, eta moneta propioa edukitzea eta halako proiektu politak behar ditugu herri gisa». Erran du beste balio bat ekonomiaren bertakotasuna zela, eta, azkenik, komunitatea indartzearena, «indibidualismoaren eta hiper-kontsumismoaren» aldean.

Diesis Europako ekonomia sozial eta eraldatzaileko sareko buru Gianluca Pastorellik ere hitza hartu du, bideo bidez. Diesisek 100.000 egituraz goiti kontatu ditu Europan bestelako ekonomia mota horretan dabiltzanak. Tokiko monetak, berriz, 65. Adierazi du Euskal Monetaren eta mugaz gaindiko tokiko moneta osagarriaren egitasmoari hurbiletik erreparatzen diotela, eta Europako beste lurralde batzuekin elkarlanean aritu behar direla aitzina eramateko: «Aliantzak aurkitu behar dira beste muga lurralde horiekin». Italia-Frantzia, Italia-Austria arteko lurraldeak eta Balkanak aipatu zituen.

Martxan den egitasmoa

Euskal Monetako Nikolas Blainek eta Gizartearen Monetak taldeko Luix Intxauspek bururatu zuten mintegia, aitzina segitzeko deia eginez. Blainek oroitarazi du Euskal Monetarekin 4,3 milioi eusko erabiltzen ari direla gaur egun Ipar Euskal Herrian. Sortzaileak berak harritu ziren tokiko moneta horrek bildu arrakastaz, eta azpimarratu du sortu zenetik bazutela Euskal Herri osora hedatzeko «ametsa». Orain, bidaideak aurkitu ditu horren betetzeko: «Hasierako ametsari bide ematea dugu erronka orain. Nora joan nahi dugun badakigu, eta bidelagunak beharrezkoak dira. Denen beharra izanen dugu: herritar, langile, hautetsi, laborari, enpresa buru eta abar», erran du Blainek.

Luix Intxausperen ustez, dena abiatua da: «Bidean abiatu gara, martxan gaude». Mugaz gaindiko moneta gauzatzeko oztopoak zein diren argitzen hasiak dira. «Irtenbideak bilatu beharko dizkiegu», aitortu du Intxauspek, eta «egiten ari gara», gehitu du. Horretarako, partaide instituzionalei baliabideak ematen segitzeko deia egin die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.