Motelaldia «luzerako» izango dela ohartarazi du Gipuzkoako ganberak

Lurraldeko BPGak hazten jarraituko du, baina iaz bezala: %1,7 eta %2,2 artean. Enpresek inoiz baino gehiago esportatu zuten iaz: 10.000 milioi eurotik gora.

bazkunde
Gipuzkoako merkataritza ganberako arduradunak, asteartean egindako agerraldian. GIPUZKOAKO BAZKUNDEA
jokin sagarzazu
Donostia
2024ko urtarrilaren 30a
14:00
Entzun

Iazko urtea bezala, 2024a ere «ziurgabetasun eta exijentzia handikoa» izango da. Europako ekonomiak moteldu egin du hazkunde erritmoa, eta hala gertatzen ari zaio Euskal Herrikoari eta Gipuzkoakoari ere. Eta «luzerako» izango da hori. «Hazkunde moteleko garai luze batean sartuta gaude», ohartarazi du Mauricio Arregik, Gipuzkoako Bazkundeko presidenteak.

«Kezkarako» motiboak egon arren, mezu baikorra eman dute merkataritza ganberako arduradunek, iazko emaitzen eta aurtengo aurreikuspenen berri emateko egindako agerraldian. Azaldu dutenez, Gipuzkoako ekonomiak hazten jarraituko du aurten, iazko mailan gutxi gorabehera. 2023an %1,9 handitu zen lurraldeko BPG barne produktu gordina, eta aurten %1,7 eta %2,2 artean egitea aurreikusten dute. Eta hazten jarraituko du esportazioetan, inbertsioetan eta enpleguan. Bereziki lehenengo arloan; gainerako bietan iaz baino «erritmo apalagoan» izango dela uste dute.

Ganberak egindako inkestaren arabera, lurraldeko enpresen %25ek asmoa agertu dute inbertsioak handitzeko, eta %18k lanpostuak sortzeko. Inbertsioak hoztu izanaren arrazoi nagusitzat interes tasa handiak jo ditu merkataritza ganberak, eta espero du urtearen bigarren erdian horiek malgutzea. Esportazioei dagokienez, handiagoa da kanpoko salmentak igotzea espero dutenen enpresen multzoa: %43. Oro har, hamarretik zortzik esan dute jardunari eutsiko diotela edo hobetu egingo dutela. Sektoreen arabera, zerbitzuena da baikorrena —%90ek uste dute hazten jarraituko dutela—, eta merkataritza ezkorrena —%24k baino ez—.

Merkatu berriak

Arregik gogoratu duenez, ekonomia bereziki esportatzailea da Euskal Herrikoa, eta gaur egungo agertoki geopolitiko «ezegonkor eta konplikatua» erabat baldintzatzen ari da haren jarduna. Dena den, azpimarratu du Gipuzkoako enpresak oro har lan handia egiten ari direla merkatu berriak aurkitzeko, bereziki Europatik kanpo.

Historikoki kontinente horretan topatu dituzte bezero nagusiak, Frantzian eta Alemanian nagusiki. Eta hala da oraindik ere: esportazioen %70 Europara egiten dituzte. Baina Europako ekonomia azken urteetan erakusten ari den txakalaldiak bultzatu ditu bestelako merkatuak bilatu eta hazkunde hobea duten herrialdeetara jotzera, AEBetara eta Asiara.

Lan hori «izugarri ondo» egiten ari direla azpimarratu du Javier Zubiak, ganberako zuzendari nagusiak. Datu bat azpimarratu du. Iaz Gipuzkoako enpresek inoiz baino gehiago esportatu zuten: 10.000 milioi eurotik gora. %1,7ko hazkundea 2022arekin alderatuta. «Hori da gure ekonomiak eutsi izanaren arrazoi nagusietako bat», adierazi du Zubiak. «Denok dakigu zer herrialde ari diren hazten, eta denok ari gara horien artean sartzeko lehian. Meritu handia dute gure enpresek». 2022ko datuekin alderatuta, %3 gutxitu ziren Europara egindako esportazioak; Asiarakoak eta %18 Amerika iparralderakoak, aldiz, %26 handitu ziren.

Baina merkataritza ganberako txostenean badago gorriz azaltzen den datu bat: inportazioena. %8,7 gutxitu ziren iaz. Eta urtea negatiboan hasi da. Horri buruz galdetuta, ganberako arduradunek ez dute ezkutatu kezkatuta daudela. «Adi begiratu behar diogu horri». Horren atzean «hainbat arrazoi» egon daitezkeela adierazi du Arregik.

Ganberako presidenteak ez du izenik eman, baina ohartarazi du enpresa batzuk jarduera murrizten ari direla. Zubiak zehaztu duenez, «kontsumoarekin loturiko enpresak» dira nagusiki; alabaina, «epe luzeko eskaerak dituztenak» oro har ondo dabiltzala adierazi du, eta lurraldeko «enpresa traktoreak» horiek direla gogoratu.

Itsaso Gorriko egoera

Badago ganberako arduradunak kezkatzen dituen beste motibo bat: Itsaso Gorriko egoera. Zamaontzi askok handik igarotzeari utzi diote Gazako gatazkaren harira Yemengo milizia huthien eta AEBen artean pizturiko azken oldarraldiaren ondorioz —huthiek hainbat itsasontziri eraso diote—. Ganberak onartu du Asiarekin harreman komertzialak dituzten Gipuzkoako enpresak kezkatuta daudela egoerarekin.

Hornidura arazoak nabaritzen hasiak dira itsasontziak Hegoafrikako Esperantza Oneko lurmuturretik desbideratzearen ondorioz: atzerapenak izan dira garraioan, eta kostuek gora egin dute. «Alternatibak» bilatzen ari dira. «Pandemia garaian ere izan genituen hornidura arazoak Asiarekin, eta enpresa batzuk egoera baliatzen ari dira hornidura berriro lokalizatzeko aukerak aprobetxatzeko», azaldu du Zubiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.