Siderex altzairugintza klusterreko zuzendaria

Asier San Millan: «Muga zergak ez dira onak inorentzat, baina Europak sektorea babestu behar du»

Ez da AEBek altzairuari muga zergak ezartzen dizkioten lehen aldia, eta esperientzia hori lagungarria dela azaldu du San Millanek. Hala ere, erantzun beharra nabarmendu du, eta sektoreari laguntzeko neurri gehiago eskatu ditu.

Asier San Millan, Siderexek Leioan duen egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Asier San Millan, Siderexek Leioan (Bizkaia) duen egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Leioa
2025eko martxoaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lanpetuta dabil azkenaldian Asier San Millan (Santurtzi, Bizkaia, 1976). Altzairuaren sektoreko ahotsa da harena, eta AEBek aleazio horren esportazioei muga zergak ezarri izanak galdera batzuei erantzutera behartu du, bai kazetarien galderei, bai sektoreko enpresa txikienen galderei. «Handiek abokatu bulego propioak dituzte, baina txikiekin guk egiten du lan hori», zehaztu du. Izan ere, altzairuaren sektoreak 385 milioi euroren salmentak egin zituen iaz AEBetan, guztien %15, eta %25eko muga zerga izango dute asteazkenetik aurrera.

Apirilaren 2a gorriz markatua al duzu egutegian?

Beste data batzuekin batera, bai. Apirilaren 2a bai, Trumpek hartuko dituen neurri protekzionisten eragina jakiteko. Baina tira, ikusi beharko da zertan gelditzen diren. Baina apirilaren 1ekoa ere markatuta daukat, Europak kuoten plana berrikusiko duelako, eta horrek altzairuari eragingo dio, inportazioak murrizteko asmoa duelako. Europak sektorea babestu behar du, bai AEBetako protekzionismotiik, bai beste herrialdeek har ditzaketen erabakietatik. Munduko altzairuaren %52 Txinak ekoizten du.

Ez da AEBek altzairuari muga zergak ezartzen dizkioten lehen aldia. Nola eragiten dute merkatuan?

Trumpek hauteskunde kanpainan izan zuen diskurtsoa ikusita, espero genituen. Egoera hau ez da azken oso ezberdina bi agintaldietakoarekin konparatuta. Trumpek muga zergak ezarri zituen lehen agintaldian, eta Bidenek ez zituen kendu. Bidenek, baina, salbuespen batzuk ezarri zituen; esaterako, inportatzaileak erakusten bazuen ez zegoela altzairu mota horren ekoizpen nazionalik, muga zergetatik salbuetsita zegoen. Trump salbuespen horiek kentzeaz mintzatu da, eta harritu nau: AEBek ezin dituzte ekoitzi behar dituzten altzairu eta kalitate guztiak. Nahitaez inportatu beharra dauka.

Altzairua merkatu globala da, baina.

Bai, eta egoera berri honek bi zalantza sortzen dizkigu. Aurrenekoa: nola eragingo die euskal enpresei AEBetara esportatzeko garaian? Gure hirugarren merkatua da, eta Europatik kanpoko aurrenekoa. Baina bestea garrantzitsuagoa da guretzat, eta Europa osoarentzat ere bai. Beste herrialde batzuek ezin badute AEBetara esportatu, Europara joko dute. Asiako herrialdeei ari naiz, gure joko arau berak ez dituzten horiei buruzko. Arriskua da produktu gehiegi sartzea Europako merkatuan, hor eskaintzaren eta eskariaren jokoa hasten baita: prezioen gerra, ekoizpenaren jaitsiera...

«Beste herrialde batzuek ezin badute AEBetara esportatu, Europara joko dute. Asiako herrialdeei ari naiz, gure joko arau berak ez dituzten horiei buruz. Haiengandik babestu behar dugu sektorea»

AEBen muga zergek zein azpisektoreri egiten dio kalterik handiena?

Ekoizpen kate osoari eragiten diote muga zergek. Altzairutegiek enpresa ekosistema oso handiak dituzte inguruan: hornitzaileak, konponketak... 20.000 lanpostu Euskadin.

Europak erreakzionatu behar zuela esan zenuen. Hala egin al du?

Apirilaren 1etik aurrera, Europak kuota sistema zorroztuko du, inportazioak %15 murrizteko asmoarekin. Asmo bat da, baina. Neurri ona da, positiboa, baina, gure ustez, beste erabaki batzuk hartu beharko lituzke. Esaterako, defentsa komertziala indartu dumping-aren aurka. Aduanetako kontrola indartu behar du. Europak kupoak jartzen dizkie herrialde jakin batzuei, eta muga zaintzak zorroztu behar dira herrialde horietako produktuak sar ez daitezen beste muga batzuetatik. Eta, batez ere, energia prezio lehiakorrak eta egonkorrak bermatuko dituen energia plan bat diseinatu behar da. Kostu energetikoak murrizteko neurririk ez bada hartzen, beste guztiak eraginkortasuna galduko du.

Europa urrun iristeko prest ikusten al duzu?

Muga zergak ez dira onak inorentzat; ekoizpen katearen gainkostuak azken kontsumitzaileak ordaintzen ditu. Hori gu guztiok gara. Baina babestu beharra dago, batez ere joko arau berak ez dituztenengandik.

sidenor
Altzairutegi bateko langile bat ekoizpenari begira. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Nola dago sektorea? Nolakoa izan zen 2024a, eta nola hasi da 2025a?

Iaz, ondo hasi zen urtea, eskari asko lortu baitziren. Urteak aurrera egin ahala, baina, aurreikuspenak aldatuz joan ziren, eta alde handiak egon ziren azpisektorearen arabera. Oro har, esportazioek %11 egin zuten behera. Aurten? Erabateko ziurgabetasuna dago, Ikusteko dago AEBen eta Bruselaren erabakien eragina zein den.

Lehendakariak argindar sarea indartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Hornidura arazorik ba al dago siderurgian?

Oraingoa baino gehiago, etorkizuneko arazoa izango da. Deskarbonizazioa elektrifikazioaren bidetik indartu nahi badugu, argindar hornidura ahalmen handiagoa behar dugu Euskal Herrian. Orain dagoenarekin ez litzateke aski, azpiegiturak behar dira.

Energia garestia al dago oraindik?

Europako gure lehiakide nagusiak baino garestiagoak gara. Ekoizpen kostuak antzekoak dira, baina haiek beste mekanismo batzuk dituzte energia kostuak leuntzeko: laguntza fiskalak, peajeak... Urtearen amaieran, haien argindar faktura gurea baino txikiagoa da. Argindarra Ukrainako gatazka hasi zenean baino merkeago dago orain, baina haren aurretik baino garestiago.

«Deskarbonizazioa elektrifikazioaren bidetik indartu nahi badugu, argindar hornidura ahalmen handiagoa behar dugu Euskal Herrian. Orain dagoenarekin ez litzateke aski, azpiegiturak behar dira»

Eta zer egin daiteke?

Espainiako Gobernuak kontrol mekanismoak ezar ditzake faktura jaisteko. Dena den, ez du uste krisi aurreko prezioak jarriko ditueneik. Ez behintzat epe laburrean.

Autogintza gaizki dago, eta altzairu erosle handia da. Nabaritzen duzue?

Bai, nozitzen dugu. Gure bezero sektore nagusiak autogintza, eraikuntza, energia eta industria makineria dira, hurrenkera horretan. Eta ,geografikoki, Alemania eta Frantzia. Alemanian, zehatzago, autogintza, eta bai, ahul dago. Auto elektrikoaren auzia ere hor dago, altzairu gutxiago erabiltzen baitu. Konbustio auto batek 900-1.500 kilo altzairu behar du; elektrikoak, aldiz, 500-1.000 kilo artean.

Txatarra falta omen da.

Defizitarioak gara txatarrean. Altzairua egiteko bi bide daude: bat, labe garaia, burdina minerala moldatzen duena, eta bestea, txatarra erabiltzen duena. Munduko joera txatarrarena da, labe elektrikoena. Txatarra beharko duen enpresa kopurua asko handituko da, eta hor eskari-eskaintza legea da. Txatarra lehengai urria izango da etorkizunean.

Txatarra al da urre berria?

Hori esaten dute sektorean. Luzera begira, stock arazo bat egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.