Montorok ez du presarik

Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak Parlamentuan azaldu du apirilaz geroztik Madrilgo gobernuak ez duela borondaterik erakutsi negoziazioak aurreratzeko

Mikel Aranburua eta alboan, Maite Dominguez Hitzarmen Ekonomikokoko zerbitzuburua, atzo, Parlamentuan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2017ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Bi urteko atzerapena daramate, eta negoziazioak ez dira ezta hasi ere egin. Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak atzo Parlamentuan azaldu zuenez, Espainiako eta Nafarroako gobernuek hitzartu zuten azpibatzorde bat osatzea, 2015etik 2019rako ekarpenaren kalkuluaren negoziazio politikoa prestatzeko asmoz. Aranbururen esanetan, iragan apirilaren 22rako azpibatzorde horrek osatua behar zuen, baina Nafarroatik «behin eta berriz» eskatuagatik, Ogasun Ministerioak ez du ezer egin: «Estatuak ez ditu bere ordezkariak izendatu ere egin». Hartara, zortzi hilabeteotan ez da ezer negoziatu. Azken finean, Cristobal Montorok ez du batere presarik.

Izan ere, Espainiako Gobernuak denbora bere alde du. Akordioa lortzen ez den bitartean, 2010 eta 2014 epeko eguneratze indizea automatikoki aplikatu du, bere aldekoa baita. Nafarroako Ogasunak irailean aurkeztutako txosten baten arabera, foru erkidegoak 2015-2019ko epean gutxiago ordaindu behar luke, bere gain hartu gabeko eskumenen truke: 341 milioi gutxienez, eta 494 milioi gehienez —azken kopurua hitzartu gabe dagoenez, tarteko zifra batean mugituko da azken zifra—. Alta, aurreko epeko akordioa aplikatuta, Espainiako Gobernuak iaz 613 milioi euro erreklamatu zizkion.

Polemika Nafarroan

Jarrera horren inguruan, Aranburuk abenduaren 30ean iragarri zuen azken lauhilekoan 93 milioi euro gutxiago pagatuko zituela. Erabakiak hautsak harrotu ditu Nafarroan. Gobernua babesten duten lau indarrek Aranbururen «ausardia» txalotu dute, eta defenditu dute Nafarroak dagokiona ordaindu behar duela «eta ez gehiago». Aldiz, PPrekin bat egin du UPNk, eta negoziazioari begira ahultasuna erakustea leporatu dio Aranbururi.

Polemika dela-eta, atzo azalpenak eman zituen Aranburuk Parlamentuan. 2010etik 2014rako epean hainbat gatazka garrantzitsu piztu dira Nafarroaren eta estatuaren artean, eta, Aranbururen arabera, 2015ean bi aldeek komenigarritzat jo zuten auziok erabat ixtea: hala nola VWen BEZaren erreklamazioa Auzitegi Gorenetik kentzea. Behin hori argituta, iragan apiriletik aurrera azpibatzorde bat eratzekotan geratu ziren, baina zortzi hilabeteotan blokeatuta egon da elkarrizketa. «Ez da aurrera egin», azaldu zuen Ogasun kontseilariak.

Irailean, Aranburuk ulergarritzat jo zuen negoziazioak atzeratu izana, hauteskundeen errepikapenak eta Madrilgo gobernua osatzeko zailtasunek eskuak lotu egiten zizkiolako Montorori. Atzo zehaztu zuen azpibatzorde horren zeregina, hain justu, lan teknikoa aurreratzea zela. Harenustez, Nafarroako Ogasunak irailean aurreratutako txosten teknikoaren berri badu Ogasun Ministerioak, eta hainbat aldiz galdegin zaio blokeo egoerak zein ekarpena automatikoki kalkulatzeak Nafarroako finantza egoerari kalte nabarmena dakarkiola. «Urtero, diferentzia 90 milioi eta 250 milioi euro artekoa da», gogorarazi zuen Aranburuk, eta gaineratu zuen BEZaren doikuntzei dagokionez, Ogasunak ere «70 milioi euro gehiago» kalkulatu dituela Nafarroaren alde.

«Altxortegiaren egoera jasanezina da, eta nire betebeharra da behin-behineko ordainketa horrek eragin dezakeen kaltea eragoztea», arrazoitu zuen Aranburuk. Horregatik, «portu seguru batera» zihoala uste zuelako, foru gobernuak erabaki zuen Hitzarmen Ekonomikoaren 63.2 artikulua aplikatzea: 2016eko aurrekontuetan Nafarroak finkatutako 520 milioi euroko kopurua ordaintzea, alegia. Aranburuk argi utzi zuen 520 milioi edo 613 milioi «behin-behineko» kopuruak direla, eta soilik akordioa lortzen denean, doitu beharko direla 2015eko eta 2016ko behin betiko ekarpenak. «Bi aldeek borondatea dugu negoziazioari berrekiteko, behin betiko akordiora iristeko eta doitzeko kopuru guztiak».

Aurreko egunetan egin bezala, UPNk Aranbururen jokabidea kritikatu zuen, eta hitzarmen ekonomikoa ez betetzea leporatu zion. UPNko Juan Luis Sanchez de Muniainen arabera, «aldebikotasunari muzin egin dio» gobernuak, eta hitzartutakoa ez du bete. «Hori da larriena. Hemen kontua ez da hobeto edo okerrago negoziatzea. Hemen kontua da hitzarmenaren legea saihestu duela gobernuak, eta ahalbidetu egiten diozula beste aldeari hurrengoan akordioa ez betetzea».

EH Bilduko Adolfo Araizek erantzun zion aldebikotasun hori berez desorekatua dela: «Estatuari egoera honek ez dio inongo kalterik eragiten. Tamalez, zartagina bere eskuan dauka». Araizen arabera, iraganean bi aldeek euren kabuz jokatu izan dute, baina gatazka horietan «menpeko jarrera» izatea egotzi die UPNren aurreko gobernuei. 2014an, adibidez, Madrilgo gobernuak martxoan BEZaren likidazioan deskontatu zuen Nafarroak ekarpenean erreklamatutakoa. Aurten ere berdin joka dezakeela ohartarazi zuen.

Laster, lehen bilera

Aranburuk onartu zuen arrisku hori badagoela. Dena den, espero du elkarrizketak aktibatzea eta akordio batera iristea. Hurrengo astean lehen bilera bat izango dute. Era berean, UPN eta PPren salaketei erantzun zien: «Ekarpenaren auzia aritmetika kontua da. Ez dut ulertzen non dagoen arazo nazionalista...». PPko Ana Beltran protestaka hasi zela ikusita, gaineratu zuen: «Ziurrenik, egongo da, baina ez dakit zein nazionalismorena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.