«Engainatu egin gintuzten; bazekiten Fagor Etxetresnak eta Edesa itxiko zituztela, eta balio gehien zuten aktiboak bereganatzeko erabili zuten denbora hori». Eskuratuk eta Ordainduk, Fagor Etxetresnen porrotean galdutako borondatezko ekarpenak, maileguak eta erretiro osteko ordainketak berreskuratzeko eratutako plataformek, salaketa jarri dute Bergarako epaitegian Mondragon taldearen aurka. Euskal Herriko industria talde handienari 47,8 milioi euro eskatzen dizkiote 959 inbertitzaileek, Fagor Etxetresnen porrotaren ondorioz aurrezkiak galdu zituztenen %94 inguruk. Badira tartean Mondragon taldearen kudeaketari esker gaur egun beste kooperatibetan lanean ari direnak ere, nahiz eta asko ez, «beldurrarengatik».
Ordaindu eta Eskuratuk akusazio larria egin zioten atzo Mondragoni etxetresnagilearen porrotaren harira. Haien arabera, Fagor Etxetresnak erori baino bi urte lehenago Mondragonek bazekien zer gertatuko zen,eta kooperatibistei «gezurra» esan zieten ekarpenen «diruak enpresan jarrai zezan» konkurtsoa prestatzen zen bitartean. «Konkurtso ordenatua izan zen. Gauzak prestatu egin zituzten, konkurtso desordenatuak eragin handiagoa izango zuelako; adibidez, Lagun Arori dagokionez», azaldu zuen Sunion abokatu bulegoko kide Raul Tenesek Donostian. «Mondragonek bere interesak lehenetsi zituen, eta langileenak eta erretiratutakoenak bigarren mailan utzi», erantsi zuen Naiara Herrero Ordainduko bozeramaileak.
Bulego horren bidez ipini dute auzi eske kolektiboa Mondragon taldearen aurka, jakinda Donostiako lan arloko epaitegiak garbi utzi duela Pedro Malagon titularraren ebazpen batean Fagor Etxetresnak autonomoa zela erabat, juridikoki independentea, eta Mondragonek ez duela ardurarik hartzekodunei begira. Mondragon da, izan ere, hartzekodun nagusia kooperatiba ohiaren konkurtsoan: gehien galdu duena, alegia.
Bergarako epaitegian jarri zuten salaketa aurreko ostiralean, Euskal Herrian mota horretakoa jarri den handiena eskatutako kopuruari dagokionez: 47,8 miloi euro Mondragonek iaz izandako fakturazioaren %0,5 dela esan zuen Raul Tenes abokatuak; «ez da hainbeste haientzat».
Mondragonek ez du oraindik salaketaren jakinarazpena jaso. Edonola ere, ikusteko dago tramiterako onartzen den prozesuaren hurrengo urratsak iritsi aurretik. Arrasatek garbi utzi du orain baino lehen bere jarrera auzi honetan: «Ez du zentzurik Fagor Etxetresnen ekarpenak guri eskatzeak», esan zuen orain urtebete, auzia itxitzat eman zuenean. Fagor Etxetresnen independentzia juridikoari erreparatu zion, eta gaineratu zuen erakunde gisa ez duela inolako gaitasunik eskaera horiei aurre egiteko.
Ez dago enpresa unitaterik
Izan ere, Mondragon taldea juridikoki babestuko lukeen hesi sendoa eraiki zuen Pedro Malagon epaileak Arrasatek betidanik aldarrikatu duen kooperatiben izaera juridiko independentea berretsi zuenean. Fagor Etxetresnen zorraren hartzekodunen aurrean nolabaiteko murrua da iazko ekainean kaleratutako ebazpena. Mila milioi eurotik gorako zorra Fagor Etxetresnak kooperatibarena da, eta ez beste inorena, haren arabera. Finean, epaileak esan zuen Mondragoneko kooperatibek ez dutela osatzen unitate bat. «Arautegiak hauspotzen dituen» kooperatiben arteko elkartasun mekanismoak ez dira enpresa unitate baten «erakusle», hark dioenez. Atzo, Tenes abokatuak esan zuen kooperatibetako langile askok enpresa batean baino gehiago lan egiten dutela, eta, hala, aditzera eman zuen unitate hori izan badela.
«Etxebizitzak galdu dira; alargunek beren bizitzako aurrezkiak galdu dituzte, eta nik neuk gurpil aulkian geratu ondoren jasotako kalte-ordaina galdu dut», esan du emozio betean Naiara Herrerok. «Mondragonek esaten zuena betetzen zen beti, eta kooperatibista gisa iruzur egin digute, modu okerrenean egin ere. Ez genuen uste sekula abandonatuko gintuztela».
Tenes abokatuak tesi hori elikatu zuen etengabe: «Mondragoneko zuzendaritzak Fagor Etxetresnei zutik iraunaraziko ziela sinetsarazi zuen, jakinda hori ez zela horrela izango»; hori da, hain zuzen, jarritako salaketaren oinarri juridikoa: Mondragonen ustez iruzurra inbertitzaileei Fagor Etxetresnen konkurtsoa prestatzen zen bitartean.
Abokatuak uste du salaketa horrek bidea ireki diezaiekeela beste hartzekodun batzuei, kooperatiba ezagunaren konkurtsoan asko baitira hartzekodunak, Mondragon bera handiena. «Jende honek konfiantza itsua zuen Mondragoneko zuzendaritzarekin, eta haiek ez zuten tratua bete. Jende honek ez zuen atera urtebete lehenago bere dirua, ahal zuenean, sinetsi egin zuelako Mondragonen hitza».
Mondragonek Fagorren konkurtsoa bi urtez prestatu zuela salatu dute
Ordaindu eta Eskuratu taldeetako 959 kidek 47,8 milioi euro eskatu dizkiote Arrasateko taldeari epaitegian.Auzi eskearen oinarria da Mondragonek «engainatu» egin zituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu