Mozketak egingo dituzten argitzeko eskatu die Muñozek alderdiei

Bozen atarian, «kalkuluak» alde batera uztea eta haien proposamenak garbi uztea galdegin die ELAko buruzagiakAinhoa Etxaidek uste du greba orokorrak «alternatiba zabaltzeko» balioko duela

Hilaren 26ko grebak gobernuen politika aldatzeko helburua duela diote ELAk eta LABek . LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
«Denok berdin egingo duzue? Leloak alde batera utzita, euskal politikan Raxoik agintzen duena egingo da?». ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek interpelazio zuzena egin die euskal alderdi politikoei, irailaren 26rako greba orokorrera deitu duten sindikatu eta gizarte eragileek egindako agerraldian. Muñozek alderdiei ohartarazi dienez,«desobedientziarik gabe, ez dago berezko politikarik, ezta gizarte politikarik ere». Hala, urriaren 21eko bozei begira, «kalkuluak» baztertzea eta haien proposamenak «argitzea» galdegin die ELAko buruak. Espainiako Gobernuaren neurriei «men» egitekotan, Euskal Herriko indar politikoek «alternatibarik ez dagoela» onartuko lukete.

Muñozek uste du Espainiako azken bi gobernuek gizarte eta lan arloetan hartutako neurriak «estatu kolpe antisozial bat» direla. Ildo berean, Espainiako konstituzioaren erreformak, Aurrekontuak Orekatzeko legeak, «zor pribatua zor publiko bihurtzeak» eta hainbat lege onartu izanak helburu bat dutela adierazi du ELAko idazkari nagusiak: «Administrazio publikoen zeregina aldatu nahi dute, ahulei babesa kendu eta banku zein espekulatzaileei dena emateko». Neurri horiek hartuta ere, klase politikoaren gehiengoa «ergela» dela ukatu du Muñozek. «Ez, erosita daude, botere ekonomikoaren soldatapean». Horrez gain, egungo egoera «gizarte larrialdi» gisa definitu du, eta gogorarazi du abiarazitako politikek «langabezia eta pobrezia» sortzen dutela. «Horren aurka, gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu, ez gaitzaten gizarte bazterketara kondenatu».

Muñozek adierazi du grebaren bitartez sindikatu eta gizarte eragileek «duintasun pertsonala eta kolektiboa» aldarrikatu gura dutela. «Ez dugu nahi gure esparru soziala basamortu bihurtzerik».

«Alarma egoeran»

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek greba orokorrera deitzeko arrazoi nagusi bat eman du: «Herritarren eskubideak inoiz ez bezala murrizten zituzten erabakiak hartu zituzten; erabaki horiek inposatu nahi dizkigute, eta ez ditugu onartzen». Etxaidek ohartarazi du «indar guztia» jarriko dutela Espainiako Gobernuak martxan jarritako neurriak Euskal Herrian ezar ez daitezen. Haren aburuz, hastear den ikasturtea oso garrantzitsua izango da. Izan ere, uste du datozen hileetan «jokoan» egongo dela hurrengo hamarkadetan indarrean egongo den gizarte eredua: «Neurriak ez dira egoeraren araberakoak, egiturazkoak baizik».

Hala, Etxaidek nabarmendu du euskal langileak «alarma egoeran» daudela, eta gaineratu du «behar-beharrezkoa» dela egoera horri buelta ematea. «Gobernuak politika guztiz aldatzera behartzen baditugu bakarrik gertatuko da hori». Xede hori lortu ahal izateko, garrantzi handia eman dio greba «ahalik eta modu bateratuenean» deitzeari. Horrez gain, ukatu egin du egoera «hauteskunde batzuekin bakarrik» konponduko dela, euskal alderdiei zeharkako erreferentzia eginez. Gizartea mobilizatuz politikak alda daitezkeela aldarrikatu du Etxaidek, eta «politika bideragarri bakarrak» murrizketak direla gezurtatu. «Jendea miseriara kondenatzea hautu politiko bat da».

Etxaidek oso larritzat jo du «galerak sozializatzea eta bankuei, berriz, irabaziak pribatizatzen uztea». Hala, finantza erreformaren bitartez «espekulazioarekin sortutako zabor guztia diru publikoarekin» erostea leporatu dio Espainiako Gobernuari. Horren aurka, irailaren 26ko greba orokorrak «alternatiba zabaltzeko» balioko duela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.