Testuinguru ekonomikoa aldatzen ari da, eta, nola ez, enpresen kezkak ere bai. Inflazio tasa handiei aurre egiteko, interes tasak igo dituzte Mendebaldeko banku zentral gehienek, eta horrek balaztatu egin ditu inbertsioa eta hazkunde ekonomikoa. Hala ere, motelaldi garai betean Gipuzkoako enpresek 2023an 4.000 enplegu sortuko dituztela aurreikusi du Adegik, enpresekin hiru hilean behin egin ohi duen inkestan jasotako erantzunak ikusi ostean.
Izan ere, enpresen %91k enplegu maila «mantentzea edo handitzea» aurreikusten dutela adierazi du Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusiak. Enpleguari dagokionez, urtarriletik hona %50etik %40ra jaitsi da "lan kostu handien inguruko" ardura duten enpresen kopurua. Alabaina, absentismoaren gaineko kezka %10etik %17ra handitu da.
Aierzak ez du uste kontraesanezkoak direnik motelaldi ekonomikoa eta enpleguaren hazkundea. Izan ere, adierazi du enpresek epe ertain eta luzeari begiratzen dietela: «Inflazioa jaistearen helburua lortzen den heinean, %2ko hazkunde mailara itzuliko gara, eta pertsonak beharko ditugu. Pertsonak enpresen ardatz nagusietako bat dira».
Tasak, kezka berri
Inflazioak eta lehengaien garestitzeak markatu ditu pandemia osteko urteak, baina azken urtean interes tasen igoera gehitu zaie zerrendara. Urteetan oso txikiak izan dira interes tasak, baita negatiboak ere, baina EBZ Europako Banku Zentrala tasak igotzen hasi zen iaz, irailean %4,5eraino igo arte, inflazio handiari aurre egiteko.
Diruaren garestitze horrek asko zaildu du enpresen finantzaketa, baita inbertsiorako ahalmena ere. Hori dela eta, enpresarien kezka handienetako bat bihurtu da hori, Gipuzkoako enpresen %22ren buruhauste bihurtu baita. Aierzak adierazi du 2014ko urtarriletik ikusi gabeko mailan dagoela; izan ere, enpresen %13ren ardura zen hori.
Luis de Guindos EBZko presidenteordeak aste hasieran Donostian adierazi zuen interes tasak goia jotzen ari direla eta beheranzko joera hartuko dutela, baina iragarri zuen ez direla pandemia aurreko maila txikietara itzuliko. Adierazi du ez duela horrenbesteko informaziorik, baina Aierzak ere uste du ez direla %0ko edo maila negatiboko tasak itzuliko, «guztiz ezohikoak» izan baitziren.
Inbertsioa eta gordailuak
Ez da arau matematikoa, baina ohikoa da interes tasak handitzen direnean enpresen inbertsioak jaistea, finantzaketa garestitu egiten baita. Adegik ez die inbertsioei buruz galdetu enpresei, eta Aierzak adierazi du hori 2024 hasieran jakingo dela. Hala ere, aurreratu du txikitu egingo direla 2024ko inbertsio asmoak: «Aurtengo urtearekiko iazko aurreikuspenak onak ziren, baina garbi dago inbertsioari eragingo diotela interes tasa handiek. Bankuek ere esan digute mailegu eskaerak jaisten ari direla, baina logikoa da, efektu horixe lortu nahi baitute autoritate ekonomikoek. Normalena litzateke inbertsio maila jaistea».
Tarte hori ahalik eta laburrena izatea nahi du Aierzak, inflazioaren arazoa ahalik eta lasterrena bideratzeko eta «normaltasunera» itzultzeko: «Interes tasak gehiago igoko ez direla pentsatu nahi dugu, baina itxaron egingo dugu, hori ez baitago gure esku».
Diru politika murriztaileak bankuen bezeroen gordailuetara iristen hasi dira, finantza erakunde batzuk gordailuengatik bezeroei ordaintzen hasi baitira berriro. Aierzak hori areagotzea nahi du: «Finantza erakundeak ari dira pixkanaka tasa horiek beren gordailuetara helarazten, eta espero dugu hori aurrerantzean areagotzea. Berandu? Gauzak etortzen direnean etortzen dira. Hori ez dago gure esku, baina garbi dago norabidea hori dela».