Berrikuntzan inbertitzeko ahalegina moteldu egin da Hego Euskal Herrian

Inoizko gehien gastatu arren, barne produktu gordinean duen pisua gutxitu da, eta %2tik beherakoa da berriz ere. 2030. urtean %3ra heltzeko helburua jarri dute instituzioek; Gipuzkoa dago gertuen.

BERRIA
Ikertzaile bat, makina bat berrikusten
jokin sagarzazu
2023ko abenduaren 1a
15:45
Entzun

Berrikuntza kostata ari da aurrera egiten Hego Euskal Herrian. Lau lurraldeetako enpresek eta instituzioek 2022an inbertitu zuten beste inoiz baino gehiago ikerketa eta garapenean (I+G): 2.183 milioi euro guztira, aurreko urtean baino 127 milioi gehiago (+%6,2). Kopurua «historikoa» litzateke baldin eta beste aldagai bat erabiliko ez balitz inbertsio hori neurtzeko: alegia, I+Gak barne produktu gordinean (BPG) duen pisua. Eta hori ez da inoizko handiena: %1,97 izan zen iaz. Berriz ere %2tik beherakoa, eta Europako Batasunak helburu duen %3tik oso urrun oraindik. Argazki hori erakusten dute INE Espainiako Estatistika Institutuak eta Eurostatek aste honetan ezagutarazitako emaitzek.

Ikerketaren garrantziari buruzko hitz politak gorabehera, inbertsioa poliki handitzen ari da Hego Euskal Herrian. Pandemiaren ondorioek, aurrena, eta ondorengo krisi energetikoak bultzatutako inflazio handiak, gero, moteldu egin dute berrikuntzan inbertitzeko asmoa. 2016. urtetik goranzkoa da joera, eta 2020an eta 2021ean ozta-ozta gainditu zen %2ko langa, baina berriz ere egin du atzera. Aurreko hamarkadaren hasierara joan behar da %2tik gorako kopuruak ikusteko. 2010etik 2013ra gertatu zen hori, baina hurrengo urteetan amildu egin zen inbertsioa, ekonomiaren atzeraldiarekin batera.

Erakundeek kopuru sinboliko bat dute xede: %3. 2007ko Lisboako Itunean, Europako Batasuneko estatu kide guztiek helburutzat jarri zuten 2010. urtean horra heltzea; hori ezinezkoa izango zela ikusita, 2020ra arte atzeratu zuten gero; orain, 2030ean iristea da asmoa. EBko lau herrialdek baino ez dute bete erronka, eta 25 eskualdek: ia guztiak Alemaniako eta eskandinaviar herrialdeetako gune industrialak. Dena den, EBn ere behera egin du inbertitzeko ahalegina 2022an —%2,22 da batez beste—, eta, beste bloke ekonomiko handienekin alderatuz gero, azpitik jarraitzen du. AEBek BPGaren %3,42 inbertitzen dute I+Gan, Japoniak %3,27, eta Txinak %2,41 —2020ko datuak dira, Munduko Bankuarenak—.

Europako herrialdeen artean, Euskal Herria goiko postuetan da. Hala ere, Hegoaldean soilik Gipuzkoa gerturatzen da %3ko helburura: iaz, %2,75 izan zen I+Gko inbertsioa BPGarekiko, Eustaten arabera. Bizkaian %1,83, eta Araban %1,49. Nafarroan, berriz, %1,68 izan zen, Nastaten arabera. Bizkaian apur bat moteldu da aurreko bi urteekin konparatuta, eta Nafarroan iazko datua azken hogei urteetako kaskarrenetarikoa da. Bizkaian eta Gipuzkoan, 2010eko hamarkadakoetara gerturatu dira; Araban, ordea, ez.

Gurdiari tiraka

COVID-19aren krisi betean, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen I+Grako inbertsioa Europako batezbestekoaren gainetik jartzeko, eta iragarri zuen urtetik urtera %6 igoko zuela aurrekontuetako diru saila —2024koetan %7,6 izango da igoera: 236 milioi guztira—. Aurtengo maiatzean, Eusko Legebiltzarrak, EH Bilduren ekimenez, diru sailak handitzea adostu zuen, «ahal dela» 2028an %3ko helburura heltzeko.

Hego Euskal Herriko I+Garen inbertsioek berezitasun bat dute. Nagusiki enpresek inbertitzen dute, baina ezinbestekoa dute instituzioen babesa. Inbertsio guztien %73,9 enpresek egiten dute: 1.613 milioi guztira. Aurreko urtean baino %4,3 gehiago. Ondoren, goi mailako irakaskuntzarena da inbertsio osoaren %18,1, eta Hegoaldeko administrazioena %7,7.

Hala ere, finantzaketa publikoa ezinbestekoa izaten da enpresentzat eta irakaskuntzarentzat: iaz, zuzenean zein zeharka I+Gn egindako gastu guztiaren %33 funts publikoekin finantzatu zen: bestela esanda, enpresek berrikuntzara bideratutako hiru eurotik bat administrazioetatik jasotzen dute.

Hego Euskal Herrian, nagusiki enpresa ertainek —50 eta 199 langile artekoek— inbertitzen dute I+G alorrean. Txikiek baino baliabide gehiago izaten dituzte berrikuntza sail bat izateko, eta alor horretan haien jarduna enpresa handien mende egon ohi da. Produktuekin loturiko berrikuntzetarako ez ezik, I+Grako diruak ere erabiltzen dituzte beste eremu batzuetan berrikuntzak ezartzeko —digitalizazioan, giza baliabideetan, marketinean...—.

%38

Emakumeak sektorean Hego Euskal Herrian, 27.793 pertsonak lan egiten dute berrikuntzari zuzenean dagozkion lanpostuetan: langile guztien %2 inguru. Horietatik %65 ikertzaileak dira. Sektoreko langile guztien %38,2 emakumeak dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.