Mondragonek industria babesteko neurriak eskatu dizkio Europari

Kooperatiba taldearentzat «urte oso ona» izan zen iazkoa. 11.200 milioi euroren salmentak lortu ditu, eta aurreko urteko emaitzak hobetu. Aurten ere emaitza txukunak espero dituzte. Elkarlana sustatzea funtsezkotzat jo du taldeak, etorkizuna bermatzeko.

Pello Rodriguez Mondragoneko presidentea, gaur, Bilbon egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pello Rodriguez Mondragoneko presidentea, gaur, Bilbon egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
aitor biain
2025eko otsailaren 25a
15:00
Entzun

Donald Trump AEBetako presidenteak garatu nahi dituen politika protekzionistak ikusita, Europako industria «babesteko» neurriak eskatu dizkio Mondragon taldeak Bruselari. Pello Rodriguez korporazioko presidenteak adierazi du erabakiak «bizkor» eta «berehala» hartu behar direla, Etxe Zuriko maizterrak hasi duen gerra komertzialaren albo kalteak Euskal Herriko enpresek ordaindu ez ditzaten: «Ezin gara zain geratu, albo batera eta bestera begira: Europak zerbait egin behar du».

Hurrengo lau urteetarako plan estrategikoa aurkezteko Bilbon egindako agerraldian egin ditu adierazpen horiek Rodriguezek. Abuztuan hartu zuen kargua, Iñigo Uzini lekukoa hartuta, eta hari egokitu zaio orain korporazioa 2028ra arte gidatuko duen bide orria martxan jartzea. Testuinguru nahasi batean egitea tokatuko zaio, laino beltzak ageri baitira Europako industriaren zerumugan. Euskal enpresen bazkide nagusiak, hots, Frantzia eta, batez ere, Alemania, ez baitira garairik gozoenean.

Horrek ezinbestean mugitu beharra eskatzen du, Rodriguezen hitzetan, eta neurriak azkar hartzea. Baina protekzionismoari protekzionismo handiagoarekin erantzutea ote den irtenbidea galdetuta, ñabardura egin nahi izan du: «Ez dugu esaten ateak itxi behar direnik. Badaude muga zergak ez diren beste neurri batzuk ere. Bertako enpresak laguntzeaz ari gara, eta neurri justuagoak aplikatzeaz».

«Ez dugu esaten ateak itxi behar direnik. Bertako enpresak laguntzeaz ari gara, eta neurri justuagoak aplikatzeaz» 

PELLO RODRIGUEZMondragoneko presidentea

Izan ere, Rodriguezek azaldu du, AEBek hasi duten gerra komertzialaz gain, Txina ere «lehia desleiala» egiten ari zaiola Europari. «Txinatarrak inbertsio handia egiten ari dira Marokon, eta min handia egiten ari dira Europako autogintzan. Txinako produktuentzat Europako sarbide bilakatu da, eta horrek ez du zer ikusirik Trumpen muga zergekin», ohartarazi du. Horri aurre egiteko neurrien artean, esan du Europan ezartzen diren enpresen kapitala mugatzea izan daitekeela aukeretako bat. Rodriguezen iritzian, horrek kapitalaren %100 kanpokoa izatea galaraziko luke. Eta gogoratu du Txinak, esaterako, hala egin izan duela. 

Mondragoneko presidenteak azaldu du muga zergei aurre egiteko lantegiak AEBetara eramatea ere ez dela irtenbidea, han ere langile kualifikatu falta dutelako. Baina ez du baztertu bat edo beste han jarri behar izatea. Oraintxe bertan, korporazioko kooperatibek bizpahiru lantegi baino ez dituzte han. Produktu gehienak esportatu egiten dituzte hemendik. Kooperatibek 3.500 milioi euroren esportazioak egiten dituzte urtean, eta horietatik 800 inguru dira AEBetara.

2025 ere, «eroso»

Mehatxuak mehatxu, Mondragoneko kooperatibak indartsu daudela erakusten dute datuek. 2024a oro har «urte oso ona» izan dela esan du Rodriguezek. Kontuak oraindik ixteko baldin badituzte ere, korporazioaren multzoan salmentak eta enplegua handitzea lortu dute. «Iazko urtea nota onarekin gainditu dugu». Alor guztietan hobetu dituzte datuak, oro har. Autogintza makal badabil ere, industria dibisioa %2,2 inguru hazi da, eta banaketarena, %2,8. Laboral Kutxak aurreko astean iragarri zuen %23 handitu dituela emaitzak. Horiek hala, taldearen fakturazioak 11.200 milioi euroren langa gainditu du 2024an.

datuak

11.200

Taldeko kooperatibek zenbat irabazi duten 2024an, milioi eurotan. Iaz baino 200 milioi euro gehiago dira. Oro har, alor guztietan hobetu ditu emaitzak, autogintzaren krisia nabaritu badu ere. 

 

45

Zenbat inbertitu duen taldeak start-up edo enpresa teknologiko berriak garatzeko, milioi eurotan. Beste hamabost milioi euroko funts bat sortuko du aurten. Helburua da baliabide propioak erabiliz negozio berriak sortzea. Aurten lau kooperatiba sortu nahi ditu. 

 

2025ari begira, berriz, Rodriguezek esan du «eroso» daudela, etor daitekeenari erantzuteko «gaitasuna» badutelako kooperatibek. «Urte ona izatea espero dugu. Dibertsifikatuta gaude, bai produktuei eta bai merkatuei dagokienez, eta uste dugu urte amaieran horrek lagunduko digula». Halere, ezegonkortasuna handia dela eta, esan du ezinezkoa dela asmatzea zer etorriko den.

Mondragonek argi du kooperatiben etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa dela elkarlana sustatzea, eta horretarako nazioartera are gehiago «irekitzeko» erronka jarri dio bere buruari, proiektu kooperatiboa ezagutarazi eta «errentagarriak izango diren negozio berriak» sortzeko helburuarekin. Hala dago jasoa, hain zuzen ere, 2025-2028 urte arteko bide orrian ere, zeina taldeko kooperatiba guztiek aztertu eta onartu duten.

Elkarlana oinarri

Interkooperazioarena letra larriz idatzita ageri da hurrengo lau urteetarako estrategian. Mondragonek «ekosistema berriak» eratu nahi ditu, negozioak egungo egoerara egokitzeko eta berriak sortzeko. «Enpresak errentagarriak eta etorkizunekoak behar ditugu. Negozio askok ez dute iraungo aldatzen ez baditugu. Baina beste negozio batzuk ere sortuko dira, eta hor adi egon behar dugu».

Helburua da sektore berrietara jauzia egitea: «Osasungintza, energia, nekazaritza… Teknologia badaukagu, eta hori negozioetara eraman behar dugu». Taldeak apustua egin du horietako batzuetan jada. Zibersegurtasunean jarduten duen Orbik eta adimen artifizialari lotutako Inkkia dira horren erakusgarri. Aurten beste bi sortzeko helburua jarri dio Mondragonek bere buruari, eta Rodriguezek esan du horretarako inbertsioak areagotuko dituela.

SEGURTASUNA BAI, ARLO MILITARRA EZ

Mondragonek sustatu nahi dituen negozio berrien artean armagintzarena egongo ote den galdetuta, Rodriguezek erantzun argia eman du: «Defentsa armagintza bada, ez: munizioa, balistika… gu ez gara hor egongo». Hala ere, zehaztu du ari direla jada segurtasunari lotutako hainbat arlotan lanean; esaterako, zibersegurtasunaren arloan edo hegazkingintzarenean,. «Hori defentsa da? Ez dakit, baina bagaude. Non ez gauden badakigu», azpimarratu du Rodriguezek.

Aurten jada 45 milioi inguru inbertitu ditu start-up edo enpresa teknologiko hasiberriak garatzeko. Beste 15 milioi prest ditu «estrategikoak» diren proiektuetarako, eta baliabide propioak erabiliko ditu horretarako, baina «ongi» aztertu nahi du dirua non jarriko duen. Kooperatiba «lehiakorrak» nahi baititu Mondragonek, hau da, enpresa liderrak edo liderrengandik gertu dabiltzanak.

Langile faltari aurre egiteko ere ezinbestekoa izango da elkarlana. Eta, Rodriguezek jakinarazi duenez, horretarako hainbat proiektu ditu martxan, ezagutzaren arloko kooperatibekin. Mexikon du horietako bat. Oinarrira, sorburura, begiratuta egin nahi du bide hori, edonola ere: Euskal Herriko enpresa talde handiena bihurtu duen balio kooperatibo funtsezkoenekin. Gaur egun, korporazioko kooperatibek 70.500 pertsonari ematen diete lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.