Mondragon Taldeak urtea «dezente ondo» igaroko duela uste du Iñigo Uzinek

Pandemiaren eraginez langile kopurua %3 murriztu dela aitortu du. Gelditzen den bidea gogorra izan daitekeela dio, baina basamortuaren amaiera ez dagoela urruti

JUAN HERRERO / EFE.
Irune Lasa.
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
«Gauzak aldatzen hasiko dira», uste du Iñigo Uzinek, Mondragon Taldeko presidenteak, nahiz eta osasun ikuspegitik gauzak oraindik «gogorrak» direla azpimarratu. Mezu baikorra eman zuen atzo kooperatiba taldearen buruak, Deustuko Unibertsitatean egindako agerraldian. Haren aburuz, «konfiantza» izango da aldaketarako eragile nagusia, pandemiaren «soluzio hurbil batek»ekar dezakeen konfiantza; izan ere,txertoei buruzko azken albisteak zituen Uzinek gogoan.

Mondragon Taldeak urtea «dezente ondo» bukatuko duela azaldu zuen, «martxoan edo apirilean sortu ziren beldur haiek nabarmen hobetu direlako». Konfinamenduko garairik gogorrenetan kooperatiba taldean jarduera %25era murriztu bazen ere, gaur egun %90ean ari dira.

Hori bai, portaerak desberdinak izaten ari dira alor bakoitzean. Horrela, banaketarekin lotutako kooperatibak «goitik dabiltza», eta alor industrialeko beste atal batzuk ere bai. «Industria alorra suspertu egin da neurri handi batean, automobilgintza eta etxekotresnen osagaiak suspertu direlako».

Badira ezin hobeto dabiltzan kooperatibak ere, «eta ez soilik osasun arlokoak; badaude kasu bereziak ere, Orbea bizikleta ekoizlearena bezala, zeinak eskari ikusgarria duen».

Koronobirusaren eragina «garrantzitsua» izan da kooperatibetan, eta «kezka handia» izan dela azaldu du Mondragoneko buruak. «Azkenean, basamortua igaro behar da, eta ez dakigu zenbat bide gelditzen den». Uzinen esanetan, egoerak ez zuen kooperatiba taldea modu txarrean harrapatu. «Basamortua zeharkatzeko kantinplora nahikoa betea genuen; gure langabeziarako lagun Aroko funtsak ondo hornituak genituen, eta horrek ere erresistentzia gaitasun handiagoa bermatzen dizu».

Basamortutik irteteko ordua orain ez du urrun ikusten Mondragoneko presidenteak. «Gelditzen den bidea oso gogorra izan daiteke, baina ez gaude urruti».

Hala ere, aitortu zuen taldearen langileria %3 murriztu dela, hots, 2.400 bat langile gutxiago ditu orain Mondragonek, guztira 82.000 inguru.

Uzinek gogoratu zuen egoerari aurre egiteko hainbat neurri hartu zituztela, tartean ordutegien moldaketak eta soldaten jaitsierak. «Gero atzera berreskuratu ahal izan dira, egoeraren bilakaeraren arabera».

Etorkizunera begira, zer gerta daitekeen ez daki kooperatibetako buruzagiak. «Gaurondo gaude, baina hurrengo urtean zer gertatuko den ez dakit. Birusaren portaeraren mende dago guztia, eta horrekin gertatzen denaren arabera, joango dira gauzak hobeto edo okerrago».

Etorkizuna baldintza dezaketen beste aldagai bati buruz ere aritu zen Uzin atzo Donostian, Europatik etor daitezkeen funtsei buruz. Diru horien banaketarako aintzat hartu diren gaiak«oso ondo» daudela uste du; bat datozela kooperatiba taldeak urtebete lehenago bere gizarte eta enpresa politikan ezarritakoekin; eta ona dela haien gaineko Europaren kontrola. Hiru proiektu handi aurkeztuko ditu Mondragonek Europako funtsetara, hiru lerroetan: digitalizazioan; energia eta ibilgailu elektrikoan, eta osasungintzan.

Iradoki zuen ere ez ote dagoen itxaropen handiegia jarrita funtsen inguruan; «denok uste dugu proiektu bikainak ditugula. Mondragonek funts horietatik dirua lortu edo ez, proiektuak egin egingo dituela baieztatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.