Mondragonek urte ona izan zuen iaz, eta aurtengoa bide beretik hasi du

Kooperatibek 11.000 milioiren salmentak lortu zituzten iaz, eta %4 goitik ari dira lehen lau hilabeteetan. 70.500 langilek dihardute korporazioan.

Mondragon korporazioaren Kongresua. Artxiboko argazkia. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mondragon korporazioaren Kongresua. Artxiboko argazkia. ANDONI CANELLADA / FOKU
aitor biain
2024ko maiatzaren 24a
14:00
Entzun

Mondragon taldeak 2023ko emaitzak ezagutarazi ditu, eta erakutsi du hazten eta sendotzen ari dela oraindik. Arrasateko kooperatiba taldeak salmentak eta enplegua handitzea lortu zuen iaz, eta gai izan zen geopolitikak baldintzatutako «ekitaldi korapilatsu bat aise» gainditzeko. Aurten ere goranzko joera horri eusteko bidean dira, nahiz eta enpresek «ziurgabetasun testuinguruan» jarraitzen duten.

Taldeko kooperatibek 11.056 milioi euroren salmentak izan zituzten iaz, aurreko urtean baino %5,1 gehiago. Inbertsioak handitzeko apustuari ere eutsi dio kooperatiben elkarteak, eta, 2023an, korporazioko konpainiek egindako inbertsioak 369 milioi eurora iritsi ziren; 2022an baino %6,4 gehiago da hori. Taldearen emaitzek ere nabarmen egin dute gora: 1.486 euroraino iritsi dira irabaziak (+%34,7), zergak eta interesak ordaindu aurretik. Azken emaitza bateratua, berriz, 593 milioi eurokoa izan da (+%33,86).

Lanpostu kopurua handitzea ere lortu du taldeak, nahiz eta igoera apalagoa izan den. Ulma eta Orona taldetik atera zirenetik lehen aldiz, baina, 70.000 langileren langa gainditzea lortu du Mondragonek. Egun, korporazioko kooperatibek 70.500 pertsonari ematen diote lana.  

Nazioartea, gako

Industria arloko kooperatibek 27.487 langileri eman zieten lana 2023an, aurreko urtean baino 171 gehiagori. Bereziki Euskal Herriko lantegiek sortu dute enplegua, munduko gainerako fabriketan %2,6 murriztu baita lanpostu kopurua. Gaur egun, 9.854 langilek dihardute industria arloko kooperatibetan, Euskal Herritik eta Espainiatik kanpora.

Halaber, 5.036 milioi euroko fakturazioa lortu dute industria adarreko kooperatibek, irabaziak 256 milioi eurorenak izan dira, (+%3,9), eta 202 milioi euro inbertitu zituzten (+%2,4). «Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz», atzerriko merkatuetako salmentak dagoeneko fakturazio osoaren %75 da adar horretan. Egun, 104 filial produktibo ditu taldeak atzerrian.

Banaketan ere emaitzak hobetu ditu. Eroskik 5.729 milioiren salmentak izan zituen iaz (+%6,3), eta 109 milioiren irabaziak (+%70). Erkopeko nekazaritzako elikagaien lau kooperatibek, berriz, 290 milioi fakturatu zituzten, eta 6,4 milioiren emaitzak izan zituzten.

Laboral Kutxak ere mozkinak handitu ditu, iaz baino %48 gehiago irabazita, hots, 222 milioi euro. Sektoreko lidergoari eusten dio kaudimen mailari dagokionez. Era berean, Lagun Aro Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak ere bilakaera ona izan zuen, eta bere funtsaren errentagarritasuna %7,94koa izan zen.

Ekipo ondasunek ere eskaera zorroa «nabarmen handitu» dute enpresa askok, batez ere energia berriztagarriei eta espazioko industriari lotutako proiektuei esker. Ingeniaritza arloko kooperatiben salmentak ere %12 handitu dira, jasangarritasunari lotutako proiektuei esker. Autogintza alorreko kooperatibek, berriz, %14 handitu zituzten salmentak, eta, lau urte zailen ondoren, pandemia aurreko kopuruak gainditu dituzte.

Iñigo Uzin, Mondragoneko presidentea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iñigo Uzin, Mondragoneko presidentea. ANDONI CANELLADA

Uzinen agurra

Mondragonek uztailaren 17an egingo du kongresua, Bilboko Euskalduna jauregian, eta Iñigo Uzin Mondragoneko presidentearen azken agerraldia izango da. Zortzi urtez taldeko kooperatiba guztiak ordezkatzen dituen kontseilu orokorreko presidente izan ondoren, kargua utzi eta erretiroa hartuko baitu, joan den abenduan iragarri zuenez. Pello Rodriguezek ordezkatuko du abuztuaren 1etik aurrera.

Horrez gain, 2025-2028ko aldirako plana ere ere onartuko dute kongresuan. Hurrengo laurtekorako ibilbide orria izango da, zeinak Mondragoneko erakundeek beren proiektu estrategikoak garatzeko iparrorratz izan nahi duen. Pello Rodriguezek aurkeztuko du, eta Kongresuak onartu egin beharko du. Bide horretan, nolanahi ere, norabidea ongi jarrita dagoela erakusten dute orain arteko datuek, urteko lehen lau hilabeteetan salmentak %4,4 handitu baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.