Espero zen, eta baieztatu da. Ekonomiaren hazkunde erritmoa moteltzeko joera indartu da udako hilabeteetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan BPG barne produktu gordina %2,6 handitu da uztailetik irailera, aurreko hiruhilekoan baino hiru hamarren gutxiago. Eurogunean, berriz, urte arteko tasan %1,7 handitu da ekonomia, aurreko hiruhilekoan baino bost hamarren gutxiago.
Loraldia zenbat luzatuko zen izan da galdera nagusia azken urteotan. Egia da aurreko bi urteetan ere ekonomiak bultzada galtzea espero zela, baina ez zen sekula gertatu. Oraingo honetan, abiadura, bai, galtzen ari da; baina, honezkero, aurreikuspen makroekonomiko guztietan aintzat hartzen zen halako gertaera bat.
Eusko Jaurlaritzak, behintzat, garrantzia kendu nahi izan dio Eustat Euskal Estatistika Erakundeak atzo aurreratutako emaitzari. «Ekonomiaren moteltzea, bai, baina alarmismorik gabe», adierazi zuen Ogasun eta Ekonomia Sailak datuari buruz iritzia emateko ohar batean, atzo.
Urte arteko hazkunde tasa (%2,6) eta hiruhileko artekoa (%0,5) Iñigo Urkulluren gobernuak espero zituenak baino hamarren bat txikiagoak izan dira. Alde hori ez dela esanguratsua ziurtatu du departamentuak, eta adierazi du joerari erreparatu behar zaiola. «Argitu behar da ez gaudela atzeraldi egoera batean. Ekonomia hazten ari da, baina motelago», Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuaren hitzetan.
Eustaten arabera, eraikuntzaren eta zerbitzuen garapen onak sustatu du hazkundea uztailetik irailera. Horrek neurri handi batean konpentsatu du industrian eta lehen sektorean ikusitako «ahulezia». Estatistika erakundeak hilabete barru, azaroaren 29an, argitaratuko ditu hirugarren hiruhilekoari dagozkion kontu ekonomikoen xehetasunak. Nafarroako estatistika erakundeak gaur emango du uztailetik irailera bitarteko datu aurreratua.
Jaurlaritzak uste du nazioarteko ezegonkortasun giroa hasi zaiola industriari eragiten. Besteak beste, gerra komertziala, Italiaren eta EBren arteko tirabirak, eta «populismoaren hazkundea» aipatu ditu. Euskal industria «mesfidati» dagoela iruditzen zaio gobernuari, abuztuko esportazioen datua eta eskaera berrien jaitsiera ikusita. Aldiz, zerbitzuek —ekonomiaren bi heren ordezkatzen dituen sektorea— «oso bilakaera positiboa» dute.
Enpleguari dagokionez, urte batetik bestera %2 egin du gora, lanaldi osoko lanpostuetan neurtuta. Gutxi gorabehera, 18.800 lanpostu dira. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, lau hamarren hazi da enplegua. Datu horiek eskuetan, Eusko Jaurlaritzak uste du ekonomiak oraindik baduela «hauspoa» urtea amaitu arte enplegu hazkunde esanguratsuei eusteko.
Eurogunea, azpitik
Sei hilabetean hazkunde tasak puntu erdi bat galdu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Antzeko zerbait gertatu zaio euroguneko ekonomiari, baina, kasu honetan, datuak etsigarriagoak dira, abiapuntua ere eskasagoa zelako. Hiruhileko batetik bestera soilik %0,2 handitu da moneta bakarreko blokearen BPGa, ehunekorik eskasena 2014. urtetik, eta aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gutxiago izan da.
Urte arteko tasan, berriz, %1,7 hazi da BPGa eurogunean. Aurreikusitakoa baino txikiagoa izan da uztailetik irailerako emaitza. Batasun osoan antzeko jaitsiera gertatu da, baina handiagoa izan da hazkunde tasa: %0,3 eta %1,9, hurrenez hurren.
Eurostatek atzo emandako aurrerapenak Italia jarri du fokuaren azpian. Europako Batzordearekin polemika bizia du martxan Italiako gobernu berriak, heldu den urterako prestatu duen aurrekontu proiektua dela eta. Euroguneko ekonomiarik handienetan hirugarrena ez aurrera ez atzera geratu da urteko hirugarren hiruhilekoan, eta datuak, ziur asko, norgehiagoka horretan batzuk eta besteak elikatzeko bazka eskainiko du. Ekonomiak aparteko bultzada behar duela justifikatzeko balio ahal izango dio gobernuari, baina aurrekontuaren kalkuluak sinesgarri ez direla ohartarazteko argudio gehiago ere emango dizkio Bruselari.
Aldiz, Frantzian hazkundea indartu da udaren joanean. Frantziako ekonomia %0,4 hazi zen hiruhileko batetik bestera, aurreko bi hiruhilekoetan baino bi hamarren gehiago. Alemaniak ez du bere emaitza ofiziala jakinarazi, baina auto ekoizleei isuriak neurtzeko egin zaizkien azterketa berriek produkzioa moteldu dutela jakina da. Euroguneko hazkunde erritmoak puntu bat galdu du joan den urteko azken hiruhilekotik hona.
Moteltzea zabalduz doa
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa %2,6 handitu da uztailetik irailera, aurreko hiruhilekoan baino hiru hamarren gutxiago. Euroguneko hazkunde ekonomikoa eskasena izan da 2014. urtetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu